Tokiko liderrak euskara planetan (IK4-IDEKO)

Asteazkena, 2012ko azaroaren 21a

Emuneko 15. urteurreneko jardunaldietako edukiekin jarraitzen dugu gaurkoan ere. Peio Olaskoaga (IK4-IDEKO) organizazioko zuzendaritzako kide edota exekutibo ez diren pertsonen lidergoaz aritu zaigu. Tokian tokiko harremanetan, komunikazio moduetan eta giroan eragiteko ahalmena dute. Beren portaerarekin normalizaziorako aldaketaren balio praktikoa gauzatzeko eta egunerokotasunean txertatzeko lidergo informala gauzatuko dute.

AURKEZPENA

Peio Olaskoaga, IK4-Idekoko euskara koordinatzailea. IK4-Ideko, Danobat Taldeko zentro teknologikoa da eta Elgoibarren gaude. Gure lantegiko langileen artean dagoen euskararen ezagutza nahiko altua da, %75-%80 ingurukoa.

EUSKARA PLANAREN EZAUGARRIAK

Guk 12 bat urte daramatzagu euskara planarekin. Egitura aldetik hainbat aldaketa eta gora-behera izan ditugun arren, orain arte euskara planean aktibo egon diren taldeak ondorengoak izan dira: erabaki organoak (euskara planarekin inplikatuta), euskara batzordea (euskara planaren motorra), euskara koordinatzailea eta euskara teknikaria. Iaz hasita, beste sare bat ere martxan daukagu, beheko lerroetan aipatuko dudana.

EUSKARA PLANAREN HAUSNARKETA

2010ean, euskara planak 10 urte bete zituenean, euskara planaren hausnarketa orokor bat egiteko unea iritsi zela iruditu zitzaigun. Hausnarketa hori euskara batzordeak enpresako erabaki organoekin batera egin genuen. Bertan azaldutako ondorioetako bat izan zen Euskara Batzordeko kideok (hiru kide) ez genuela langile guztiengan eragiten. Baina Idekon euskararen eragileak bagenituela ikusten genuen. Pertsona hauek, mila arrazoi tarteko, euskara planaren egituran ez zeudela sartuta ikusten genuen eta hauengandik ere asko jasotzeko aukera zegoela ikusten genuen, etekina atera behar geniela ondorioztatu genuen. Behar hori ikusi zen. Enpresan sakabanatuta zeuden eragileak sare baten barruan elkartu behar genituela erabaki genuen, ez talde batean, baizik eta sarean. Argi geneukana zen pertsona hauekin ahalik eta bilera gutxien egingo genituela. Horretarako, urte hasieran funtzio zehatz batzuk definitu genizkien.

Sail bakoitzean pertsona bat aukeratu genuen sare honetan parte hartzeko, eta ondorioz bere ingurukoengan eragiteko.

ERAGILE SAREAREN NONDIK-NORAKOA

  1. Lehenik era behin, kide horien funtzioak zeintzuk izango ziren definitu genuen:
  • Euskara planeko helburuei erantzuteko lagundu eta bertako lanak aurrera eramateko lagundu

  • Sailetako euskararen egoeraren berri jasotzeko, tenperatura hartzeko

  • Euskara planeko ekintzen zabalkundea egiteko.

  • Teknikariaren konplize, laguntzaile izan informazioa lortzeko, trukatzeko, lortzen laguntzeko…

  • Inguruko langileak inplikatzeko, domino efektuaren bidez.

  • Euskara Batzordeko egitasmo edo helburuen kontrastea egiteko.

  • Pertsonen gaitasunak optimizatzeko.

  • Aurrera begira euskara batzordeko kide izan daitezkeen horiek prestatzeko.

  • Ideia berri eta berritzaileen informazio iturri izateko

  • Eredu izateko, ahal den guztietan euskara erabiliz…

  1. Ondoren sail bakoitzeko kide bat identifikatu genuen Euskara Batzordean. Hautatze prozesu horretarako irizpide batzuk ezarri genituen, hain zuzen ere enpresako lider natural izatearen ezaugarriekin bat datozen irizpideak:
  • Bazkideak izatea, eragile sarean izango duten iraunkortasuna bermatzeko.

  • Enpresan ezagunak izatea, betetzen duen lanpostuaren ondorioz pertsonekin etengabeko harremana dutelako.

  • Beste arloren batean ere lidergoa aitortzen zaien pertsonak izatea, hau da jendeak entzun egiten dietenak. Pertsona dinamikoak, harremanetarako gaitasuna dutenak.

  • Euskararekin sentsibilizazioa daukatenak izatea, inoiz Euskara Planeko ekintzetan parte hartu dutelako edo euskara planari ekarpenak egiten dizkietelako.

  1. Identifikatutako kideekin elkarrizketak egin genituen horrelako egitura baten beharra ikusten genuela jakinarazteko eta sareko kideek izango lituzketen funtzio edo zereginak azaltzeko.
  2. Elkarrizketak egindakoan, onartutakoen zerrenda osatu genuen. 8 kide lortzeko, 10 elkarrizketa egin genituen. Beraz, esan daiteke ez zitzaigula asko kostatu jemdea konbentzitzea. Horren arrazoietako bat identifikazio lanak ondo egin izana dela uste dugu.
  3. Urtebete eskas daramagu kide hauekin lanean, definitu genituen funtzioak lantzen.
  4. Beharrezkoa da sareko kide hauek etengabeko formakuntza bat izatea. Horregatik, urtean behin, formazioa eskainiko diegu euskara planaei edota soziolinguistikari lotutako gaiei buruzkoa. Sare hau martxan jarri genuen unean, euskara planetako lidergoari buzuko formazioa eman genuen, sareko kideen duten garrantziaz ohartarazteko. Ikasturte honetan ere beste mota bateko formazioa prestatzen ari gara.
  5. Sare honen balorazioa? oraindik ez da urtea bukatu eta ez dugu balorazio formalik egin baina orokorrean ondo baloratzen dugu, eragile sareko kideak aktiboki jarduten dute eta eskatzen zaiena bete egiten dute. Guztia email bidez eta aurrez aurre egiten dugu, ez dugu bilerarik egiten.

LABURPENA

  • Euskara planak 10 urte beteta, euskara planaren hausnarketa orokorra.
  • Ondorioetako bat: Euskara Batzordeko kideek (hiru kide) ez zuten langile guztiengan eragiten.
  • Baina Idekon euskararen eragileak bazeudela ikusten zuten. Pertsona hauek, euskara planaren egituran ez zeuden.
  • Etekina ateratzeko, enpresan sakabanatuta zeuden eragileak sare baten barruan elkartzea erabaki.

IBILBIDEA:

  1. Funtzionak definitu: Pertsona hauekin ahalik eta bilera gutxien egitea (funtzioen zerrenda)
  2. Identifikazioa: Sail bakoitzean pertsona bat aukeratu genuen sare honetan parte hartzeko (identifikaziorako irizpideak=lider naturalen ezaugarriak)
  3. Beraiekin adostasuna lortu
  4. Urtero formazio saioa
  5. Etengabeko komunikazioa: aurrez aurre eta emailez, bilerarik ez.

Erantzun