Kontsumitzaileen hizkuntza eskubideen alde urrats berriak eman ditu Jaurlaritzak

Asteartea, 2008ko irailaren 9a

EAEko kontsumitzaileen hizkuntz eskubideak bermatzeko dekretua argitaratu zuen uztailean Eusko Jaurlaritzak (123/2008 DEKRETUA, uztailaren 1ekoa, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzkoa). Kontsumitzaileari informazioa euskaraz eta gaztelaniaz emango zaiola bermatu behar dela dio dekretuak.

Jaurlaritzak estimatutakoaren arabera, dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko 2000 enpresa ingururi eragiten dio eta merkatu kuotaren % 45eko bolumena suposatzen du. Dekretuaren aplikazio eremutik kanpo gelditzen direnak batez ere enpresa eta saltoki txikiak dira.

Baldintzak eta epeak ezartzen dituen dekretuak zehaztutako betebeharretara hurbiltzeko, progresibotasuna eta malgutasuna oinarri izango direla aipatu dute Jaurlaritzako ordezkariek eta enpresa eta saltokiak dauden tokiko errealitate soziolinguistikoa aintzat hartuko dute.

Zehazki enpresa eta saltoki mota hauek aipatzen ditu dekretuak:
* Erakunde publikoak, zerbitzuak edo produktuak zuzenbide pribatuko araubidearen arabera ematen dituztenak.

  • Komunikazio eta telefonia enpresak.
  • Trenbide eta errepideko garraio publikokoak.
  • Bidaiarien aire-garraio eta lehorreko asistentzia zerbitzuak.
  • Energia elektrikoa eta gas naturala hornitzen duten enpresak.
  • Etxebizitzak saldu eta alokatzen dituzten profesional enpresa eta eraikuntza lanen sustatzaileak.
  • Kreditu erakundeak.
  • Merkatal guneak.
  • Saltokiak. Esparru honi dagokionez, honako ezaugarriren bat dutenak hartzen ditu aintzat dekretuak: 250 langiletik gora eta urtean 50 milioi €ko negozio bolumena izatea. Salmenta gunearen azalera 400 m koadrotik gorakoa izatea eta kokatuta dagoen zonaldearen elebidun tasa % 33tik gorakoa izatea edo Bilbo, Donostia eta Gasteizen kokatua egotea. Bezeroentzako arreta ematen duten langileak 15 baino gehiago izatea.

Ahozko zein idatzizko harremanetan eragiten die dekretuak goian aipatutako enpresei. Idatzizko informazioak, adibidez, elebitan izan beharko du (errotulu, inprimaki, katalogo, kontratu, faktura…). Ahozkoari dagokionez, aurrez aurrekoa nahiz telefonoz edo bide elektronikozkoak hartuko dira kontuan.

Dekretuak jasotzen dituen helburuak betetzeko, urtebetetik lau urtera bitarteko epealdiak ezartzen ditu, enpresa motaren arabera. Horretarako, 600.000 €ko diru laguntza deialdia argitaratu berri du irailaren 1ean Jaurlaritzak. Aplikazio eremuan dauden enpresek, irailaren 30a bitartean aukera izango dute deialdi honetara aurkezteko.

Dekretuak zehaztutakoak betez gero, HIZKUNTZA KONPROMISOAREN ZIGILUA delakoa eskuratu ahal izango dute enpresek.

Bestalde, kontsumitzaileen eskubideak betetzen ez diren kasuetarako zigorrak ere aurreikusten dira dekretuan, baina Jaurlaritzako ordezkariek behin eta berriz aipatu dute, dekretua “inor behartzen ibili beharrik gabe betetzen saiatzea” nahi dutela eta lan honetan, enpresa hauen “bidelagun” izan nahi duela.

Aldeko eta kontrako zenbait iritzi jaso ditu dekretuak. Egokia ala desegokia izan, kontsumitzaileen hizkuntza eskubidearen alde egin beharreko ibilbide luzean, Kultura Sailak eta Industria Sailak abian jarritako Dekretua orain arte Administrazioak eman barik zuen urratsa da eta arlo sozioekonomikoan euskararen presentzia areagotzen lagundu beharko luke.

Lan mundua euskalduntzeko zerbitzua eskaintzen duen EMUN aholkularitza enpresak hainbat alorretan dihardu lanean, baita dekretu horrek eragiten duen zenbait enpresatan ere. Zentzu horretan, kontsumitzaile bakoitzak aukeratzen duen hizkuntzan informatu eta komunikatzeko duen eskubideari erantzun ahal izateko, EMUNek dekretu honi begirako zerbitzu bereziak eskaintzen ditu. Horrela, entitate bakoitzaren egoera zein den aztertu eta eman beharreko urratsak aholkatzeaz gain, horiek aplikatzeko laguntza teknikoa eta itzulpen zerbitzua eskaintzen du, ongi egindako lanak eta egoki emandako urratsek bezeroen aurrean balio erantsia ematen baitiote enpresari.

Bidaltzailea: lantalan

Erantzun