Euskararekiko sentsibilizazioan eta motibazioan eragiteko teknikak

Asteartea, 2012ko urtarrilaren 10a

UEUk 2011ko uztailean Iruñean egin zituen ikastaroetako bat izan zen Euskararekiko sentsibilizazioan eta motibazioan eragiteko teknikak ikastaroa. Ikastaroaren arduraduna Virginia Belategi izan zen, PNL eta Adimen emozional gaietan aditua.

Bereziki, DBHko eskoletako irakasleei zuzenduriko jardunaldiak izan ziren, haur eta gaztetxoetan eragiteko. Ikastaroko hausnarketa nagusia: gazteei euskaraz egiteko eskatzen diegu, baina zer egiten dugu guk?

PNL eta Adimen emozionaletik abiatuta ariketa eta teknikak ikusi genituen, beti ere, jarrera eta portaeren inguruko hausnarketa bultzatzeko xedearekin.

“PNL teknikak programazio neurolinguistikoa esan nahi du. Hau da, buruan kode edo programa batzuk ditugu eta horien arabera funtzionatzen dugu. Kode horiek maila neurologikoan daude, hizkuntzaren bidez kodifikatuta. Zer esan nahi du horrek? Berriro, hizkuntzaren arabera kodifikatuta egon daitezkeela. Adibidez, nik neure buruari errepikatzen badiot behin eta berriz ez dudala hizkuntzak ikasteko balio, argi dago ez dudala inoiz hizkuntzarik ikasiko”.

http://www.flickr.com/photos/pere/523019984/

Helduok zein eredu transmititzen dugu?

Askotan eskatzen zaie gazteei euskaraz egiteko baina guk zer egiten dugu?

Horregatik, lehenik eta behin norberaren praktika zein den aztertu behar dugu. Hau da, gure jokabidea eta horren arrazoia ikertzea. Bakoitzak euskararen inguruan izan duen ibilbidean sakondu behar dugu.

Haurren motibazioan eragiteko zer egin genezake?

Aztertu beharreko beste kontu bat da gazteek zergatik ez duten euskaraz egiten.

Esaterako, zein motibazio falta duten. Gaztelaniaz hitz egiten badute, ea zergatik egiten duten, ezagutu zein jarrera edo jokabide dagoen horren atzean eta ikusi aldagarriak diren ala ez.

“Jarrera aldaketa bultzatzen saiatu behar dugu motibazio tresnak erabiliz; hizkuntzari atxikimendua, ezagutza… hizkuntzarekiko maitasuna sustatzea, azken finean”.

Motibaziorako:

  1. Jokabidearen azpitik jarrera dago. Jarrera aldatzen ez badugu, ezin dugu jokabidean eragin.
  2. Jarrerak alda ditzakegu, baina nahi dugun emaitza lortzeko, enpatia eta errespetua ezinbestekoak dira.
  3. Komunikazio pertsonalak pisu handia du motibazioa eragiteko orduan.
  4. Hizkuntza bat erabiltzeko kontzientzia eta gaitasuna behar dira eta gure lana biak indartzera joan behar du.

Zenbait teknika baliagarri sentsibilizazioan eta motibazioan eragiteko:

  • Arbolaren teknika: arazoaren arrazoiak izendatu eta horien artean zentrala dena aukeratu. Ondoren, arazo horren ondorioak eta arrazoiak kokatu egiten dira goian edo behean. Grafikoki arazoaren zuhaitza irudikatu arte.
  • Eguneroko erabilera ohiturak: euskara zertan eta non erabiltzen dugun kolore bidez irudikatu. Oso ondo dago grafikoa delako eta hiztuna bere kontraesanen aurrean jartzen duelako.
  • Entzuketa aktiboa: asko hitz egiten dugu baina gutxi entzun. Jendea entzun behar dugu, bere egoera eta arrazoiak ezagutu. Eta ondoren, egoera aldatzeko baliagarriak izan daitezkeen irtenbideak proposatu. Gehiegitan kontrakoa egiten dugu, zuzenean goaz ekintza plan edo soluzio magikoekin jendea behar bezala ezagutu gabe.
  • TELP Tailerra: Euskaraz eroso noiznahi eta nonahi sentitzeko tailerra da. Kontzientziari esker leialtasuna eskaintzen diogu gure hizkuntzari. Rol jokoak antzeztu genituen egoera ezberdinen aurrean jokabide bat antzeztuz.

DIMISIOA-KONTZIENTZIA-LEIALTASUNA (egin nahi)-BALIABIDEAK-ASERTIBITATEA (egiten jakin)

Motibazio ekintzen adibideak (Euskara planetan erabiltzen ditugunak azaldu zituen)

  • Euskara erabiltzeko kanpaina orokorrak
  • Euskara ikasteko baliabide egokiak
  • Gazte euskaltzaleen identifikazioa
  • Lehiaketak
  • Hausnarketarako ekimenak
  • Jaiak
  • Euskararen prestigioa lantzeko ekimenak
  • Beste zentro batzuetara bisitak
  • Aldizkariak
  • Kudeaketan parte-hartzea sustatu (lanak ardurak banatu)
Bidaltzailea: Mikeldi Zeberio, Aintzane Agiriano eta Larraitz Kortabarria Emuneko hizkuntza-teknikariak

Erantzun