Zer dio “Euskara 21” txostenak lan munduaren inguruan?

Asteartea, 2010eko urtarrilaren 26a

2008ko apirilean Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak abiatu zuen EUSKARA 21 prozesua. Prozesuaren helburua honakoa zen: “XXI. Mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak finkatzea, prozesu parte hartzaile baten bitartez”. Urtebete inguruko prozesuaren ostean, 2009ko urtarrilean aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburu Ordeak XXI. MENDE HASIERAKO HIZKUNTZA POLITIKAREN OINARRIAK ITUN BERRITU BATERANTZ txostena.


Ondorengoak izan daitezke lan mundua euskalduntzeko prozesuan buru belarri dihardugunok geure buruari egin diezazkiokegun galderak:

1-Zer jasotzen du txosten horrek lan munduaren euskalduntzearen inguruan?

2-Zein modutan eragin diezaioke txosten horretan jasotzen denak lan mundua euskalduntzeko prozesuari?

Lehenengo galderari erantzunez, esan behar dut txostenean ez dudala aurkitu lan munduaren euskalduntzearen inguruko aipamen bakar bat ere. Familia transmisioa, hezkuntza, administrazioa, kultura, komunikabideak, etorkinak… bezalako gaiak aipatzen dira baina lan munduaren inguruko aipamenik ez dago. Zergatik? Ez dakigu.

Bigarren galderari erantzuteko, txostenak normalizazio prozesuaren inguruan proposatzen dituen oinarriak zein diren eta gaur egun Jaurlaritzak arlo honen inguruan garatu dituen ekimenak zein diren aztertu beharko dugu, etorkizunean zer aldatu daitekeen aurreikusteko.

Erraz ulertzeko, esan dezakegu txostena filosofikoa gehiago dela praktikoa baino.
Nire ustez, hauxe izan daiteke txostenaren filosofia guztia laburbiltzen duen testu zatia:

“Ez da jakina, [denak ala inor ez, dena ala ezer ez] lelotzat hartuta eraiki daitekeen hizkuntza politika; bai, ordea, [amets eroak baztertuz bertan, sasi zikinak behingoz erreta] taiutu beharrekoa. Hori baita gaur arteko ahalegin oparoak eskatzen duen jarraipena.”

Ondorengo kontzeptuak ere nabarmenduko nituzke filosofia hori ulertzerako orduan:

  • “Euskalgintza pribatua eta publikoa”
  • “Diglosia atxikigarria”
  • “Gizartearen atxikimendua”
  • “Elebitasun asimetrikoa”
  • “Garenaren neurria”
  • “Aukera askatasuna”
  • “Dirulaguntza askatzaileak”
  • “Ameskeria eta boluntarismoa” (behin eta berriz kritikatuz)

Oinarri hauek arlo sozioekonomikoari aplikatuta zer ondorio atera daiteke? Garbirik batere ez, ez dago ez helburu eta ez neurri zehatzik eta.

Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako arduradun berriak, Ramon Etxezarreta jaunak, behin baino gehiagotan adierazi du bere adostasuna txosten horretan jasota dagoenarekiko eta etorkizunean bertan jasotzen den bideari jarraitzeko asmoa adierazi izan du.

Gaur egun Jaurlaritzak praktikan egiten duenari erreparatuta, egia da EAEn, Nafarroan eta Iparraldean baino laguntza handiagoak daudela (eskerrak!):

  • Bikain ziurtagiria(*), ahalegina egiten dutenak saritzeko.
  • Dirulaguntzak, euskara planak martxan jarri eta garatzeko.
  • Kontsumitzaileen legea, saltoki handiei eragiten diena (zigorrik jasotzen ez duena).
  • Lan Hezkuntza Heziketan euskaraz ikasteko aukerak.

Neurri horiek euskara planak garatzeko oinarrizko aukera batzuk zabaltzen dituzten arren, arlo sozioekonomikoan lan egiten dugunok ongi dakigu euskarak gaur egun lan munduan garatzeko dituen muga eta ezintasunen berri. Nere ustea da, gero eta garbiago antzematen dela arlo sozioekonomikoan benetako pausoak eman nahi badira, ezinbestekoa dela helburuak ondo zehaztea, legez babestea eta behar bezala garatu ahal izateko baliabide egokiak eskaintzea.

Baina zein dira praktikan Eusko Jaurlaritzako gobernu berriak hartu dituen azken neurri “errealak”?

  • Hezkuntzan erdara hutsezko A eredua bermatzeko prozesua berriz zabaltzea.
  • Laguntzak murriztea, lan munduko euskara planei eta helduen euskalduntzeari dagokien ataletan.

Bat datoz bi neurriok Euskara 21-ean jasotzen denarekin? Badirudi baietz, oinarria hori dela diote eta.

Neurri hauekin euskarak arlo sozioekonomikoan garatzeko lehen baino aukera gehiago izango du? Dudarik gabe, ez.

(*) Gogoratu behar da Bikain ziurtagiria sortu aurretik Bai euskarari ziurtagiria kalean zuela Kontseiluak.

Irakurketa interesgarria:
Hizkuntza-politika berri eraginkorra. Kontseilua. 2008.

Bidaltzailea: Egoitz Unamuno, EMUNeko teknikaria.

Erantzun