Hiztun guztiak garrantzitsu, hiztun diren heinean

Asteartea, 2012ko azaroaren 6a

Artikulu honetan Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko hiru langileren autobiografia linguistikoa jaso dugu. Bakoitza mota bateko hiztuna da, lehenengoak euskara modu naturalean ikasi du, haurtzaroan, etxean, familian; bigarrenak euskara bigarren hizkuntza gisa ikasi du, ez familian, eta orain naturaltasuna lortu bidean ari da euskara ikasten. Eta hirugarrenak, euskara etxetik dakarren arren, ez du ibilbide kulturala egin lanean hasi arte.

Iturria: http://es.dreamstime.com/silueta-personas-negras-thumb8572290.jpg

Gure alabari euskaraz egiten diogu

32 urte inguru ditut eta Tolosaldean jaio eta bizi naiz. Euskara etxean ikasi nuen, txikitan, nire ama euskalduna da baina, aitak euskara galdu zuen, gure inguruko hainbati gertatu zitzaien moduan. Ikastolan euskaraz ikasi nuen eta ingeniaritzako lehenengo maila ere euskaraz egin nuen. Ondoren, Bartzelonara joan nintzen nire ikasketak amaitzera, Master bat egin nuen eta klaseak katalanez izaten ziren, han ulermen maila bat lortu nuen, nahiz eta nahiko galduta daukadan.

Orain alaba bat daukat eta euskaraz egiten diogu, lanean ere gehien bat euskaraz egiten dugu bai departamentuan, baita klaseetan ere.

Zerbait galtzen nuela sentitzen nuelako hasi nintzen euskara ikasten

31 urteko mutil Gasteiztarra naiz. Irakasle eta ikertzailea eta momentu honetan euskaltegian nabil euskara ikasten. Euskararekin izan nuen lehenengo harremana eskolan izan zen, haur hezkuntzan hain zuzen, baina lehen hezkuntza gaztelaniaz egin nuen. Guraso eta familia erdaldunekoa naiz. Unibertsitateko ikasketak ere gaztelaniaz egin nituen, EHUn ikasi nuen ingeniaritza eta ondoren, Doktoretza egin nuen ingelesez.

Lanean hasi aurretik ez nuen euskararekin inolako harremanik izan, eta unibertsitatean konturatu nintzen euskaraz ez jakiteagatik zerbait galtzen nuela. Batez ere, ikasle askok euskaraz egin nahi zidatelako eta nik ezin nielako aukera hori eman. Hau horrela, doktoretza-tesia aurkeztu bezain pronto, euskara ikasten hasi nintzen euskaltegian, orain dela urte eta erdi hain zuzen. 2011ko abuztuan barnetegian egon nintzen eta irailean departamentuko lankideei nirekin euskaraz egiteko eskatu nien euskara praktikatzeko gune bat edukitzeko. 2012an nire lehenengo ikasgaia eman nuen euskaraz, egia esan, ikasleek asko lagundu zidaten eta esperientzia honek euskara hobetu eta gehiago ikasteko balio izan zidan. Nire etorkizuneko erronka euskara gaztelania bezain ondo hitz egitea da.

Etxean soilik erabiltzen nuen euskara, orain lanerako tresna da

50 urte inguruko elorriotarra naiz, euskara etxean ikasi nuen, baina, eskolan eta koadrilan beti egin izan dugu gaztelaniaz.  Ingeniaritza ikasketak gaztelaniaz egin nituen eta fakultatean lanean hasi nintzen ondoren. Garai hartan, gaztelaniaz egiten genuen lan; dokumentuak gaztelania hutsean egiten genituen, bilerak ere gaztelaniaz izaten ziren, baina, lehenengo euskarazko klaseak eskaintzen hasi ginen mekanikaren arloan. Gaur egun, bilera asko eta asko euskaraz egiten ditugu, gure ikasleek euskaraz ikasten dute eta dokumentuak euskaraz daude. Azken urteetan euskararen presentzia areagotu egin da. Honen ondorioz, etxean soilik erabiltzen nuen euskara, lanerako tresna bilakatu da.

Bidaltzailea: Edurne Gonzalez, Emuneko teknikaria

Erantzun