2007rako Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak

Asteartea, 2007ko otsailaren 20a

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) 2007an deialdi publiko bidez banatuko dituen diru laguntzen berri eman du.

Deialdi guztiak martxoaren lehenengo astean argitaratuko dituzte Aldizkari Ofizialean , eta ondorioz 2007ko lehen seihilekoaren barruan ebatzita geratuko dira. Horrekin euskalgintzaren eskariari erantzungo diote, ebazpenak orain arte urte bukaera aldera argitaratzen baitziren eta zenbait proiektu aurrera egin ezinda geratzen baitzen.

Deialdiak lagunduko dituen arloak honako hauek dira: sozio-ekonomikoa (lan mundua), hedabideak, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT), EBPN garatzea edo martxan jartzea helburu duten udalak, eta euskararen erabilera gizarte bizitzan oro har areagotzea helburu duten elkarteak.

Enpresa eta Udalentzat interesgarrienak diren bi arlori buruzko informazioa daukazue ondoko lerrootan:

1. Arlo sozio-ekonomiko pribatuan (enpresa munduan) euskararen erabilera sustatzeko deialdia

  • Norentzat? Enpresa pribatuentzat.
  • Zertarako? Euskararen erabilera plana egiteko edota jadanik egina dutena garatzeko. LanHitz programaren araberako euskararen erabilera planak izango dira diru laguntza jasoko dutenak.
  • Zenbat? 2.300.000 euro.

Iaz 120 enpresa izan ziren deialdi honen babesean diru laguntza jaso zutenak.

2. EBPNren (Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren) garapena udaletan

  • Norentzat? Udalentzat eta udal organismoentzat (mankomunitateak, patronatuak).
  • Zertarako? EBPN diseinatu eta martxan jartzeko, jadanik onarturiko EBPN garatzeko eta udal-administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko plana diseinatu eta martxan jartzeko.
  • Zenbat? 1.600.000 euro.

Iaz 97 udal-erakundek jaso zuten deialdi honen babeseko diru laguntza.

Martxoaren hasieran LanTaLanek diru laguntza hauen deialdia bere diru laguntzen atalean jasoko ditu.

Bidaltzailea: lantalan

Erantzunak

  1. HPSk Informazio eta Komunikazio Teknologietarako emango dituen diru laguntzen deialdia, hemen

Erantzun