Realeko langileok euskarazko testuen kalitatea hobetzeko ikastaroan

Astelehena, 2017ko urriaren 2a

2017ko lehehengo hilabeteetan testu idatzien kalitatea hobetzeko ikastaroa egin dugu Realeko langile batzuek. Ikastaroa eskaintzeko ideia Euskara Batzordean sortu zen, Realeko hainbat departamentuko langileek testuak sortu behar ditugu; batzuetan barrura begirako komunikazioak dira; beste batzuetan bazkide eta zaleei zabaldu beharrekoak. Noski, sare sozialen bidez zabaltzen ditugun komunikazioek ikusgarritasun handia dute. Ahalik eta testu egokienak sortzea da gure helburua eta, ohikoa denez, batzuetan zalantzak izaten ditugu. Beraz, ikastaroa gure premietako bat erantzutera zetorren. 

Ikastaroan izen-emateko aukera zabaldu zen Realeko langileen artean eta 12 laguneko taldea osatu genuen ikastaroa emateko. Taldea bagenuen, irakaslea ere bai, beraz prest ginen euskaraz sortzen genituen testuak hobetzeko.

6 saio eman genituen urtarrila eta martxoa bitartean. 2 orduko saioak izan ziren. Irakasleak hiru kontzeptuen inguruan harilkatu zuen ikastaroa: zuzentasunajatortasuna eta egokitasuna. Hiru kontzeptuak abiapuntutzat hartuta, gure testuak hobetzeari ekin genion. Horretarako interneten eskura ditugun baliabideen berri izan genuen, mezu elektroniko egokiak idazteko gakoak, gure idazketa estiloa hobetzeko irakurgarritasuna errazteko gomendioak eta abar. Jasotako baliabide eta gomendioak praktikan jarri genituen hainbat testu idatziz eskoletan edota etxeko lan moduan.

Ikastaroa bukatu eta gero, bertan jasotako baliabide eta gomendioen bilduma laburtua sortu genuen eta Realeko langile guztien esku jarri genuen. Gu bezala, beste batzuek ere izan ditzaketen zalantzak argitzeko lagungarria baita. Era berean, hilero argitaratzen dugun Realeko euskara planaren aldizkarian idazkera hobetzeko gomendio bana txertatzen da

Ikastaroaren balorazioa ere egin genuen. Oro har, gustura gelditu ginen ikastaroan ikasitakoarekin. Hala ere, eguneroko lanean sortzen zaizkigun zalantzak argitzen jarraitzeko beharra ere ikusten genuen. Hori dela eta, hurrengo denboraldia begira jarri ginen eta proposatu genuen aurrerago beste saio batzuk emateko aukera. Helburu argia dugu, gure testuak lehenengo mailakoak izatea. 

Sinatuta: Alfredo Castresana eta Realeko beste 14 langile

 

 

Erantzun