Zure (norbere) hizkuntzan zaindua: NEL ikastaroa

Asteazkena, 2013ko otsailaren 13a

Adineko pertsonen zaintzan, hainbat premia ase egin behar dira: laguntza fisikoa, elikadura, garbitasuna, eta abar. Baina hauez gain, komunikatzeak ere garrantzi berezia du. Eta komunikatzea ez da bakarrik elkar ulertzea. Hizkuntzak funtzio garrantzitsua du. Neurri handi batean, emozioak, konfiantza, lasaitasuna, nork bere burua kokatzea, … hizkuntzarekin lotuta daude. Laguntza edo zaintza behar duen adineko pertsona batentzat traba handia da bere ohiko hizkuntza ezin erabiltzea.

Sektoreko langile asko Euskal Herrira etorri berriak dira. Hori dela eta, Tolosako Udalak, Banaiz Bagara elkarteak, Tolosaldea GLHBI-ko Ikasmina: eta EMUNek elkarlanean euskara ikastaroak antolatu ditugu, adinekoen zaintzan lan egiten duten etorri berri edo euskaraz mintzatzen ez den langile ororentzat. Horrez gain, otsailaren 19an mahai ingurua antolatu dugu Tolosako Kultur Etxean. Gaia honakoa izango da: Hizkuntzaren garrantzia adineko pertsonen zaintzan. Ekitaldia 19:30ean hasiko da eta honako hauek izango dira hizlariak: Xabier Mendiguren Bereziartu; Garbiñe Petriati (Hizkuntza Eskubideen Behatokia); Tolosako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako ordezkaria eta adineko pertsonen zaintzan esperientzia duen Matia Fundazioko ordezkaria.

NEL Tolosa (1)

EskuorriaNEL_Tolosa_2013_eusk_2

Otsailaren 25atik aurrera, sektoreko langileak eta sektore horretan lana bilatzen ari diren pertsonek hartu ahal izango dute parte.

Ikastaroan pertsonen zaintzan beharrezkoak diren elkarrizketa errazak irakatsiko dira baina baita hizkuntza berriekiko sentitzen den deserosotasuna gainditzen ere. Era berean, intuizioa erabiliz ulertzen, egoeraren arabera hitz egiteko modua egokitzen… erakutsiko diete parte-hartzaileei. Dena praktikan eta ahozko komunikazioan oinarrituta. Ikastaroa 14 saiotan banatuta egongo da, astean bi aldiz eta goizez.

Saioen gidariak EMUN eta Banaiz Bagara elkarteko ordezkariak izango dira. Ekimenak Tolosako udalaren eta Tolosaldea GLHBI-ko Ikasmina: herriz herri programaren babesa eta diru-laguntza du.

Ikastaroa dohainik da, baina plaza kopurua mugatua egongo da eta asistentzia eskatuko da.

Izen-emate epea zabalik dago jada, eta horretarako interesatuek honako telefono zenbakietara deitu dezakete:

TOLOSALDEA GLHBI:  943 651 147  ikasekin@tolosaldea.com

BANAIZ BAGARA elkartea  943 331 455 / 645 733 818 ninaizgugara@gmail.com

Erantzun