Buruntzaldeko hausnarketaren berri

Asteartea, 2008ko martxoaren 4a

Buruntzaldeko udalak 2005etik lan munduan euskara planak sustatzeko ekimenak garatzen ari dira. Honen inguruko gogoeta saio bat egiteko, pasa den astean mintegi bat antolatu zuten aipatutako udalek. Egitasmoa ezagutzen dugun lan munduko hainbat eragilek hartu genuen parte: sindikatuetako ordezkariak, politikoak, euskara plana martxan jarri duten zein ez garatzea erabaki duten enpresetako ordezkariak, komunikazioan adituak, aholkularitza enpresak…

LanTaLaneko beste albiste batean aurkeztu genizuen bezala, Buruntzaldeko udalek mintegi bat antolatu zuten udalek egiten duten sustapen eta komunikazio proiektuen gainean hitz egiteko helburuarekin.

Egitasmoari buruzko eta orain arte egindakoaren berri eman ondoren, gaur egungo arlo sozioekonomikoaren inguruko hausnarketa egin zen bertan, etorkizunean garatu nahi diren ekimenak definitzeko eta oro har, enpresengana eta erakundeengana zuzentzen garenean erabili beharreko mezu eta diskurtsoen gainean hausnartzeko.

Goizean hainbat hitzaldi entzuteko aukera izan genuen.
Lehenik, Joan Guardia, Kataluniako UGTko Kultura Esparruko Teknikariaren hitzak entzun genituen, sindikatu honek 1989tik hizkuntzaren normalizazioan egindako ibilbideaz mintzatu zelarik.

Barne prozesuaren edukiak eta esparru sozio-ekonomikoaren eta inguru sozio-politikoarenak aztertu zituen: lidergoa idazkaritza orokorrak eraman zuela, boluntariotzan oinarritutako hastapenak izan zirela eta beste hainbat hausnarketa mahai gaineratu zituen, entzuleen arreta erraz bereganatuz.

Euskal Herriko errealitatean zentratuz, Ana Urkiza idazle eta komunikazioan adituak, euskara planak martxan jartzeko arazo eta onuren gaineko hainbat ideia adierazi zituen.

Enpresetako arduradunek, euskara plan bat abian ez jartzeko aipatzen dituzten arrazoi nagusiak gogorarazi zizkigun eta horren aurrean, enpresarien hizkuntza, diskurtsoa barneratu eta beraien terminoetan eta lengoaian harremanak izatera animatu gintuen. Hala nola, kalitate, berrikuntza, kudeaketaren garrantzia, negozioa, erantzukizun soziala… izan ziren aipatutako ideia batzuk. Honekin batera, enpresa buruen aurrean onurak kuantifikatzeari ere garrantzia handia eman zion.

Goizeko aurkezpenen artean, euskara plana martxan jarri duten enpresa bateko ordezkaria eta bestalde, diagnostikoa egin eta planarekin aurrera ez jarraitzea erabaki zuen beste enpresa bateko ordezkariak ere izan zuten hitza.

Euskara Plana 2006an diseinatu eta ordutik plana inplementatzen edo garatzen ari den enpresako ordezkariak, dibertigarri eta motibatzaile gisa definitu zuen proiektua. Lehenagotik ere ahaleginak egiten zituzten euskararen erabilera areagotzeko, baina ez modu planifikatuan. Bezero nahiz langileen artean euskararen presentzia handitu ahal izateko, planak aukera paregabea eskaini die.

Hasiera batean ikusten zituzten arazoak aipatu zituen:

  • Arazo ekonomikoak batetik: enpresa txikia izanik, baliabide ekonomiko eta pertsonalak nahiko mugatuak dira. Indarrean dauden diru laguntzei esker, arazo honek indarra galdu du.
  • Bestetik, kooperatiba izanik eta ez dutenez oso egitura burokratizatua, oso gogorra egiten zitzaien lankide erdaldunei ahalegina eskatzea. Hala ere, onartu zuen euskara planak modu erosoan lagundu diela hasieran aurreikusitako arazo honi aurre egiten. Lankide erdaldunen parte hartzea modu naturalean lortu ahal izan dute eta oso gustura ari dira denak, ordezkariaren esanetan.

Planarekin aurrera ez egitea erabaki zuen enpresako ordezkariaren aurkezpena historikotzat baloratu genuen batzuk, aitzakiarik gabeko arrazoiak era zintzoan adierazi baitzituen.

Honakoak izan ziren aipatutako batzuk:

Arlo pertsonalean euskararen sustapenean lan egiten duen pertsona den arren, enpresa mailan, beldur handia ematen zion gaiak. Diagnostikoa egin zuten baina hausnarketa horretatik ondorioztatu zuten adibidez:

  • Irudi korporatiboa euskaratu eta aldatzeak galtzekoak ekarri zitzakeela.
  • Barne harremanetako gune formaletan, gaztelania erabiltzen dute eta zailtasunak ikusten zituzten horri buelta emateko.
  • Lan egiten duten sektorea dela-eta, langile euskaldunak kontratatzeko ere zailtasunak izaten omen dituzte.
  • Beldur eta konplexu pertsonalak ere onartu zituen uneoro.
  • Momentu honetan euskara plana martxan jartzeko arrazoia derrigortasuna izango litzakeela aipatu zuen.
  • Euskararekiko beraien jarrera ona da eta pena handiz, plana ez garatzea erabaki zuten.

Ongi etorri zitzaigun bertaratu ginen guztioi horrelako adierazpenak entzutea. Hausnarketa ere egin genuen arratsaldean, goizean esandakoak lantzeko eta ateratako ondorioekin Buruntzaldeko udalek lanean jarraitzeko asmoa adierazi zuten.

Beharrezkoa baita batzuetan, gelditu, atzera begiratu, egindakoa aztertu eta ingurukoena entzutea aurrera modu egokian jarraitzeko.

Egoera aldatu nahi badugu, egoera ezagutu behar dugulako!

Bidaltzailea: Buruntzaldeko udalak

Erantzun