EraLan2: lidergoa euskararen erabilera areagotzeko tresna gisa erabiltzea helburu

Asteartea, 2009ko martxoaren 3a

 

 

 

 

 

 

EraLan ikerketa-proiektuaren bidez ikasitakoa abiapuntu hartuta, Soziolinguistika Klusterra arloko beste eragileekin batera 2008-2010 urteetan lantzen ari den proiektua da Eralan2.

Oraingoan, helburua lidergoa ikertzea izango da, modu honetan: Hizkuntza normalizaziorako planak onartuta dituzten lan munduko erakundeetan –publiko zein pribatuetan– euskararen erabileran eragiteko lidergoa aldagaia lantzeko metodologia diseinatu eta probatuko dugu.

Zehazki, bi xede ditu proiektuak:

  1. Batetik, hizkuntzaren eraldaketa prozesuetako lider mota ezberdinak sortzeko (euskara teknikaria, euskararen aldeko taldea, lider informalak eta lider instituzionalak), antolatzeko eta eraginkortasuna lortzeko estrategiak lantzea. Lidergo-kateak nola landu aztertuko dugu.
  2. Bigarrenik, hizkuntza eraldaketa prozesua bideratzeko liderrak erabil dezakeen diskurtsoaren lanketan sakonduko dugu, lider exekutiboek darabilten diskurtso-moldeetarako argudio-bateria sortzea da helburua.

Honako lantaldeak osatzen du proiektua:

Zuzendaria: Nekane Goikoetxea

Koordinatzailea: Oihana Lujanbio (Soziolinguistika Klusterra)

Proiektu taldea:

  •  Mikel Urdangarin (Ahize-Aek)
  • Helene Armentia (Elhuyar Aholkularitza)
  • Elias Zumalde (Emun Koop. E.)
  • Maider Gaztaka (Artez)
  • Mikel Irizar, (Gipuzkoa Donostia Kutxa)

Garapen Taldea:

  • Mikel Urdangarin (Ahize-Aek)
  • Maider Gaztaka (Artez aholkularitza)
  • Maite Alvarez de Zarate, Aitziber Gabikaetxebarria (Bermeoko Udala)
  • Helene Armentia (Elhuyar Aholkularitza)
  • Elias Zumalde (Emun Koop. E.)
  • Izaro Ugalde (Gipuzkoako Foru Aldundia)
  • Mikel Irizar, Imanol Miner (Gipuzkoa Donostia Kutxa-Emun)
  • Aitziber Madrazo (LAB Sindikatua)

2008an lidergoari buruzko formazio-saioak antolatu ditugu Garapen Taldeko erakundeentzat. 2009an lidergoaren bidez euskararen erabileran eragiteko interbentzioak garatuko dituzte erakunde hauetan, eta 2010eko udarako esperientzia hauetatik ondorioak atera eta txosten batean biltzea da asmoa.

Esan bezala, gauzatutako lehen pausoa ikerketa- proiektuaren 2 xede nagusien inguruan prestakuntza jasotzea izan da. Formazio-saioak Martin Ugalde Kultur Parkean izan ziren, 2008ko abenduaren 4 eta 12an. Honako hau izan zen edukia:

LIDERGOA ETA LIDERGO-KATEAK. KOKAPEN TEORIKOA ETA PRAKTIKA ONAK

  1. Kokapen teorikoa: lidergo eraldatzailea. Juanjo Arrospide, Daniel Hermosilla, UPV-EHU
  2. Praktika ona: Euskaliten esperientzia, lidergo partekatua. Galder Lasuen, EUSKALIT.
  3. Praktika ona: Coaching-a eta lidergoa. Aurkene Redondo, ENBOR.

LIDERRENTZAKO DISKURTSOA LANTZEN

  1. Euskara eta EGE (Enpresen Gizarte Erantzukizuna). Alazne Mujika, Maite Altuna eta Itziar Navarro, Deustuko Unibertsitatea.
  2. Ekolinguistika.
    1. Hizkuntzen garapen iraunkorra. Pablo Suberbiola, Soziolinguistika Klusterra – HIZNET
    2. Proposamen ekolinguistiko bat FAGOR E.E.ren Nazioartekotzerako. Abel Irizar, EMUN.
    3. Euskararen balio erantsia. Fermin Lazkano, IMH

EraLan2-ko Garapen Taldearentzat interesgarri izan dena hedatzeko, saioetako hitzaldiak grabatu genituen eta Soziolinguistika Klusterraren web gunean dira ikusgai, erabilitako aurkezpenekin batera.

Proiektuari buruzko informazio gehiagorako: www.soziolinguistika.org/eralan eta oihana@soziolinguistika.org

Azkenik, Eralan2 proiektuari buruzko tailerra antolatu zen 2009ko otsailean II. Euskal Soziolinguistika Jardunaldien baitan. Bertarako prestatutako aurkezpena ere hemen duzue:Lidergoa Eralan2

Erantzun