Auzia Euskaraz proiektuaren fruituak

Osteguna, 2017ko uztailaren 6a

Auzia Euskaraz proiektua jorratzen hasi ginenetik ia 4 urte bete direnean, epaitegietan euskaraz egiteko baldintzak sortzen jarraitzen dugu. Poliki-poliki ari dira ereindakoaren fruituak bistaratzen.

Nagusiki, 3 arlotako lorpenak nabarmendu nahi ditugu:

Justizia Administrazioan diharduten eragileek eremu juridikoko edukiak euskaraz jasotzeko kanalak sortu ditugu; arlo horretan zegoen hutsunea bete ahal izan dugu proiektuaren hasiera-hasieratik. Eduki juridikoak sortu eta horien berri ematen dugu gure kanaletan (bloga, Facebook eta Twitter). Gainera, astean behin, pilula juridikoa zabaltzen dugu, eta, hilean behin, Auzia Euskaraz buletina.

Eragile juridiko euskaldunen lehenengo sareak sortu ditugu. Proiektuan parte hartzen ari diren eragileekin lanean jarraitzen dugu (abokatuak, prokuradoreak, epaitegietako langileak, epaileak, Justizia Administrazioaren letraduak…), eta, besteak beste, haien lana euskaraz egiteko baliabideak eskura jartzen dizkiegu: gidak, eToolbarra, APPa…

Euskara Emaileen Komunitateari dagokionez, tokian tokiko emaileekin martxan jarritako proiektuetan aurrerapausoak ematen jarraitzen dugu; hain zuzen ere, Bergara, Gernika, Tolosa eta Amurrioko epaitegietan. Horiez gain, aurreikusten dugu EAEko beste bi justizia jauregitan proiektu bana martxan jartzea, eragile guztien artean neurri zehatzak adostuta, urratsak egiteko prozedura judizialetan euskara normalizatzeko.

Fruituak jasotzen ari gara, eta horren lekuko dira azken urteotan erregistratutako euskarazko demanden kopuruaren eta euskaraz emandako epaien hazkundeak. Kontuan hartu eta segi aurrera!

Auzia Euskaraz lan-taldea

Erantzun