Auzia Euskaraz proiektua sendo 2015eko erronkei aurre egiteko

Asteartea, 2015eko otsailaren 3a

Auzia Euskaraz proiektua Justizia Administrazioko hainbat eragilek osatzen dute; besteak beste, abokatu eta prokuradoreek, epaitegietako langileek, epaile eta magistratuek, idazkari judizialek, fiskalek eta auzitegietako medikuek.

Proiektu horren bukaerako helburua honako hau da: EAEko edozein epaitegitan auzi bat hasieratik amaierara –epaia eman arte– euskaraz izapidetzea. Iparra hori izanda, proiektu horretan parte hartzen ari direnen lana oraingoz bitarteko zereginetara bideratuko da, prozesu hori gauza dadin azpiegitura eraikitzera, hain zuzen ere.

DSC_0158

Joan den urtean Auzia Euskaraz proiektuan egindakoen artean nabarmenenak bildu dituzte eta, horrez gainera, beheko lerrootan 2015erako esku artean dituzten erronka nagusien berri ere ematen da.

Iazkoan

Hasteko, EAEko barruti judizial guztietako justizia jauregietan bilerak egin zituzten bertako abokatu eta prokuradore euskaldunekin proiektua aurkezteko, haiengandik proposamenak jasotzeko eta lantaldeak martxan jartzeko. Horrez gainera, 2014. urtean abokatu eta prokuradoreen bulegoetan e-Toolbar izeneko tresna informatikoa instalatzen aritu ziren. Guztira, autonomia erkidegoko 134 bulegotan  instalatu zuten iaz, ia 200 abokaturengana iritsiz.

Epaile, idazkari judizial eta fiskal euskaldunekin bilerak egin zituzten. Proiektuaren aurkezpena egin zieten eta hurrengo pausoak definitzeko laguntza jaso zuten. Auzia Euskaraz Batzordea eratu zen 2014an proiektuaren helburuak zehaztu eta eginkizunak bultzatzeko.

Komunikazio arloa ere landu zuten iazko urtean. Hainbat albiste eta bideo sortu zituzten proiektuaren berri emateko eta horiek kanal ugariren bidez zabaldu: bloga, buletina, twitter kontua… 2014an hiru lehiaketatan hartu dute parte: Buber, Q-epea eta Blogetan. Hiruretan finalista izatea lortu dute.

Amaitzeko, abenduaren 3an Euskararen Eguna ospatu zuten, egun horretan, Euskara Emaileen komunitatearen sorreraren berri eman zuten eta izena emateko kanpaina hasi.

Aurtengoan

2014an egindako hainbatek jarraipena izango dute aurten ere, esaterako, jarraituko dute e-Toolbarra abokatu eta prokuradoreen elkargoetan instalatzen, komunikazio arloa lantzen eta eragile euskaldunekin bilerak egiten.

Bestalde, Euskararen Egunean aurkeztu zuten Euskara Emaileen Komunitatean parte hartzeko kanpaina izango da aurten proiektuak izango duen ardatzetako bat: Eman zeure euskara!

Horrez gainera, euskaraz sartutako demanden kasuan jarraitu beharreko protokoloa zehaztu eta inplantatzeko asmoa dute 2015ean. Horrekin lotuta, aurtengo egitasmoetako bat da euskarazko izapidetza ahalbidetzen duten tresna informatikoen gaineko prestakuntza ematea epaitegietako langileei.

Bukatzeko, legeen itzulpenarekin ere aurrera jarraituko dute.

Erantzun