Zer dira EUstegunak?

Asteartea, 2017ko urriaren 31a

–          Jar zaitez nire lekuan, euskaraz egitea gehiago kostatzen zait, esfortzu handia da, proposatzen didazun konpromisoa ezingo dut bete… Behintzat egun bateko kontua balitz…

–          Egun bateko kontua? Astero egun bat euskaraz aritzea? Ondo. Zein egun?

–          Ostegunetan, adibidez.

–          Eta gainerako lankideok ere ados zaudete?

Horrela abiatu genuen EUsteguna esperientzia MONDRAGONeko Finantza Gestioaren departamentuko Baliabide Korporatiboen unitatean. Egitekoa: ostegunetan lankideen artean euskaraz mintzatzea. Fagor Industrialen ere, tutuen gunean, antzerako prozesu bat medio, EUstegun egitasmoa ari dira garatzen.

Astean egun bat, urtean 44 egun inguru, ezer gutxi 222 lanegun ingurura heltzeko, are gutxiago bisurtea ez den urteko 365 kopurura iristeko. Abiadura motela eta maiztasun txikia; bai. Ezinbestekoa bezain normala, baina, egoera linguistiko anormalean oraindik horrela ibili behar izatea.

Egingarria bezain eraginkorra ondorioztatu da ostegunak EUstegun bilakatzea. Hona paisaia berria: erdararako joera dutenak euskaraz mintzatzen, elebidun pasibotzat har daitezkeenak zerbait aktibatzen, erdaldunak jEUves dela gogoan, ohiz euskaraz dihardutenak gustura… eta guztiek irribarrea.

EUstegunero gogorarazten zaie lankideei egitekoa, egunarekin bat datorren irudi eta mezu bidez, ahal bada. Halaber, EUstegunero egiten zaio dagokion guneari jarraipena eta modu aitortuan jasotzen da emaitza.

Jon Zuazabeitia (Emuneko lankidea)

Erantzun