Hizkuntza lidergoa aztertzen

Asteazkena, 2010eko azaroaren 10a

Soziolinguistika Klusterrak EraLan egitasmoa abian jartzea erabaki zuenetik dagoeneko 4 urte pasatu dira. Urte hauetan guztietan, proiektua aurrera eramateko sortutako Garapen Taldean, makinatxo bat eztabaida, hausnarketa, ikerketa… konpartitu ditugu. Orain arte egindako lanak bi zati izan ditu eta bakoitzak bere emaitzak eman ditu.

Lehenengo ekitaldian erakunde bateko euskararen normalizazio prozesuan zer aldagaik duten eragina aztertu genuen eta identifikatutako faktore guztiak definitu eta zerrendatzera iritsi ginen. Horretarako, Iñaki Markok berariaz sortutako EPEsA metodologiaz baliatu ginen.

Bigarren ekitaldian, berriz, aldagaien amaraun horretatik bakar bat aukeratu dugu, lidergoa, ustez, sare guzti horretan eragin oso garrantzitsua duelako. Euskararen erabilera normalizatzeko lidergoak jokatzen duen papera aztertu dugu. Lider motak, lider kateak ,lider naturalak, eredugarritasuna, kontzientzia, konpetentzia, koherentzia… bezalako hitzak jira-bueltaka izan ditugu uneoro. Gaiaren inguruan teorizatzen jardun dugu bai, baina baita teorizatutako hori praktikara eramaten ere, hipotesiak bota eta frogatzen saiatu gara.

Teorizatutakoa praktikara eramate horretan Fagor Ederlan eta Emunen artean ekimen bat jarri genuen abian. Erakundeko organigraman liderrak direnak euskara normalizatzeko prozesuan ere lider izateak duen garrantziaz jabetuta, lidergotza hori nola jokatu hausnartu dugu.

Landu nahi izan duguna ez da berria, nobedosoa; aurretik ere egin izan dira hainbat ahalegin, baina oso gutxitan lotu izan dugu lidergoa hizkuntza kudeaketarekin. Elkarren ondoan eseri, formazioa jaso, hausnartu eta euskara normalizatzeko lider batek izan behar duen portaeraz jardun dugu. Liderrak kontzientzia, konpetentzia eta koherentzia ezinbesteko osagai dituela ikusi dugu. Konturatu gara enpresako bestelako gestioan liderrak direnak euskararen erabilera normalizatzeko lanetan ere lider izan daitezkeela; eta ez hori bakarrik, bestelako gestioan liderrak direnak euskararen erabilera normalizatzen lider papera jokatzen badute, prozesuak asko irabazten duela, urrats sendoagoak emateko aukera eskaintzen duela. Beste era batera esanda, liderren portaera linguistikoak, beste batzuen aurrean eredugarri izateak, euskararen garapenean urrats sendoagoak ematea ahalbidetzen du

Soziolinguistika Klusterrak, azaroaren 17rako, Mondragon Unibertsitateko Huhezi Fakultatean antolatutako jardunaldi irekian bide horretan egin dugun interbentzioaren berri emango dugu. Jakin badakigu, egin dugun urratsa abiapuntua besterik ez dela, baina aurrera egiteko ezinbesteko hausnarketa delakoan gaude.

Bidaltzailea: Elias Zumalde, Emuneko teknikaria

Erantzun