Ordezkari indigenak Copreci kooperatiban

Osteguna, 2017ko azaroaren 2a

Joan den astean Garabidek mahai-ingurua antolatu zuen Fagor Taldeko Copreci kooperatiban  Imbaburako (Ekuador) gobernadore Paolina Vercourtere andrearekin, Mexikoko Tosepan kooperatibaren ordezkari batekin, CECIDICeko irakaskuntza eta ikerketa zentroko ordezkari batekin (Kolonbia) eta Fagor Taldeko kooperatiben ordezkariekin.

Bertan hainbat errealitate soziolinguistiko aztertu ziren, izatez oso desberdinak, baina, aukera eta erronka berdintsuak dituztenak.

Topaketa honetan gure kooperatiba industrialeko esperientzia eta gobernantza-modeloa ere partekatu genuen, kooperatibak nazioartera zabaltzeak dakartzan erronkak ahaztu gabe, gure erantzukizun eta konpromiso sozialari begira.

Copreciren instalazioetara egindako bisitarekin amaitu genuen,  eta harritu egin ziren (Paolina gobernadorea ingeniaria da lanbidez) gure produktuak sortzeko erabiltzen ditugun  muntaketa-kate  eta materialetako asko eta asko  Mondragon Taldeko beste kooperatiba batzuei erosiak direla ikustean.

Itxuraz hain desberdinak diren herrien eta komunitateen arteko topaketa-espazio hauek irekitzean, munduari begiratzeko modua aldatzen ari gara, loturak sortzen ditugu, hobeak bihurtzen gara.

Imanol Arriolabengoa (Fagor Taldeko Kontseilu Sozialeko lehendakaria)

 

Erantzun