Zegama. Gipuzkoa hegoaldeko herri bat da, Goierri eskualdean. Doi-doi 1.500 biztanleko langa gainditzen du. Sarrera hau euskararen ezagutzari eta erabilerari buruzko datuekin osatuko dugu: euskaldunak %83 dira, ia-euskaldunak %6 eta erdaldunak %10 (Eustat, 2016). Erabilera, berriz, %68koa zen 2011n.

Aurtengo martxoan deitu zuen Zegamako Udaleko Euskara Batzordeak EUSKARALDIA antolatzen hasteko lehen bilera. Lehen erabaki esanguratsua antolaketa taldea herritar gehiagori zabaltzea izan zen. Hori horrela, 10-12 laguneko talde motorra lanean hasi zen. Adinez, jatorriz, generoz eta lanbidez talde anitza osatzea lortu da, udala eta herritarrak bat eginik lehen unetik. Hau indargune garrantzitsua izan da orain arteko ibilbidean.

EUSKARALDIAren egitasmoari lotuta, orain arte, honako ekimen hauek nabarmenduko genituzke:

-Maiatzaren 10ean EUSKARALDIAren aurkezpen publikoa egin genuen berrogeita hamar bat herritarren aurrean Aitziber Garmendia aktorearen laguntzaz. Herriko hiru gazte izan ziren saioa gidatu zutenak eta horrek ekitaldiari beste balio bat erantsi zion.

-Ekainaren 23an San Juan bezperako suaren inguruan Desioak sutan ekimena prestatu zuten batzordekideek. Hots, herritarrek euskararekiko dituzten desioak jaso, kutxa batean sartu eta sutan erre desio horiek bete daitezen.

-Honi guztiari EUSKARALDIAren irudia sozializatzeko herriko hainbat ekintzetan egin den ahalegina erantsi behar zaio, toki askotan agertu da EUSKARALDIAren logotipoa herriko elkarteen borondate onari esker.

Orain opor osteko garaia dator eta lanak ugaritu egingo dira baina horrek ez gaitu kezkatzen. Taldekideek erakutsi duten gogo eta ilusioarekin ondo joango den uste sendoa baitaukagu. Azpimarragarria da Zegamaren moduko herri bat erakusten ari den indarra tamaina honetako erronkari eusteko. Hunkigarria ere bai, herritarrak auzolanean ikusita.

Opor osteko garaia herriko jaietan, San Bartolometan, hasiko dugu Irten armairutik ekintzarekin: izena eman nahi duten herritar guztiei argazkia aterako zaie (bakarka, binaka nahiz taldeka) berariaz prestatutako armairu batetik irtetera doazela irudikatuz. Hori eta gauza gehiago izango dira jaietan izena emateko garaia badatorrela gogoratzeko. Horren ondoren, egitasmoan izen-ematea antolatzen eta hamaika egunak prestatzen jarraituko dugu. Esan gabe doa, Zegamako Talde Motorra zabalik dagoela borondate onarekin datorren herritarren ekarpenei leku egiteko.

Zuk pentsatu al duzu zer izango zaren, ahobizi edo belarriprest?

Inaxio Usarralde (Emuneko kidea)

Irakurtzen jarraitu...

Azken urteotan hizkuntz ohiturak aldatzeko dinamika herritarrak ugarituz joan dira. Hala, Donostiako Egia auzoan, Lasarten edota Agurainen martxan jarritako dinamikak hedatzen hasi arte. Herri horietako emaitzen bila Fagor Ederlanen ere heldu diote erronkari, eta hizkuntza ohiturak aldatzeko PREST dinamika jarri dute martxan.

Denbora tarte baterako, hiztunak rol bat hartu eta hori betetzea da erronka. Euskaraz ulertzea da parte hartzeko ezinbesteko gaitasun bakarra, eta, noski, euskaraz bizitzeko ahalegin txiki bat egiteko borondatea.

