Euskara Merkataritzara, Ze Berri aldizkarian erreportajea

Asteazkena, 2017ko apirilaren 19a

Euskararen sustapenerako Nafarroako udal-arteko aldizkaria da Ze Berri, eta bere helburua da erdaldunei euskara hurbiltzea, hizkuntza eta euskal kultura ezagutu dezaten, eta aurreiritziak, beldurrak, kezkak… alde batera utz ditzaten.

Aldizkaria sortzearen ideia 1994. urtekoa da, eta 14 udal eta hiru kontzeju izan ziren bultzatzaileak, beraien Euskara Zerbitzuen bidez. Gaur egun aldizkaria nabarmen zabaldu da, 95.510 aleko tirada du –Nafarroako tirada handiena duen aldizkaria bihurtuz- eta parte hartzen duten udalerri gehienetan postontzietara iristen da*. Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bitartez, diruz laguntzen du proiektua eta, horretaz gain, hitzarmen bat sinatua du Nafarroako Unibertsitatearekin 2013tik.

Apirileko zenbakian, besteak beste, “Iruñerriko Euskara Merkataritzara” programaren gaineko erreportajea irakur daiteke, eta Emuneko Haritz Goikoetxea eta Joseba Beltza teknikariei egin zaie elkarrizketa: “Programa honen helburu nagusia da euskararen presentzia areagotzea merkataritza alorrean. Horretarako merkatari eta ostalariei eskaintzen zaie errotulazio finko edo aldakorra (ordutegia, merkealdiak…) euskaraz edo elebiz jartzeko aukera edota behar dituzten itzulpenak egitea. Harrera oso ona izaten da gu joaten garelako aldez aurretik programan izena eman duten establezimenduetara. Honetaz gain, saltoki zabaldu berrietara ere jotzen dugu eta programa zertan datzan azaldu eta parte hartzera gonbidatzen ditugu”.

Horrez gain, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren, Bai Euskarari Ziurtagiriaren eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren elkarlanaren fruitu den baduzu euskal kontsumitzaileen klubaren berri ere ematen da erreportajean. Egitasmo horren helburua da euskaraz saldu eta erosi nahi dutenak saretzea eta harremanetan jartzea, euskarazko kontsumo komunitatea eraikitzea eta aktibatzea. Horretarako, baduzu.eus-ek 4.000 establezimenduren berri ematen digu. Geolokalizazioari esker, norberari gertuen dituenak azaltzen zaizkio lehenik. Horretaz gain, erabiltzaileek establezimenduak baloratu eta berriak gehitzeko aukera izaten dute eta foro batean haien ekarpenak egin ditzakete.

* Parte hartzen duten toki entitateak honako hauek dira: Uharte, Aibar-Oibar, Antsoain, Anue Ibarra, Agoitz, Aezkoako Batzarre Nagusia, Aranguren, Atarrabia, Barañáin, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Galarko Zendea, Auritz-Erroibar-Orreaga-Luzaide-Artzibar, Eguesibar, Estella-Lizarra, Esteribar, Ezkabarte, Lizoainibar-Arriasgoiti, Longida, Irunberri, Irantzu Mankomunitatea, Izarbeibar Mankomunitatea, Noain-Elortzibar, Orkoien-Oltzako Zendea-Etxauri, Orotz-Betelu, Iruña, Gares, Erronkariko Batzarre Nagusia, Zaraitzuko Batzarre Nagusia, Sakanako Mankomunitatea, Zangoza, Urrotz Hiria eta Zizur Nagusia. Udalerri horietara guztietako postontzietara iristen da, Ilunberri, Noain-Elortzibar eta Iruñan salbu, bertan banaketa selektiboa egiten baita eta Iruñeak zenbaki guztiak etxean jaso ahal izateko harpidetza eskaintzen du.

Erantzun