Egitetik eragitera bizipozez

Asteartea, 2011ko martxoaren 1a

Pasa den larunbatean Euskara Elkarteek eta Topaguneak egin zuten kongresua. Urtebete luzea egin dute hausnarrean eta larunbatean publiko egin zituzten euren gogoetak.

Berba berri bat ikasi genuen Bilbon: oinarriparrak. Oinarriak eta iparrak. Hori izan baita Topaguneak urte honetan zehazten saiatu dena. Kongresuan aurkeztutako txostena ere eskuragarri dago atzotik.

Mila gauza interesgarri esan ziren. Horiek guztiak ez ditut batuko hemen. Azpimarratzeko modukoak iruditu zaizkidanak ekarri ditut hona. Laburpen osoa Topaguneko twitter-en dago txukun eta zehatz. Eta han-hemenka agertu diren kroniketan.

Hainbat kontu behin baino gehiagotan aipatu ziren. Adibidez, egite eta eragitearen arteko oreka bilatu behar dutela elkarteek. Orain arte, euskara elkarteek asko egin dute, baina ez ei diote eragiteari behar besteko garrantzia eman. Eta hemendik aurrera horri ekin behar diote elkarteek gehiago. Lobby moduan aritu behar dute, botere politiko, ekonomiko zein sozialean. Euren esanetan, ezin gara egon besteek egingo dutenaren zain.

Euskal hiztunen komunitatea egituratu eta trinkotu behar dela ere sarri aipatu zen. Gune hegemonikoak sortzea ere aipatu zen. Bizipoza, hizkuntza ekologia, botere euskalduna, behetik gora jardutea, diskurtsoa, …

Elikaduraz eta erregaiez ere egin zuten berba. Denok daukagu zer ikasi, denok daukagu zer irakatsi. Baina antolatu behar da ezagutza hori transmititzeko katea. Eta elkarteek erregaiez hornitu behar dute. Ilusioaz eta jakintzaz.

Kritikak eta eztabaidak ere egon ziren. Gorka Bereziartuak, adibidez, txostenaren hizkera ez zuen gustuko izan, konbentzionalagoa behar zuen hizkera hori bere ustez. Topagunearen lidertzaz ere egin zuen berba, eta beste hainbat kontuz. Belaunaldi berriak sortu behar direla dio txostenak, eta puntu horretan txostengileen adinarekin gogoratu zen.

Ttakun elkarteak ere ekarpena ekarri zuen. Euren arabera, tokian tokiko eredua XX. mendekoa da, XXI. mendean eremu geografikoa gainditu egin behar da.

Eta beste ekarpen batzuk izan ostean, bozketa etorri zen. 73 bozka aldeko, 11 zuri eta 3 kontra. Eta egunaren bigarren partea etorri zen. Poteoa, bazkaria eta arratsaldean kultur ekitaldiak. Baina dena ez dugu kontatuko, ezta?

Bidaltzailea: Txerra Rodriguez, Emuneko teknikaria

Erantzunak

  1. Gure herri erakundeak partidu politikoek kudeatzen dituztela gogoan izanda, autonomien garaiak zer eman duen ikusten hasita gauden honetan, XXI. mende hasierako partidu politiko bakar batek ez ditu herri euskaldunaren garapenak eskatzen dituen gutxienekoak bermatzen.

    Topaguneak, autoafirmazio ariketa bat eginez, beste pausu bat eman du bere abiapuntuko egitekoaren norabidean: Ezagutza, transmisioa eta hedapena landuz, euskaldunon komunitatearen boza lantzeko konpromisoei heldu die, hain zuzen ere herri euskaldunak bere bizitza eta garapenerako beharrezko dituen baliabideei. Benedika fortuna!

  2. Gure herritik iristeko larunbatean goizean goiz jaiki, iratzargailua madarikatu eta mutur ilun samarrarekin abiatu ginen. Baina kongresuaren bukaerarako, hamabi orduko loak ere ematen ez duen indarra hartu genuen. Zorionak Topaguneari!

  3. EUSKALGINTZA BURUA ALTXATZEN HASI DA

    Joan zen zapatuan Bilbon bizitakoa ederra izan zen. Alondigako areto ikusgarrian ehundaka euskaldun militante elkarrekin, euskalduntasuna garatzen jarraitzeko oinarripar berrien inguruko gogoeta egiten. Patxadaz eta autonomiaz. Ilusioz.

    Karmen Irizar, Julen Arexolaleiba, Elena Laka, Rosa Ramos eta Imanol LarraƱagaren berbak entzutea plazerra izan zen. Iturri zaharretik emandako gogoeta berriak, euskara elkarteen mugimenduak eta euskalgintzak orokorrean azken urteotan izan duen egarria asetzera datozenak. Plano guztietan eragiteko beharra (hiztuna, hiztun komunitatea eta politika), gizarte mugimendu izaera azpimarratzea, hizkuntza ekologiaren printzipioak oinarritzea hartzea, euskara lehentasunezko hizkuntza izango den gune hegemonikoak sortzeko helburua aldarrikatzea, praktikarekin batera pentsamendua lantzeko gogoa adieraztea, nazio mailako islada izango duen egituraketa bultzatzeko asmoa… komunitate baten bizinahia. Bozketan ia gehiengo osoz onartu zen “XXI. Mendeko Euskaldunon Elkarteak. Oinarriparrak.” txostena. Karmen Irizarrek ongi esan zuen bezala, mugimenduaren autozentratze eta autoafirmazio ariketa izan zen.

    Bazkal ostekoa ez zen gutxiagorako izan. Noizbait Patxi batek ghetoa ginela esan zigula gogoratuz hasi zen musika, bertso, antzerki, poesia eta mistika saio koloretsua. Saioan gogoratu genuen mundua garela baina mundua ez dela gurea, eguneko hitzekin batera gauekoak ere behar ditugula, koloretako mundua nahi eta behar dugula… Neretzat argi dago, Euskara 21 txostenean “boluntarismo eta ameskeria” multzo moduan izendatzen gaituztenok burua altxatu dugu eta ez gara besoak gurutzatuta geldituko. Euskal Herriko lau ertzetara itzuliko gara gabaz, eta Bilbon bildutako indarraz, grinaz eta poz taupadaz, herri hau sortzen segituko dugu euskaratik ta euskaraz!

    Atseginez eta adorez!

  4. Ez nintzen Kongresuan izan; asko poztu naiz bertan izandakoek ekarri duzuen indarra ikusita. Bejondeizuela!

    Bi ideia azpimarratu nahi ditut irakurri eta entzundakotik:

    Animo eta eutsi goiari!

Erantzun