Linguanet, lan munduko euskara planen inguruko ikastaroa

Asteazkena, 2008ko urtarrilaren 30a

Asmoz Fundazioak, bosgarren urtez jarraian, Linguanet antolatu du, lan munduko euskara planen inguruko ikastaroa alegia.

Euskararen erabilera bultzatzeko egitasmoak ugalduz doaz azken urteotan eta euskara erabiltzen diren esparruak zabalduz joan daitezen gero eta gehiago dira euskara planetan murgildu diren enpresak. Planen kopurua handitzeak ekarri du, besteak beste, erabiltzen den metodologia sendotzen, hornitzen eta erabiltzaile berriengana zabaltzen joatea.

Horren adiera da Asmoz Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Emun, Elhuyar eta Artez elkarteekin elkarlanean, internet bidez antolatzen duen Linguanet ikastaroa. 50 ordutako ikastaro honek, internet bidez, euskara planen inguruko oinarrizko ezagutza teorikoa eskaintzea du helburu. Eguneroko praktiken esperientziak ezagutzeko aukera aurrez aurreko hiru tailer praktikoen bitartez izaten da. Hortaz, ikastaroak pedagogikoki formazio malgua, arina eta trinkoa eskaintzen du.

Euskararen erabilera sustatzeko lanean dihardutenei zuzenduriko formazioa izanik, hartzailea eremu askotarikoa izan daiteke: erakunde eta enpresetako teknikari eta koordinatzaileak, lan munduan aritzeko asmoa duten ikerlari eta ikasleak, euskararen presentzia areagotzeko lanean diharduten erakunde publikoetako langileak, hizkuntza normalkuntzako arduradunak…

Ikastaroaren arrakastaren partaide dira ere laguntzaile eta irakasle moduan dabiltzan herri administrazio eta esparru sozioekonomikoetan diharduten hizkuntza plangintzako profesionalak.

Otsailaren 25ean hasi eta maiatza bitarte iraungo duen ikastaro honen informazio orokorra eta izen-emate orria Asmoz Fundazioko http://linguanet.asmoz.org webgunean topa daitezke.

Bidaltzailea: Asmoz

Erantzun