Herri indigena desberdinak ezagutu eta elkarren esperientziak elkartrukatzeko aukera eskaini digu Fagor Taldearen aurtengo topaketak.

Eskoriatzako Apotzan elkartutako 30 lagunok gaur arte gehienontzat behintzat ezezagun ziren herri maia, nasa eta nahuatl-a ezagutzeko aukera izan dugu. Baita beraiekin gure herriaren esperientzia, labur bada ere, elkarbanatzekoa.

Alba Velasquez maia caqchikela, Rolando Ascue nasa eta Gabriel Vazquez Chavez nahuatl-a Oiher Arantzeta Fagorreko langile soraluzearraren alboan eseri eta entzun ditugu, banaka-banaka, bakoitzak kontatzeko zituenak. Denak ere Txema Abarrategi, Garabideko dinamizatzailearen gidaritzapean eta bere galderei tiraka.

Izan da berriketarako astia, baita kanturakoa ere. Gertuan beti baitugu bertsolari, abeslari eta gitarrajoleren bat edo beste gurean.

Maia Caqchikel herria, Albaren ahotik

Alba Velasquez eskola bateko zuzendaria da egun. Ez ditu ahazteko, baina, horra iristeko bidea erraztu dioten bi pertsonak. Amak hizkuntza eman ziola kontatu digu eta aitak, berriz, hezkuntza edo hezkuntzarako sarbidea eta grina.

Motzean bada ere, ahalegindu da azaltzen Guatemalan gerra zibilak utzitako miseriak. Gatazka armatuak edota Guatemalaren independentziak berak indigenengan eragindako gutxiespen eta mespretxuak izan ditu hizpide, nolabait azaldu nahian horrek guztiak eragin duen beldurra. Bizitakoak bizita, nork esan altuan “ni indigena naiz” edo hitz egin nork bere hizkuntzan.

Hori horrela, baina, badihardute. Garabide elkarteari esker, gainera, orain 5 urte elkar ezagutzen ez zuten lau eskola elkarlanean hasi ziren, kultura eta hizkuntzaren biziberritzea oinarri. Esker hitzak baino ez ditu, beraz, Albak,  Garabide elkarteko kideentzako.

Bukatzeko, baina, pareko Fagor Taldeko langileentzako hitzak ere izan ditu eta halaxe zuzendu zaie: “Barkatuko didazue baina zuek izugarrizko erantzukizuna daukazue. Zuek hemen egiten duzuen lanak balio izugarria dauka. Ez hemen bakarrik, baita guretzako ere. Zuek gure aurretik zoazte, eta segi mesedez, segi egiten duzuen horretan, kooperatiboki, segi lanean. Zuek egiten diharduzuen bidea egingo dugu guk gero”.

Irakurtzen jarraitu...

Urriaren hasieran Garabideko Txema Abarrategi eta Jon Sarasua izan genituen EMUNen “Beltzean Mintzo” dokumentala aurkezten. Dokumentaleko protagonistak “Jatorrizko hizkuntzen eta identitateen berreskurapenerako” masterra egitera Euskal Herrira etorritako hainbat kide dira; kitxua, nasa, nahuatl, kaqchiquel, aimara, maputxe eta maia yukatek hizkuntza komunitateetako ordezkariak, hain zuzen ere.

Zer ari da gertatzen Amerikako hizkuntza handiekin? Nola ikusten gaituzte euskaldunok gainerako hizkuntza gutxituetako kideek? Lagun ahal dakieke euskal esperientziak euren hizkuntza berreskuratzeko prozesuan?

Hona ekarri ditugu bideoko protagonistek aipatutako ideia batzuk:

Arnasguneez…

RumiSamai (kitxua otavalo): “Estatuen eta gobernuen politikak hizkuntza ukatzera bideratu dira; azken urteetan egoera larria dugu kitxuerarentzat. Orain arte kitxuera nahiko seguru zegoen tokietan gaztelania sartzen ari da”.

David (kaqchikel): “Kontzientziatu behar ditugu kaqchikeleraz klasea emateko, baliabide gutxi izan arren. Hori egiten ez badugu, bost bat urte barru galduko da hizkuntza. Nekazari guneak oraindik santutegiak dira niretzat. Han badira umeak kaqchikeleraz badakitenak, eta irakasleari kaqchikeleraz galdetzen diotenak”.

Transmisioaz…

Hilda (kitxua panzaleo): “Sarritan gurasoek uste dute ez dutela hizkuntza transmititu behar familian, bizitzan defendatzeko armarik gabe egotea delako, guztiaren azpian egon behar dela, eta ez duela ezertarako balio. Eta ez badu balio, gazteek ez dute hitz egin nahi, lotsatu egiten dira”.

Jatorrizko hizkuntzen garrantziaz…

Yazmin (maia yukatek): “Ez dakit poetikoki edo sentimentalki hitz egitea den, baina guztia gozoagoa bilakatzen da maiaz mintzatzean. Etxekotasuna aurkitzen duzu. Eztabaida batean egon zaitezke, baina maian maitasuna aurkitzen duzu hitzetan, ulermena aurkitzen duzu. Nik uste dut gure hizkuntza delako desadostasunean ere elkar ulertu dezakegula”.

Cesar (Kitxua kayambe): “Kitxua mundua da, kitxua bizia ematen diguna da. Kitxua gure aitona da, gure bidea, gure argia, gure bizitza, gure muga”.

Euskararen esperientziaz…

Arturo (kitxua cachisagua): “Korrikarena adibide ona izan da. Nola hizkuntza bihur daitekeen motor bat, pertsonak, eragileak, erakundeak, milaka bihotz mobilizatzeko, norabide bat partekatuz. Beharbada guk Ekuadorren ere hori egin dezakegu…”.

David (kaqchikel): “Hasteko, Ikastolen proiektu edukatiboa dago. Inmertsio osoaren ereduan daude. Beharbada zaila da gurean hori egitea, baina hasi egin behar dugu”.

RumiSamai (kitxua otavalo): “Aitortu behar dut euskaldunek eskuzabaltasun itzela dutela gure herriekiko. Uste dut antzekotasun asko ditugula. Uko egiten diogu gure jatorria ezabatzeari kontinente desberdineko jatorrizko herriek”.

…eta zer dugu guk haiengandik ikasteko?

Txema Abarrategi (Garabide Elkarteko koordinatzailea): “Euskaldunok adi egon beharko dugu, arreta paratu behar diegu beste biziberritze prozesuei, horietatik jakintza teknikoa, gako psikologikoak eta muturreko egoerak iraultzeko abilidadea eta egonarria ikas ditzakegulako. Horrekin batera, bistan da, lagun berriak ere topatu ditugula bidean, erronka unibertsal bati aurre egiteko aliatuak.

Eta, hara, gizarte eleanitza kudeatzeko taktiketan ere badugu elkarrengandik zer ikasi, eta hobe lukete beste  “hegemoniko” batzuek ere haiei eta guri erreparatuko baligute.

Azkenik, Hegoko herrietatik gure kosmobisioa berrosatzeko, berreraikitzeko, ildoak ere badatozkigu. Inspirazio iturri interesgarria dugu beste hizkuntza komunitate horietan”.

Beltzean Mintzo emanaldien egutegia

Irakurtzen jarraitu...