Sindikatuetako euskara planak (eta V): LAB

Osteguna, 2007ko abenduaren 20a

Sindikatuen artean egin dugun errondari amaiera emango diogu gaurkoarekin. Horrela, gaur LAB sindikatuaren berri izango duzue.

Zure sindikatuak ba al du euskara planik? Noiztik?

2000urtean hasi ginen euskara planarekin LABen. Urte hartan EusLab (2000-2004) I.Plan Estrategikoari ekin genion, gero bigarrena eta orain balantzea egin ondoren, III.Plana diseinatzen hasiko gara 2008-2012rako.

Euskara plana martxan jarri aurretik zenbatekoa zen euskararen erabilera sindikatuaren barne dinamikan?

Plana abian jarri aurretik ez zen erabilera neurketarik egiten, estimazio batzuk baino ez ziren egin. Egituraren bileretan jendeak bata zein bestea erabiltzen zuen gaitasunaren arabera.

Eskualdearen egoera soziolinguistikoak markatzen zuen gehienetan erabilera bai harremanetan bai zerbitzua eskaintzean.

Enpresetan ere delegatuen esku geratzen zen askotan euskararen sustapenerako neurriak edo normalkuntza planak bultzatzea.

Zer lortu da urte hauetan guztietan? Egindako ibilbidea ikusita zein iruditzen zaizu harro egoteko arrazoia?

Lortu diren gauza guztiak aipatzea zaila da. Lehenik eta behin esan beharra dago gure egitasmoak bi ardatz dituela: SinEus, sindikatuaren barne funtzionamenduari dagokiona eta LanEus, lan mundua euskalduntzea xede duena. Hasiera batean SinEus ardatzean gehiago sakondu bagenuen ere, pixkanaka oreka bilatzen ari da ardatz biei eman beharreko tratamenduan.

SinEusi dagokionez, euskara da hizkuntza ofiziala sindikatuan. Komite Exekutibo eta Nazio Komitearen bilerak euskaraz egiten dira. Kontratazioetan euskalduna izatea betebeharreko baldintza da. Ahozko erabileraz gain, idatzizko ekoizpena ere handitu da eta testuak euskara hutsez idazten dira edo elebidun. Maiatzean egingo den 7. Biltzar Nagusirako jatorrizko ponentzia euskaraz egina dago, itzuliko bada ere. Hiriburuetan hobemahaiak daude (euskara batzordeak) erabilera sustatzeko lan egitea helburu dutenak, eta abar.

Lan munduari dagokionez, aipagarriena litzateke EusLab II.Konferentzia antolatu genuela iaz eta aurten III.Mintegia antolatu dugula gure delegatuei enpresan euskararen sustapenerako bidean tresnak emateko.

Hala ere, azpimarratu behar da lorpen handi gisa, hau guztia kudeatzeko duela bi urte Euskara Idazkaritza sortu eta idazkaria izendatu izana. Hizkuntza normalkuntza ildo estrategikoa da sindikatuan eta hori agerian geratzen da, euskara idazkaria Nazio Komitearen kidea izanik.

Zeintzuk dira gehien kostatzen ari zaizkizuen egitasmoak?

Sindikatuaren egitura formaletan lortutakoa gure delegatu eta afiliatuei trasladatzea. Horrez gain, kontuan izan behar da, sindikatuaren egituran sindikatuak kontratatutako langileak daudela eta baita sektoreetatik liberatuta daudenak ere. Hor lorpenak izatea zailagoa da.

Ezin dugu aipatu barik utzi, lan munduan dauden zailtasunak jakintzat emanda, barnekoari dagokionez, askotan zailena inertziak edo ohiturak aldatzea izaten dela.

Eta zailtasun horietan jo al duzue kanpora laguntza bila: aholkularitzaren batengana?

Bai, laguntza beharrezkoa zela antzeman zen.

Euskara plana kudeatzeko kanpoko aholkularitzarik izan al duzue/ba al duzue? Norena?

Aholkularitzarik kontratatu ez badugu ere, aholkularitza bati lotuta ez dagoen teknikari bat dugu plana kudeatzeko.

Nola daramazue goiko egituratik hasi eta herriz herrikoraino iristeko asmoa?

Arestian esan bezala, horixe da zailena. Egitura konplikatu samarra dugu. Lurraldekoa eta sektoreetakoa. Liberatu eta delegatuekin lan handia egin behar da. Planaren berri eman da, mintegiak… Dena den, sindikatuaren konpromisoa handitu heinean, hauena ere gero eta handiagoa da, zorionez.

Zein dira zuen hurrengo erronkak? Eta horietan zeintzuk izango dira lehentasunak?

Hasieran esan bezala, EusLab III.Egitasmo Estrategikoa prestatzen hasiko gara laster. Hizkuntza Politika Orokorrerako Agiria ere gutxi barru aterako dugu baina barne sustapenari dagozkion kontu gehiago alde batera utzi gabe, negoziazio kolektiboa da gure erronkarik handiena, zalantza barik. Hizkuntza normalkuntzaren aldarrikapenak ekintza sindikalean isla izan behar du. Sustapenerako neurriak bultzatuko ditugu eta horretarako tresna nagusia negoziazio kolektiboa dugu.

Bidaltzailea: lantalan

Erantzun