Dbus: euskara planaren bilakaera

Asteartea, 2012ko martxoaren 20a

Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzak, EMUNen lankidetzarekin “Euskara Entitate Publikoetan” izeneko jardunaldia antolatu zuen 2012ko otsailaren 2an Arabako Teknologia Parkean, Miñaon. Jardunaldi hau antolatu da Sozietate Publiko eta Zuzenbide Pribatuetako erakunde Publikoen arloan euskara planak garatzeko esperientziak konpartitu eta beharrak eta iritziak antzemateko helburuarekin.

Arratsaldeko saioan, DBUSek bere esperientzia eman zuen berri Artium Zentro-Museoa, Kalitatea Fundazioa eta EITBrekin batera. Izan ere, DBUS erakunde publiko handien artean (500 langile) lehenengoetarikoa izan zen euskara modu sistematikoan bultzatzeko erabakia hartzen.

Ezeren aurretik, konpainiari buruzko hainbat datu eskainiko ditugu.

1886ean sortu zen Donostiako Tranbia Konpainia (Dbus), eta iazko irailetik bete-betean dago murgilduta 125. urteurreneko ospakizunetan. Hasiera batean enpresa pribatua bazen ere, 1981etik udalaren kapitalak finantzatzen du %100ean. Gaur egun, 470 langile dauzka, horietatik 370, gidariak, eta 120 autobus erabiltzen ditu martxan dauzkan 36 lineak hornitzeko.

Azken estimazioen arabera, donostiar bakoitzak 157 bidai egiten ditu autobusean urtean, (arlo honetan, Europako bataz besteko altuenetakoa du Donostiak). Erabiltzaileek Dbusen zerbitzuekiko azken inkestan agertu duten gogobetetze maila 7,60 izan da.

Euskara plana:

2005ean hartu zen euskara modu sistematikoan garatzeko erabakia eta euskararen egoeraren diagnostikoa egitearekin batera, lehen euskara planaren diseinua abiatu zen. Honen aurreneko egitekoa euskara planaren MISIOA zehaztea izan zen. Misioak batasun maila handia lortzea beharrezkoa zen, zuzendaritza eta langileen ordezkariak asebete behar zituelako eta, horretaz gain, konpainiako langileak eta erabiltzaileak hartu behar zituelako aintzat. Zailtasunak zailtasun, hau izan zen adostutako MISIOA

Behar diren baldintzak lortu DTK-ko langileek, euren lanean eta enpresarekiko harremanetan, euskaraz ere komunikatu ahal izan daitezen. Modu berean erraztu gure zerbitzuen erabiltzaileek, euskara ahalik eta gehien erabili ahal izatea. Horretarako, hizkuntzen errespetuan eta gure inguruarekiko konpromisoan oinarrituta, euskararen erabilera  garatuko dugu sistematikoki

Planaren ibilbidea hasi zenetik, bi epealdi estrategiko agortu dira jadanik eta hirugarrenaren atarian gaude. Jarraian, epealdi bakoitzaren puntu garrantzitsuenak zerrendatuko ditugu:

  1. Epealdi estrategikoa: 2005-2009: “Plana abiatu”

Lehen fase honetako gakoak plana ezagutaraztea eta ondorengo urteetako oinarriak zehaztea izan dira, funtsean. Garai honetan ezarri zen planak gaur egun mantentzen duen egitura:

Funtsean, planaren arduradunaren eta teknikariaz gain, bi batzordek daramate gidaritza nagusia: Sailetako arduradunen batzordeak zuzendaritza mailan, eta Batzorde Iraunkorra Enpresa Batzordeko ordezkariekin. Hauei guztiei Donostiako Udal Euskara Patronatuaren laguntza teknikoa gehitu behar zaizkie. Izan ere, elkarlan iraunkorra lortu da azken urteotako harremanari esker.

Egitura finkatzeaz gain, hauek izan daitezke lehen fase honen lorpen garrantzitsuenak:

  • Itzulpen sistema definitu
  • Dokumentazioa euskaraz eta gaztelaniaz jarri eta honen jarraipena sistematizatu
  • Kanpo irudia zaindu
  • Hizkuntza ofizialak erabiltzeko jarraibideen lehen lanketa egin
  • Lehen euskara eskolak antolatu  DBUSen eta euskaltegietako matrikulazio kanpainak  bultzatu
  • Autobusen atalen hiztegia sortu
  • Gidarien euskarazko elkarrizketa liburuxka egin

2009an ekin zitzaion bigarren epealdi estrategikoari. Laburbilduz, hauek izan dira epe honetako lorpen nagusia:

2. Plan estrategikoa: 2009-2011: “Plana egonkortu”

  • Hizkuntza ofizialak erabiltzeko jarraibideak onartu eta aplikatzen hasi: eskuliburua egin eta langile estrategikoen artean banatu
  • Euskararen txokoa  sortu langileen atarian
  • Euskara ikasteko laguntzak eta metodoak ugaritu
  • Lehen aldiz gidarientzako barne formazioa euskaraz egin
  • Autobusen atalen hiztegia sortu
  • E-mail eta oharrak egoki idazteko eskuliburua sortu bulegoko langileentzat

Une honetan, 3. Epealdi estrategikoa (2011-2015) abiatu berri du Donostiako Tranbia Konpainiak, eta hauek dira epealdi honetarako ezarri diren erronka nagusiak:

  • Mintza laguna antolatu DBUSeko langileen artean
  • Material lagungarriak sortzen jarraitu
  • Bikain ziurtagiria lortu
  • Euskara ikastaroekin jarraitu aukerak zabalduz (on line plataforma bidezko ikastaroak…)
Bidaltzaileak: Igor Gonzalez (Dbus-eko administrazio eta pertsonal burua eta euskara planaren koordinatzailea) eta
Mikeldi Zeberio (EMUNeko teknikaria)

Erantzun