Teknikaria lider euskara planetan (EIKA)

Osteguna, 2012ko azaroaren 15a

Emuneko 15. urteurreneko jardunaldietako edukiekin jarraitzen dugu gaurkoan ere. Abel Calvok, EIKAko kideak, teknikari liderrari buruz hitz egingo digu. Teknikariak bere jokabideekin prozesuaren ikuspegia markatu eta, aldi berean, beste lidergo-guneak sortu eta horietan dihardutenek lidergo portaerak gero eta sendoagoak gara ditzaten bultzatuko du.

Eika Koop. E. 1973. urtean sortu zen Lea Artibaiko Etxebarria herrian. Egosketa plaka elektrikoak egiten hasi ginen. Ondoren, erresistentzia elektrikoak eta, gaur egun, bitrozeramikak, touch-ak eta termostatoak ere fabrikatzen ditugu. Etxebarria herri euskalduna da. Eika bera ere langile euskaldunez osatuta dago. Gaur egun guztira 500 langile gara, eta euskara berba egin eta ulertu %88k egiten dugu.

1999an Eikako zenbait euskaltzaleek eta Kontseilu Errektoreak eraginda, euskara plana jarri zen martxan. Eta ordutik hona, 13 urte ondoren, aurrera pauso handiak eman ditugu euskararen erabileran. Esan genezake gaur egun Eikan euskarak ahozko eta idatzizko komunikazioan lehentasuna daukala. Esate baterako, gaur egun tailer guztiko makinen botoiak eta identifikazioen %86a euskaraz dago, makinen pantailen %76a euskaraz dago. Oraindik badaukagu zertan hobetu, baina 13 urtetan euskararen presentziak nabarmen egin du gora Eikan. Urrezko BIKAIN da horren adierazgarri.

Prozesu honetan hasiera-hasieratik teknikariak izan duen papera aipatu nahiko nuke.  Teknikariak bete dituen lan teknikoez gain, euskara planak aurrera egiteko bere lidergoaren garrantzia azpimarratu nahiko nuke.

Teknikariaren laguntzarekin hasi ginen euskara plana inplementatzen, EMUNeko teknikariarekin. Lanean euskara bultzatu eta erabilera handitzeko gogoa eduki bageneukan baina ez genekien zelan hasi. Horregatik horretan aditua zen EMUN aholkularitza kontratatu genuen, beraz hasiera hasieratik eduki dugu teknikariaren laguntza teknikoa. Eta urte batzuk pasatu diren arren, oraindik ere beharrezkoa ikusten dugu euskara planen gaian aditua den teknikari baten laguntza. Argi daukagu norbait bete-betean dedikatu behar dela hizkuntzaren kudeaketarekin. Besteok, eguneroko lanean murgiltzen garenean, oraindik ere beharrezkoa dugu “txist” egingo digun norbait ondoan izatea.

EMUNek metodologia parte hartzailea eman digu, euskararen egoera diagnostikatzeko, eman beharreko pausoak denon artean adosteko, helburuak zehaztu, ekintza bidez bideratu eta berauen jarraipena egiteko.

Euskara plana inplementatzeko beharrezko baliabide, egitura, erantzukizun eta funtzionamenduaren  berri eman digu eta martxan jarri ditugu bere laguntza teknikoaren bidez. Eta guretzako oso baliagarria dena, beste enpresa batzuetako esperientzien berri eman deusku.

Euskarari eta hizkuntzen gaineko ezagutza handitu dugu.

Euskararen aldeko diskurtsoa landu eta handitu dugu.

Azken finean euskara plana beharrezko gaitasun tekniko eta seriotasunez bideratu da, baina batez ere harremanetarako gaitasun handiarekin, giro onean, sentsibilitate desberdinak kontuan izanda.

Azken finean orokorrean Eikan euskararenganako motibazioa handitu egin da, erabilera, ezagutza eta baita erakundetzea ere.

Bidaltzailea: Abel Calvo, EIKA

Erantzunak

  1. […] Teknikariaren laguntzarekin hasi ginen euskara plana inplementatzen, EMUNeko teknikariarekin. Lanean euskara bultzatu eta erabilera handitzeko gogoa eduki bageneukan baina ez genekien zelan hasi. Horregatik …  […]

Erantzun