Urola Kostan “Euskara Sasoian!”

Asteartea, 2007ko martxoaren 6a

Urola kostako Udal Elkarteak bultzatuta Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako kirol elkarteetan euskararen erabilera sustatzeko ekimena da Euskara Sasoian!.

Egitasmoarekin 2001.urtean hasi ziren eta 2005ean EMUN aholkularitzak hartu zuen lanaren ardura.

Bost atal nagusitan dago banatuta “Euskara Sasoian!”:

  1. Sustapena: kirol elkarte guztiei gutuna bidaltzen zaie informazioa emanez, ondoren elkarrizketak burutzen dituzte eta azkenik diagnostikoa egiten dute elkarteak euskararen alorrean dituen hutsuneak identifikatuz.
  2. Diseinua: hurrengo pausoa hutsune horiei aurre egiteko ekintza plana diseinatzea izaten da.
  3. Hitzarmengintza programa: diagnosiaren eta diseinuaren arabera, elkarteak 4 hitzarmen ezberdinetan sailkatzen dituzte, A, B, C eta D motakoak. Horren arabera, jarraipen ezberdina izango dute: lehen hirurei jarraipen orokorra egiten zaien bitartean, D motakoek jarraipen zehatza izaten dute.
  4. Inplementazioa eta jarraipena: diseinuan aurreikusitako ekintzak aurrera eramateko fasea da hau, bai jarraipen orokorrekoekin baita jarraipen zehatzekoekin ere.
    Besteak beste honako ekintza hauek egiten dituzte: motibazio saioak (aisialdia euskaraz egiteak duen garrantzia azpimarratuz), formazio saioak (idazteko baliabideak eman, hiztegia landu…), itzulpen eta aholkularitza zerbitzu iraunkorra eman…
  5. Komunikazio plana: elkarteetan egindakoak herrietara zabaltzeko ekintzak egiten dituzte, hala nola, prentsaurrekoak, komunikabideekin elkarrizketak, hitzarmenak sinatzeko ekitaldi publikoa, prentsa dosierrak, web gunea…

Guztira 24 kirol elkartek parte hartzen du aurrez aipaturiko 5 herrietan: surf elkarteak, mendikoak, futbolekoak, ehiza eta arrantzakoak, urpekoak, arraunekoak, txirrindulariak… 2007an berriro ekingo dieten sustapen lanetatik ordea, elkarte gehiagok parte hartzea espero dute.

Aisialdian euskara sasoian jartzeko aurrerapauso bikaina!

Bidaltzailea: lantalan

Erantzun