Zuzeneko ekintzak: pentsamenduan eragin, portaera aldatzeko

Osteguna, 2014ko urriaren 30a

Jarrerak aldatzeko estrategien inguruan jardun genuen Moti+batuko lantaldean. Motibazioa ekintzak abian jartzera mugiarazten gaituen indarra da, pertsona zerbait egitera bultzatzen duen barne prozesua. Beraz, portaerak aldatzea motibazioa landuz lortuko dugu. Baina zein estrategiarekin eragin jarrerak aldatzeko? Nola lortu euskararen aldeko jarrera sendoa izatea?

Hainbat ekintza egin daitezke jarreren aldaketa eragiteko: konpromisoak hartzea, pertsuasioa, eztabaidatzea, hausnartzea… hauen inguruko esperientziak partekatu genituen lan saioan parte hartu genuenok.

Jarreretan eragiteko bide zabalduenetakoa pertsuasioa da. Pertsuasio bide ezberdinak daude eta horien arabera, estimuluak modu kontziente ala inkontzientean jasotzen ditugu. Zuzeneko ekintzen bidez, pentsamenduan eragiten da eta lortutako jarrera aldaketak sendoagoak izan ohi dira.

Hemen zuzeneko ekintzen inguruan aipatu genituen ideia nagusiak:

  • Bizipenak konpartitzeko guneak sortzea eta jendeari entzutea da arrakasta gakoetako bat. Izan ere, pertsuasioa zentrala lantzeko norberak ezagutzen duen errealitatearen eta norberaren pertzepzioen gainean berba egitea izaten da abiapuntua. Partekatu genituen hainbat esperientzietan frogatu da, praktikaren gaineko hausnarketak egiteak, praktika horretan eragina baduela. Giroak ere garrantzia handia du eta kontuan hartu beharreko osagai batzuk aipatu dira: errespetua, norberaren iritzia adierazteko askatasuna, gertutasuna eta prestasuna.
  • Norbanakotik taldera: hausnarketa indibiduala egitea baino talde gisa hausnartzea eraginkorragoa izaten omen da. Izan ere hizkuntzaren hautua gehienetan ez da erabaki indibiduala izaten, taldearena baizik. Taldea motibazioa lantzeko gakoa bada, taldea trinkotu eta indartzea komeni dela ondorioztatu genuen. Taldekotasunaren printzipioaz gain, gune naturaletan egiten diren ekintzen eraginkortasuna handiagoa izaten dela azpimarratu zen.
  • Zuzeneko ekintzen hartzaileen inguruan ere jardun genuen. Izaera honetako ekintzak lortu nahi den helburuaren arabera (kontzientziadunak indartzeko, kontrakoak neutralizatzeko‚Ķ ) xede-talde bat edo beste izango dutela aipatu genuen. Beti ere, helburuaren eta hartzailearen arabera jardueraren formatua eta edukia moldatuta, zein diskurtsoa egokituta. Adibidetzat izan genituen irakaskuntzan haurrekin izandako esperientziak.
  • Ikuspegi baikorra transmititzean emaitza hobeak lortzen direla esatean ere bat gentozen. Horrekin batera, baita dinamika parte hartzaileak egitea emankorragoa dela.
  • Gogoeta saioetarako edukien gainean ere aritu ginen: eredugarritasuna, lidergoa, errekonozimendua, etab. lantzeko praktikak dira gaur egun zabalduenak.

Lan saioan egindako ekarpen guztietan islatzen zena zera izan zen: jarreren ostean pertsonak daudenez norberaren uste, jarrera eta portaeretan faktore askok eragiten dutela.

Erantzun