Erraza da ariketa: batzuk “Belarriprest” izatea erabaki dute, euskaraz entzutea izan da euren lana. Eta beste batzuk, berriz, “Ahobizi” izan dira, ulertzen duen guztiari euskaraz egin diotenak. Batzuek zein besteek hautatu duten rola ageri den txapa bana eraman dute paparrean erronkak iraun duen artean, hilabete bat, kasu honetan. Horrela, elkarri “baimen” antzeko bat eman dio batak besteari euskaraz hitz egin eta entzuteko. Eta era berean, babesa ere izan dute, bakarrik ez dihardutenaren erakusle.

Martxa onean

Hasieratik anbizioz jokatu, eta ez zuten erronka makala jarri. Fagor Ederlango negozio bakoitzean euskaraz ulertzen zutenen erdiek parte hartzea lortu nahi zuten, eta lehen helburu hori lortzeko oso gertu egon dira. 590 parte-hartzaile nahi zituzten Euskara Batzordeetako kideek, eta 560 pertsonek eman dute izena.

Zer dela eta jarri duzue martxan PREST dinamika Ederlanen?

Ruben Beitia, Emuneko aholkularia. Ederlanen euskaraz normaltasunez egitea posible izan dadin baldintzak sortzen lan handia egin da azken urteetan. Baina, badakigu, horretaz gain, erabilerari berari ere egin behar zaiola tira, erabilerak erabilera baitakar, hau da, gaur euskara erabilita bihar erabili ahal izateko baldintzak sortzen ari naiz. Horretarako baina, langileak aktibatu beharra dago eta horretan laguntzen duelako jarri dugu martxan PREST dinamika.

Zertarako balio du PREST dinamikan parte hartzeak?

Marcial Iruretagoiena, zuzendaria. Oso eroso sentitu naiz. Dinamika polita da, eta ea poliki-poliki ohiturak aldatzeko balio duen. Ikasten ari direnentzako ere balio du, eta, beraz, ezin hobe!

Aitziber Iturbe, Erabateko Kalitateko arduraduna. Oso ondo sentitu naiz “Ahobizi” izaten. Bestela ere euskaraz egiteko joera handia daukat, baina honek norbera eta ingurukoak euskaraz gehiago egitera animatu gaitu. Ohartu naiz jende askok dakiela eta ulertzen duela euskaraz, eta batzuetan behar dira horrelako dinamikak erabilera bultzatzeko. Jendeari bultzadatxo bat emanda erabilerak gora egiten du; niri “Belarriprest”ek eurek eskatu didate euskaraz egiteko, eta, beraz, horretan ari naiz.

Aitor Aspe, lehendakaria. Izugarrizko poza eman dit dinamika honekin jendea nola aktibatu den ikusteak. Horrelakoak ere oso beharrezko ditugu, eta egia esan, ni neu oso eroso sentitu naiz. Euskaraz aritzeko ateak zabalduz, ustekabeko politak izan ditugu.

Eta zer sentitu dute parte-hartzaileek?

Hilabetez dinamikak sentiarazi diena baloratzeko eskatu diete parte-hartzaileei. Lehen galdera batean nahi beste sentimendu hautatu dituzte, eta, horrela, besteak beste, %68k poza azpimarratu du. Ondotik, sentimendu horietatik guztietatik bakarra aukeratzeko esanda, honakoak izan dira emaitzak:

Balio izan du erabilerak gora egiteko?

Parte-hartzaileen erabilera aitortuari erreparatuz gero, “Ahobizien” euskararen erabilerak batez beste 13 puntu egin du gora; dinamika hasi aurretik %58koa zen, eta dinamika garatu bitartean %71koa, hain zuzen ere.  

Baina dinamikaren hilabete horretara mugatu gabe, aurrerantzean zenbat euskara erabiliko duten ere galdetu diete langileei. Eta, hor ere, langileek erronkari eustea erabaki dute, batez beste, %69 erabiliko baitute euskara, aurreko %58 atzean utzita.

FAGOR EDERLAN PREST from Fagor Ederlan Group on Vimeo.

Irakurtzen jarraitu...