Enpresen hizkuntza-kudeaketari buruzko IV. Mintegia burutu da

Asteartea, 2009ko azaroaren 3a

Laugarren urtez jarraian, 30+10 Mintegia burutu zen urriaren 22an Elgoibarko Makina-Erreminta Institutuan, IMHk eta Ahize-AEK hizkuntza-aholkularitzak antolatuta. Bertaratu ziren 85 lagunek 15 hitzaldiren artean aukeratu ahal izan zuten, eta gustukoen zitzaizkienetan parte hartu.

Gainera, aurten egindako berrikuntzei esker, bertaratzerik izan ez zutenek ere internet bidez jarraitu ahal izan zituzten areto nagusian burutu ziren hitzaldiak, eta txat bidez ekarpenak egin, hala nahi izan zutenek. IKT taldeko lankideek jasotako datuen arabera, 256 sarrera izan zituen mintegia transmititzen ari zen guneak, horietatik 60k saioak jarraitu zituzten, eta aldi berean konektatuta izan ziren entzuleen kopururik handiena 22 lagunekoa izan zen.

Ohi bezala, ebaluazio-galdetegia pasatu zitzaien bertaratutakoei. Balorazio orokorra ona izan zen, aipatzekoa da hizlari guztiek jaso zutela “mediatik” gorako puntuazioa. Artikulu honetan guztien berri ematea luze egingo litzaiguke, beraz, batzuk aukeratu ditugu hona ekartzeko. Guztien berri jaso nahi duenak IMHko webgunera jo dezake. Bertan ditu aurtengo eta aurreko urteetako irudiak eta dokumentuak. Jarraian ditugu baloratuenak izan ziren bost hitzaldien erreferentziak.

Euskara plana ingurune erdaldunean: Garbialdi SAL. _Iñaki Ziarrusta_, ARTEZ EUSKARA ZERBITZUko teknikaria.

Hizlaria komunikatzaile ona izanik, lortu zuen entzuleak irabaztea. Garbialdi enpresaren kasua aurkeztu zuen, eta, bide batez, ingurune erdaldunean dauden enpresetan eman beharreko oinarrizko urratsak proposatu: euskararekiko beldurra uxatu, kontzientzi hartzea eta motibazioa lantzea. Garbialdik bere errealitatera egokitu ditu landu dituen helburuak, eta emaitza onak lortu ditu: Bikain beltza 2009an, Hizkuntza politika adostu, estilo liburuak, poltsiko hiztegiak, trebakuntza-eskolak

Publizitate eta komunikazio agentzia euskalduna izatearen apustua Bilbon. Izaskun Aranbarri, DOBLE SENTIDOko Bezeroen Kudeatzailea.

Ongi baloratua izan den bigarren aurkezpena ere ingurune erdaldunean kokatutako enpresa batena da. Enpresa hau 1986an sortu zen gaztelaniaz. Egun, langileen erdia euskal hiztunak dira, eta bi hizkuntzetan lantzen dituzte proiektuak. Lana bi hizkuntzetan pentsatuta egiten dute, ez itzulpen bidez. Lan egiteko era horrek balio erantsia ematen diela uste dute. Zilarrezko Bikain ziurtagiria lortu du 2009 urtean.

Nafarroako Kutxaren hizkuntza garapena eta Gizarte-Erantzukizuna: interes-taldeen esperientzia positiboa. Xabier Erize, Nafarroako Kutxa. Berrikuntza eta Estrategiaren Garapena.

Nafarroako Kutxa enpresa-proiektu interesgarria garatzen ari da azken urteetan. Nork ez ditu ikusi telebistako iragarki eta bulego berriak? CANek RSCaren bidetik jo du. Kutxaren jarduerak eragindako interes-talde guztiak hartu nahi ditu kontuan, eta haien arteko adostasunak lortzea bilatzen du. Horrek guztiak enpresari onura dakarkiolako. Hizkuntza-garapenak toki naturala du ikuspegi horretan. CANek tresnak eskaini dizkio bezero bakoitzari bere komunikazio-hizkuntza bermatzeko. Dagoeneko 14.484 dira euskaraz aritzeko aukera edo elebiduna hautatu dutenak.

