Sindikatuetako euskara planak (I): ESK

Asteazkena, 2007ko azaroaren 28a

Hurrengo asteetan sindikatuei emango diegu hitza Lantalan blog honetan. Azken urteetan lan mundua euskalduntzeko egiten ari den ahalegina ikusita, ezin da ukatu sindikatuek daukaten ardura.

Hori dela eta, une egokia izan daiteke hau, sindikatu bakoitza gizartearen aurrean biluzteko eta euskara suspertzeko bidean egiten ari den ahalegina agertzeko.
ESK sindikatuarekin zabalduko dugu elkarrizketa saioa.

Abiapuntua

ESK sindikatuaren 2003ko II. Biltzar Nagusian euskarari buruzko eztabaida izan zen eta, beste gauzen artean, hau erabaki genuen:

“(…) Herriak botereak baino askoz gehiago egin du euskararen alde. Honekin bat etorriz, ESK bezalako herri kolektibo batek lagundu egin behar du euskara euskal biztanleriarentzat benetako komunikaziorako bitarteko normalizatua izan dadin.”

Hau horrela, asmo horretan ESK-k honako erronka hauek jarri zizkion bere buruari:

  1. Animatu afiliatu euskaldunek euskara erabil dezaten eta euskaldun hiztunak ez direnek euskara ikas dezaten.
  2. Kontseiluarekin harturiko konpromisoak betetzea.
  3. ESKren jarduera publikoetan, euskara erabili eta berau suspertzea.
  4. Sindikatuaren bileretan, euskara erabiltzea erraztu eta suspertu, honetarako behar diren bitartekoak jarriz.
  5. Guretzat berezkoa den esparruan, sindikalean alegia, suspertu euskararen erabilera; enpresen barne eta kanpo harremanetan euskararen erabilera normalizaturantz bideraturiko aldarrikapenak hitzarmen kolektiboetan sartuz, hala nola, langileek euskara erabil eta ikas dezaten.

Praktikan egin dena

Erabakitakoa praktikara eramateko, Euskara Plan bat martxan jartzea pentsatu genuen, baina ez dugu egin, ESK baliabide gutxiko sindikatua baita. Hala ere, lehen aipatu erronkei aurre egiten diegu, ahal dugun moduan:

  1. Afiliatuak eta euskara: puntua oso orokorra da; zehaztasunak bileraz-bilera, eta ahal denean, egiten dira (euskaraz hasiera emanez, batzuk euskaraz hitz eginez,…).
  2. Kontseiluarekin harturiko konpromisoa: Arian, ESKren hilabetekaria da eta bertan konpromisoa betetzen da. Baita ere, nazio mailan agertzen diren argitalpen gehienetan, denetan ez bada. Herrialdeetan eta enpresetan oso egoera desberdinak daude honi dagokionez; zenbat eta giro euskaldunagoa izan, orduan eta gehiago errespetatzen da konpromisoa.
  3. Jarduera publikoa: prentsaurrekoetan, mitinetan, hitzaldi publikoetan… beti izaten da euskaldun bat, euskaraz aritzen dena.
  4. Sindikatuko bilerak: bilera handietan (Biltzar Nagusian alegia), aldi bereko itzulpena dago, euskaratik gaztelerara. Gainontzekoetan, zailagoa da; lehendabiziko puntuan azaldutakoa egiten da.
  5. Esparru sindikala: ez dugu daturik, zaila suertatzen baitzaigu toki bakoitzean egiten dena jakitea.

Euskararen indarra barne antolaketan

Formalki, sindikatuaren barruan badago Euskara Komisio bat, aipaturiko kontuak lantzeko. Praktikan, gutxitan biltzen gara eta egiten dena bakoitzaren inplikazio eta borondatearen araberakoa izaten da.

ESKren liberatuak hautatzerakoan, premisetako bat, beste batzuen artean, euskaraz jakitea eta erabiltzea da, beti betetzen ez bada ere. Hau dela eta, une hauetan irizpideak eztabaidatzen ari gara, euskara ikasi edo jakintza-erabilera maila hobetu nahi dutenak laguntzeko (dirua, denbora…).

ESK eta kanpo harremanak

Horrez gain, Kontseiluak proposaturiko eta hainbat alderdi politikok eta sindikatuk onarturiko Akordio Sozio-Politikoaren garapenean parte hartzen dugu. Era berean, Nafarroan Oinarriak plataformak deitzen gaituenean, proposatzen diren ekitaldiak lantzen eta zabaltzen saiatzen gara. Mugimendu euskaltzalearen parte sentitzen garenez, era xumean bada ere, indarren arabera (baliabideak direla eta) parte hartzen dugu arlo hauetan.

Bidaltzailea: ESK

Erantzun