Zegamako merkatariekin ahozko erabilera handitu nahian

Asteartea, 2011ko apirilaren 5a

Zegamako Euskara Planaren baitan 2007an herriko merkatarien diagnostikoa egin genuen merkatariak banan-banan bisitatuz. Diagnostiko horren ondorio nagusia hau izan zen: joera nabarmena zutela merkatariek gaztelaniaz hitz egiteko, nahiz eta denak euskaldun zaharrak izan.

Hizkuntza paisaiarekin zer ikusia zuten ekintzatxo batzuez gain, merkatariekin aurrez aurreko saio batzuk jarriko genituela martxan erabaki genuen merkatariekin eurekin, eta horrela 2008an lehen aldiz merkatarientzako 2 saio antolatu genituen. Kasu horretan idatzizkoa lantzeko helburua izan zuten, merkatariek eurek hala eskatu zutelako. Hiztegia, datak, orduak, oharrak… nola idatzi landu genuen. Arrakastatsuak izan ziren eta aurrerantzean ere zerbait egiten jarraitzeko asmoa agertu zuten.

Horregatik 2009an beste 2 saio antolatu genituen, bat idatzizkoa errepasatzeko eta bigarrena motibazioa lantzeko. 2008an ikasitakoa errepasatzeko aprobetxatu genuen lehen saioa, eta bigarren saioa merkatarien ahozko erabilera handitzera enfokatu genuen, merkatariak motibatuz eta ondo pasatzearekin lotuz. Helburua hau izan zen: merkatariak euren hizkuntza ohiturez jabetzea eta horiek aldatu beharraz jabetzea. Dinamika ezberdinak erabiliz saio polita egin genuen eta ondorio nagusi bat atera genuen: dendan gaztelaniaz gehiago egiten zela euskaraz baino, eta batez ere dendariak eurak zirela hori egiten zutenak. Oso balorazio ona egin zuten oraingoan ere, eta 2010ean saioekin jarraitzea erabaki genuen.

2010ean, beraz, ahozko erabilera horretan eragin nahian, jarraipena eman diegu aurreko saioei. Abiapuntua horixe izan da: dendan gaztelaniaz gehiago egiten dela euskaraz baino. Ordubeteko bi saiotan ohituren inguruan jardun dugu eta hauxe izan da landu dugun edukia:

  • Euskaraz eta gaztelaniaz hitz egiteko dauzkagun arrazoiak zerrendatu.
  • Ohituraz aldatzeko dauzkagun arrazoiak bilatu eta helburua adostu.
  • Euskaraz hitz egiteko arrazoien zerrenda handitu, arrazoi berriak aurkitu.
  • Arrazoi berri horiek nola jarri daitezkeen martxan ekintzen ideia bilketa egin.
  • Ekintzen aukeraketa egin.

Euskaraz hitz egiteko arrazoi berriak aurkitzerakoan bi arrazoiri heldu diegu batez ere saioetan bertan: bezeroek dendariari euskaraz hitz egitea eta dendariak euskaraz hitz egiteko joera hartzea. Bi arrazoi horiek gertatuko balira euskaraz gehiago hitz egingo luketela esan dute. Beraz, hori nola egin daitekeen merkatariek eurek esateko dinamikak egin ditugu. 30 ekintzatik gora bota dituzte eta ondoren aukeraketa egin dugu, lehentasunak jartzeko eta zein jarriko luketen martxan erabakitzeko.

Beraz, azken emaitza horixe izan da: merkatariek eurek diseinatu dute Zegamako Euskara Planaren baitan ze ekintza egin nahi duten herriko dendetako euskararen ahozko erabilera handitu dadin. 2011n bi ekintza jarriko ditugu martxan eta jarraipena egiteko saio bat egitea ere aurreikusi dugu.

Zorionak prozesu guztian parte hartu duzuen merkatari guztiei eta segi horrela!

Bidaltzailea: Uxune Alustiza, Emuneko teknikaria

Erantzun