Sindikatuetako euskara planak (IV): ELA

Asteartea, 2007ko abenduaren 18a

Sindikatuen berri jakiten segituko dugu. Gaur ELAren txanda da.

Zure sindikatuak ba al du euskara planik? Noiztik?

Euskararen normalizazioak betidanik izan du lehentasuna ELAren baitan, baina 2004an onartu genituen Euskararen Arautegia eta lehenengo plana. Aurten (2007) laugarren planarekin gaude.

Euskara plana martxan jarri aurretik zenbatekoa zen euskararen erabilera sindikatuaren barne dinamikan?

Ni orain ez naiz gai zenbaki bat emateko. Planen aurretik jauzi handiagoa zegoen ezagutza maila eta erabileraren artean. Orain, poliki-poliki, alde hori murrizten goaz.

Kontutan hartu behar dugu sindikatuak egitura konplexua duela. Sindikatua afiliatu, enpresetako ordezkari eta sindikatu bertako langileok osatzen dugu. Guretzako hori dena barne erabilera da. Gainera, sindikatua Hego Euskal Herriko eskualde oso ezberdinetan dago (Urola-Kostatik hasi eta Erriberaraino).

Zer lortu da urte hauetan guztietan? Egindako ibilbidea ikusita zein iruditzen zaizu harro egoteko arrazoia?

Euskararen erabilera normalizatzearen aldeko sentsibilitatean asko aurreratu dugu. Aurretik aipatu bezala, ezagutza eta erabileraren arteko aldea murrizten doa, Langile asko euskaldundu dira eta euskaldunok euskaraz lan egiteko baliabide gehiago dauzkagu.

Sindikatuaren organoetan euskararen presentzia nabarmen igo da. Tokian tokiko helburuak jarri eta betetzen joan dira, barne eta kanpo erabilerari dagokionez.

Zeintzuk dira gehien kostatzen ari zaizkizuen egitasmoak?

Idatzizko erabilera euskaldunon artean sustatzea da zailtasunetako bat. Errezegi jotzen dugu itzulpen zerbitzura. Helburua euskaraz sortzea izan behar da, ez bakarrik euskara zerbitzu hizkuntza izatea, eta horretarako baliabideak jartzea. Lan hizkuntza ere izan behar da.

Euskara plana kudeatzeko kanpoko aholkularitzarik ba al duzue? Norena?

Bai, hasieratik jo genuen Artezera, sindikatuaren diagnostiko bat egiteko, eta hortik aurrera hartu beharreko neurriak planifikatzeko.

Nola daramazue goiko egituratik hasi eta herriz herrikoraino iristeko asmoa?

Arestian aipatu bezala, sindikatuak egitura konplexua du. Lehentasuna sindikatuko langile-liberatuongan jarri dugu. Liberatu horien lana enpresaz enpresa gauzatzen denez, poliki-poliki ordezkari eta afiliatuengana iristen da planaren eragina.

Zein dira hurrengo erronkak? Eta horietan zeintzuk izango dira lehentasunak?

Erabileran eman ditugun urratsak sendotu behar ditugu eta identifikatuta dauzkagun gune batzuei lehentasuna eman (eskualde batzuk, atal zehatz batzuk…).

Bidaltzailea: lantalan

Erantzun