Sindikatuetako euskara planak (II): CCOO

Asteartea, 2007ko abenduaren 4a

Aurreko astean sindikatuekin hasi genuen errondarekin segiz gaur CCOOen errealitatea ezagutuko dugu.

Zure sindikatuak ba al du euskara planik? Noiztik?

2003an diseinatu eta jarri zen abian lehen euskara plana Euskadiko Langile Komisioetan, 2000. urtean burututako 7. kongresuan adostutako hainbat konpromisori erantzuteko tresna horren beharra baitzegoen.

Euskara plana martxan jarri aurretik, zenbatekoa zen euskararen erabilera sindikatuaren barne dinamikan?

Hainbat neurri hartuak ziren lehenagotik, atzean planifikaziorik ez bazegoen ere. Irudi korporatiboan euskararen presentzia ziurtatzea izan zen lehen neurrietako bat (hizkuntza paisaia, publizitatea..), eta sindikalistak euskalduntzeko saioa ere egin zen.

Egindako ibilbidea ikusita, zein iruditzen zaizu harro egoteko arrazoia?

Bi lorpen dira azpimarratzekoak. Batetik, euskararen erabileran bilakaera gertatu dela plana ezarri zenetik: lehen zenbait lagun motibaturen gain gelditzen zen neurriren bat edo beste hartzeko erantzukizuna, eta orain era bateratuan eta zehaztutako helburu nahiz ekintzei jarraituz gauzatzen da konpromisoa.

Bestetik, bada hitz gako bat gurean egindako aurrerapausoak ederki laburbiltzen dituena: AITORTZA. Adibidez, lehen hizkuntza kontuei arreta handirik eskaintzen ez zion kide asko, jabetzen hasi dira euskarari tokia egin beharra dagoela, eta beren kabuz –zuzendarien eskakizunen zain egon gabe- erabakiak hartzen dituzte hala izan dadin.

Zeintzuk dira gehien kostatzen ari zaizkizuen egitasmoak?

Ekintzak sistematizatzea eta ahozko erabilera areagotzea. Azken honi dagokionez, esan beharra dago euskaldun kopurua txikia izanik, ahalegin eskerga egin behar dela helburu xumeena betetzeko ere.

Eta zailtasun horietan jo al duzue kanpora laguntza bila aholkularitzaren batengana?

Sindikatu barruan euskara batzordea daukagu eta bertan zalantza eta zailtasunak azaldu eta irtenbideak ematen saiatzen gara. Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuko buruak ere laguntzen digu horretan.

Euskara plana kudeatzeko kanpoko aholkularitzarik izan al duzue/ba al duzue?

Euskararekin lotutako eginkizun guztietarako lagun bat kontratatua du sindikatuak, eta lagun hori arduratzen da euskara plana kudeatzeaz, beteak beste.

Nola daramazue goiko egituratik hasi eta herriz herrikoraino iristeko asmoa?

Ez da lan erraza, inondik ere. Izan ere, faktore askok eragiten dute emaitzan: informazioa egoki ematea, zuzendaritzaren konpromisoa ikusaraztea, baliabide nahikoa izatea… Eta, garrantzitsuena, norbere motibazioa. Azken batean, erabakigarria da faktore hori arrakasta izateko, eta herrietan edo enpresetan dabiltzanek bere esku dute gauzak modu batera edo bestera egitea. Horregatik, guretzat funtsezkoa da pertsonak hizkuntz normalkuntzaren inguruan sentikortzea.

Zein dira zuen hurrengo erronkak? Eta horietan zeintzuk izango dira lehentasunak?

Hizkuntz normalkuntzari negoziazio kolektiboan tokia egitea, sentikortzea eta gizarte mailako ekimenetan parte hartzea.

Bidaltzailea: lantalan

Erantzun