Lanbide Heziketako lantokiko praktikak euskaraz

Astelehena, 2010eko abenduaren 6a

Oarsoaldeko lau udaldek (Errenteria, Lezo, Oiartzun, Pasaia), GLHBI Don Bosco ikastetxeak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ikasleei enpresetako praktikak euskaraz egiteko aukera eskaintzeko helburua duen esperientzia pilotua jarri zuten martxan 2009-2010 ikasturtean. Egitasmoaren helburua horretarako metodologia bat definitzea da.

Martxotik ekainera egin dituzte praktikak 10 ikaslek 5 enpresatan Ahize aholkularitza etxearen gidaritzapean, eta ondorio nagusiak honakoak izan dira:

Eragin den arloetan emaitzak lortu dira: harreran, errotulazioan, dokumentazioan eta instruktoreen hizkuntza jardunean. Eragindakoek ongi baloratu dute proiektua, eta metodologikoki baliagarria dela iritzi diote.

Etorkizuneko metodologiak aipatu arloak izan beharko ditu kontuan eta tutorearen eginkizunen garrantzia ere erantsi beharko zaio. Horiek dira gutxienekoak. Proiektuan parte hartzen duten alde guztiek hasieran zeregin eta konpromiso guztiak ongi zehaztu, banatu eta hartzea funtsezkoa da, hitzarmena.

Azkenik, enpresen hautaketa ongi zaintzea eta parte hartu behar duten guztiekin, hasi aurretik, sentiberatze/informazio saio bat egitea ere beharrezkoa da.

Esperientzia honetatik, aurrera begira praktikak euskara gauzatu ahal izateko erabilgarria den gutxienekoen metodologia bat atera dute sustatzaileek, eta metodologia hori Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren esku dago orain eurek Hezkuntza Sailarekin batera aztertu eta zer egin erabaki dezaten. Oarsoaldeko udalek beren aldetik metodologia hori Don Bosco ikastetxearekin batera indarrean jartzeko asmoa dute ikasturte honetatik aurrera.

Bidaltzailea: Joxe Luix Agirretxe, Oarsoaldeako euskara-sailaren zuzendaria

Erantzun