Enpresen #sarekohizkuntzak

Asteartea, 2012ko irailaren 18a

Artikulu hau jatorriz Administrazioan euskaraz aldizkarian argitara eman zen.

Gaur egun, enpresa eta erakunde askoren komunikazio kanal bihurtu dira sare sozialak. Enpresa eta erakunde hauek nahiz eta beste komunikazio kanal batzuetarako hizkuntza irizpideak zehaztuta eduki oraindik ez dakite nola jokatu behar duten sare sozialetan edo zein izan behako litzatekeen estrategia linguistiko egokiena. EMUNeko lantalde bat egoera honi erantzuten saiatu gara azken hilabeteetan #sarekohizkuntzak proiektuaren baitan.

Administrazioak gai honen inguruan hausnarketa egin du eta dagoeneko baditu irizpide batzuk zehaztuta Eusko Jaurlaritzaren gizarte-sareetako erabileren eta estiloaren gidan. Gainera, Administrazioaren kasuan legeak ere bide bat markatzen duela uste dugu. Enpresa pribatuen kasuan, ez dago lege edo araurik eta beraien helburu komunikatiboak eta hartzaileak sarritan ez dituztenez oso ongi definituta, hizkuntza irizpideak zehazteko arazoak izaten dituzte.

Aukerak asko dira, enpresa bakoitzaren ezaugarriek ere baldintzatu egiten dute euren aukera, bezero mota, merkatua… EMUNek hainbat aditurengana jo zuen iritzi eske, Joxe Rojas, Luistxo Fernandez, Rober Gutierrez, Josu Bergara edo Joxe Aranzabal, esaterako. Iritzi hauek aztertuta, ezin esan jokatzeko modu bakarra gomendatu daitekeenik, beraz, enpresa bakoitzak bere hartzailea zer nolakoa den kontuan hartuta, eta saldu nahi duen produktuari begira diseinatu beharko du bere komunikazio estrategia.

Lan honen helburuetako bat esperientzia zehatzak ezagutzea ere izan zen, horrela Euskadiko Kutxaren kasua aztertu da, eta argi daukate euskarak lehentasuna duela bezeroari begirako komunikazioan eta kontu bakarrean euskara eta gaztelania erabiltzen dituzte, bai Twitterren baita Facebook-en ere.

Deskontu.com Interneteko enpresa bat da eta euskara besteengandik ezberdintzeko estrategia dela konturatu dira, eta bezeroak eskertu egiten duela euskarazko zerbitzua ematea, eta ondorioz, sare sozialetan euskara erabiltzen dute.

Ternuak berriz, hiru hizkuntza erabiltzen ditu kontu bakarrean: euskara, gaztelania eta ingelesa. Hemengo identitatea mantenduz munduarekin hitz egin daitekeela azaleratzen du esperientzia honek.

MUtelebistaren kasuan euskara da hizkuntza nagusia, eta gehienetan, aurkezpenak eta iradokizunak euskaraz daude eginak eta azpitituluak gaztelaniaz eta ingelesez. Baina norbaitek beste horietako hizkuntza batean hitz egiten duenean, orduan azpitituluak beste hizkuntza bietan jartzen dira. Horrela, edozeinek onartzeko moduko formula sortu dute, euskaraz ondo moldatzen direnentzat eta berau ulertzen ez dutenentzat.

Sarean egindako hausnarketa horri segida emateko, apirilaren 17an #sarekohizkuntzak enpresetan jardunaldia egin genuen Garaia Berrikuntza gunean eta EMUNekook enpresek sareko hizkuntza irizpideak definitzeko gako batzuk aurkeztu genituen.

Uste dugu, enpresek bezeroari bere hizkuntzan eman behar diotela informazioa. Euskal hiztunak diren bezero edo erabiltzaileekin euskaraz jardun beharko dute eta sare sozialak bezeroekin harremanetan jartzeko beste kanal bat direnez, hauetan ere irizpideak zehaztu beharko ditu enpresak.

Enpresek Internetera salto egin aurretik hizkuntzaren gaia hausnartu behar dute, sare sozialetan zertarako egon nahi duten zehaztu eta horren arabera komunikazio estrategia bat definitu. Koherentea izan behar du enpresaren Interneteko jardunak; argi eduki behar dute sarean esaten denak enpresaren identitatearekin zerikusia duela: azken baten offlinean, hau da, Internetetik kanpo, eurentzat euskara garrantzitsua bada, onlinean, Interneten, ere halaxe izan beharko da.

