IP telefonia eta hizkuntza kudeaketa

Asteartea, 2010eko abenduaren 21a

Erakunde batean hizkuntza kudeaketarako hainbat tresna erabili daitezkeela esaten dugunean, burura etortzen zaizkigunak betiko tresnak izaten dira: itzulpen memoriak, glosategiak, eta abar. IMHk aurten antolatu duen 30+10 mintegian gure telefono zentralita hizkuntza kudeaketarako nola erabiltzen dugun azaldu dut

Hizkuntza berez komunikatzeko erabiltzen dugun tresna bat da, eta gaur egungo gizartean, gaur egungo ekonomian, ahozko komunikazioan erabiltzen dugun tresna garrantzitsuena telefonoa da. Hau dela eta erakunde guztien gastuetan garrantzi berezia izaten du atal honek: gero eta handiagoa den gastua, gero eta gehiago erabiltzen den baliabidea.

Azken urteotan teknologia berriak sartu dira merkatu honetan. Guztiontzako ezaguna den skype tresnak erakutsi zigun posible zela Internet bidez ahotsa mugitzea, IP protokolarean gaineko ahotsa (VoIP )erabiltzea hain zuen ere.

IMHn bi urte daramatzagu teknologia honetan oinarritzen den Asterisk soluzioa erabiltzen. Asterisk VoIP zentralita bat martxan jartzeko softwarea da, eta software librea izanik hainbat abantaila eskaintzen dizkigu. Librea izateak kostuak asko merketzen dizkigu, eta hortaz aparte pertsonalizazioa eta integrazioa ahalbidetzen ditu. Honi esker gure hizkuntz politikak zituen beharretara egokitu, eta datu interesgarriak lortu ahal izan ditugu.

Azken bi urteetako datuak pilatu eta gure bezeroekin ditugun telefono harremanak aztertu ditugu. Emaitza interesgarria da: gure bezeroek gurekin hitz egiteko aukeratzen duten hizkuntza gehienetan euskara da. Datu hauen aurrean argi geratzen zaigu hizkuntz kudeaketa garrantzitsua dela “ere” ekonomia aldetik, gure bezeroengana gehiago urbiltzeko aukera ematen digulako.

Aurtengo 30+10 mintegiko leloarekin bat egiten du beraz: It’s the economy, stupid.

Bidaltzailea: Peio Arreitunandia, IMH

Erantzun