Hizkuntzen garapen iraunkorra eta enpresen nazioartekotzea. Abel Irizar, EMUNeko proiektu-arduraduna eta aholkularia.

Hizlariak ikerketa eta hausnarketa lan interesgarria aurkeztu zuen. Kasu honetan ere Enpresaren Gizarte Erantzukizunaren bidetik jo zuen. Hizkuntza-garapen iraunkorra dator ondo konbinatzetik, batetik, eremu handiko hizkuntzen ezagutza, eta, bestetik, taldeko hizkuntzen biziraupena. Hau da, ondo planifikatzetik zertarako erabiliko diren hizkuntza handiak eta zertarako txikiak. Bestalde, enpresek negozio aukera berriak galduko dituzte, hizkuntza politika iraunkorrak garatze ez dituzten bitartean.

Don Boscoko Lanbide Heziketako Ikasleen Lantokiko Prestakuntza Euskaraz. DON BOSCO GLHBI, OARSOALDEKO EUSKARA BATZORDEA eta AHIZE-AEK hizkuntza aholkularitza.

Kasu honetan hiru izan ziren hizlariak, eta Lanbide Heziketa euskaraz ikasten ari direnek ikasketa prozesua osorik euskaraz burutu ahal izateko martxan jarri duten proiektu pilotu baten berri eman zuten. Orain arte euskaraz egin izan diren praktikak zorizkoak izan dira. Proiektu honen helburua da protokolo bat ateratzea, horrela, prozesua sistematizatu, eta beste eskualde edo ikastetxeetara esportatzea. Prozesua: Enpresak hautatu, enpresen praktika alorraren diagnostikoa, helburuak eta ekintzak adostu, gauzatu, praktikak gauzatu eta proiektuaren ebaluazioa. Garrantzitsutzat jo zen eragileen arteko elkarlana, eta proiektuan Eusko Jaurlaritza eta Udaletxeak egotea.

Laburtutako horietaz gain, hauek dira hobekien baloratu diren beste lau hitzaldiak:

Hizkuntzen kudeaketa enpresetan: aukera eta erronka. Eduardo Zubiaurre, ADEGIko Presidentea.

ELAN.cat: ekonomia katalanaren behar eleanitzen analisia. Miquel Strubell. UOC – Linguamon Eleaniztasunaren Katedra.

Bi kanalen bidezko Komunikazioa Fagor Arrasaten: euskara hutsez eta elebitan. Juanjo Ruiz eta Eliaz Zumalde, EMUNeko teknikariak FAGOR ARRASATEko hizkuntza normalkuntzarako lanetan.

LINEE proiektua: Hizkuntza Kudeaketa Europa Erdialdeko enpresa multinazionaletan. Jiri Nekvapil, CHARLES UNIVERSITY, PRAGAko irakasle eta ikerlaria.

Goiza amaitzeko, eta luntxaren aurretik, mahai-ingurua antolatu zen. Euskadi irratiko Antton Aranburuk gidatu zuen, eta bertan parte hartu zuten hizlarietako askok. Saio hau ere internetez eskaini zen zuzenean, eta IMHren webgunean eskegita izango du ikusi nahi duenak.

Orain hiru urte, 2006 urtean abiatutako egitasmo honek Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Elgoibarko Udalaren laguntza izan du urtez urte, eta, dagoeneko, hurrengo urteko mintegia prestatzen hasia da lantaldea. Hitzordu berria: 2010eko urriak 21, ostegunarekin. Proposamenik izanez gero, harremanetan jarri, eta mezua bidali bi helbide hauetara: edurne@imh.es eta mikel-u@ahize.aek.org.

Bidaltzailea: Mikel Urdangarin, Ahize-AEK hizkuntza-aholkularitza eta Edurne Bilbao, IMHko komunikazio arduraduna

Erantzun