Jarrain hizkuntza irizpideak definitzerakoan kontuan hartu beharreko gakoak zehazten dira:

  • Norabidea zehaztu: hizkuntzarekiko konpromisoa badu enpresak, komunikazio jarduna horren araberakoa izango da. Esaten denaz gain, nola esaten den garrantzitsua da. Hau da, mezuak euskaraz, gaztelaniaz edo elebitan zabaltzeak irudi bat emango du, edukian bertan azaltzen denaz gain. Hizkuntza aukerak berak irudi bat zabalduko du jarraitzaileen artean, bai enpresaz, baita bezeroekin izan nahi duen harremanaz ere.
  • Community managerra: Sarean euskaraz egitea erabakiz gero, saregile lanak egingo dituen pertsona euskalduna izatea ezinbesteko da. Bestetik, enpresako Community Managerrak euskarazko sare sozialen egoera ezagutu behar du, hau da, garrantzia izango du nor jarraitzen duen, adibidez, gure enpresa edo markak jarraitzen dituen kontu guztiak gaztelaniaz ari badira, gaztelaniazko komunitate batean egongo gara eta zaila izango da hor euskaraz jardutea.
  • Zein da hartzailea?: ezinbestekoa da informazio hau ezagutzea, hau argi izateak irizpideak zehaztea erraztuko du.
  • Sare sozialak: Twitter, Facebook, Google+… bakoitza helburu batekin erabili daiteke eta bakoitzak aukera ezberdinak eskaintzen ditu. Twitter informazioa zabaltzeko egokiagoa da eta Facebook iruzkinak egiteko. Google+k aldiz, jarraitzaileak taldeka antolatzeko aukera ematen du.
  • Jarraipena egitea: baliteke hau izatea gakorik garrantzitsuena. Sare sozialek berehalako feedback-a eskaintzen dute, beraz enpresak probak egin behar ditu, baina, modu kontziente batean jarraipena egin ahal izateko eta horren arabera beharrezko egokitzapenak.

Bestetik, eta enpresak sarean euskaraz egin nahi duela kontuan hartuz, jarduteko aukera batzuk proposatu genituen. #sarekohizkuntzak hausnarketan hainbatetan irten den galderari erantzun nahian edo: kontu bat hizkuntza bakoitzarentzat edo hizkuntza guztiak kontu berean? Gure ustez, enpresak sare sozialetan duen jarduna oso zabala ez bada euskara eta erdara kontu bakar batean uztartzeak ikusgarritasuna ematen dio euskarari. Aldiz, enpresak sare sozialetan duen jarduna oso zabala bada hizkuntza bakoitzarentzat kontu bat erabiltzea proposatzen dugu.

Demagun kanal bakarrean jardutea erabakitzen duela, zein izango da irizpidea mezuak zabaltzerako orduan? Nola eman lehentasuna euskarari? Gure ustez, ez dago informazio guztia hizkuntza guztietan errepikatu beharrik, zenbait informazio hartzaile konkretu bati zuzenduta dago eta horren hizkuntzaren arabera egin dezakegu. Bestetik, informazioa errepikatzen badugu zein mezu zabaldu behar da lehenengo? Euskarazkoa primizia izan dadin lehenengo euskaraz zabalduko dugu eta denbora batera erdarazkoa. Baina, bi mezuak aldi berean eman nahi baditugu zabaldu lehenengo erdaraz eta ondoren euskaraz horman euskarazkoa azaldu dadin aurrena.

Bideoak dira enpresek gaur egun erabiltzen dituzten beste medio bat. Hauetarako MU telebistak erabiltzen duen irizpide berbera aplikatzea proposatzen dugu: bideoak euskaraz sortu eta ondoren azpidatzi. Bideoan hitz egin behar duena ez bada euskalduna bere hizkuntzan grabatu eta euskaraz azpidatzi.

Bukatzeko, aurretik aipatutako bezain garrantzitsuak diren kontuan eduki beharreko bi gai aipatu nahi genituzke. Lehenengoa, hizkuntza kalitateari buruzkoa da; hizkuntza zuzena eta egokia erabiltzea beharrezkoa da. Erabilera desegokiek (ortografia akatsak, esaldien argitasun eza…) enpresaren irudiari egiten diote kalte. Bigarrena, enpresako pertsona estrategikoen ingurukoa da; enpresa edo erakundeak kontu korporatiboak zabaltzen dituzte, baina, askotan hauetan enpresako kideek parte hartzen dute. Kolaboratzaile hauek edo erakundeko pertsona estrategikoek ere hausnarketa egin beharko lukete sare sozialetan erabiltzen duten hizkuntzaren inguruan.

Informazio guztia: http://www.lantalan.eus/baliabideak-eta-tresnak/sarekohizkuntzak

Edurne Gonzalez (Emuneko teknikaria eta sare sozialen hizkuntza kudeaketan aditua)

Twitter: @Edur_Gonzalez

Erantzun