Euskaraz bizi nahi dut

Asteartea, 2010eko urriaren 19a

Maiatzaren 15ean Nafarroan inoiz egin den manifestaziorik handienean milaka pertsonak oinarrizko lelo baten alde egin zuen: Euskaraz bizi nahi dugu!!! Egia esan, manifestazioaren prestakuntzan ohartzen hasiak ginen herritarrek aski arin egin zutela bat lelo horrekin.

Hala ere, leloa izatetik haratago jo nahi dugu Euskaraz bizi nahi dut esaldiarekin; lelotik pentsamendurako jauzia egin behar dugu. Izan ere pentsamendua aldatuz sortzen dira aldaketa sozialak.

Euskaraz bizi nahi dut ideia da pentsamendu hori egituratu behar duena. Hizkuntza bat ezagutzeak ez dakar berez hizkuntza horretan bizitzeko nahia. Gutariko askok atzerriko hizkuntzak ezagutzen ditugu, baina ez dugu horregatik hizkuntza hori erabiliz bizi nahi. Hizkuntza horiei zeregin funtzional koiunturala ematen diegu, ez dute gure bizimodua aldatzen, ez eta gure ingurunean eragiten ere. Euskara normalizatuko bada, ordea, ikuspegi funtzional eta koiuntural hori gainditu beharra dago eta horretarako, euskaraz bizi nahia da desberdintasuna ezartzen duena. Euskara bizitzeko hizkuntza da, euskara ez da motibazio akademiko hutsengatik ikasten den zerbait, euskara ez da motibazio pragmatiko hutsengatik ikasten den hizkuntza, euskara bizitzeko hizkuntza da.

Pentsamendu arras berritua da, hizkuntzak fenomeno sozialak direlako eta ezin delako euskaraz bizi aldaketa sozialik gabe. Pentsamendu hori gizartean errotzen dugun neurrian, herritarrak, gizarte eragileak, eta arduradun politiko-instituzionalak ideia horren baitan jokatzen hasten direnean, gizarte aldaketa burutzen egongo gara.

Bidaltzailea: Paul Bilbao Sarria, Kontseiluko idazkari nagusia

Erantzun