Joan den irailean, Jon Sarasuak Emuneko hainbat teknikarirekin jardun zuen Hiztunpolisa liburuari buruz solasean. Hitzaldian izan ziren lau laguni eskatu diogu hitzaldiaren osteko inpresioak guri helarazteko.

Batek baino gehiagok nabarmendu du Jon Sarasuak egindako lana. “Handia da Sarasuak hausnarketarako zein etorkizunaren ikuspegia lantzeko, eta hori guztia ahoz zein idatziz azaltzeko duen gaitasuna”, Juan Luis Arexolaleibak adierazi duen moduan.

Baina, batez ere, eztabaida eragin du liburuak.

14652625842_1690a88efc_o

Aiora Filarmendik, adibidez, honako hau dio: “Amets egitetik ote gatoz? Litekeena da. Baina ametsak jarri ditu bideak, eta ametsak jarri ditu ilusioak. Seguruenik, gauzak ez dira urte hauetan lanean ibili direnek bere momentuan pentsatu zituzten bezalakoak. Baina utopia beharrezkoa ei da oinez jarraitzeko, eta gutxienez horretarako balio izan dute orduko ametsek, bidea egiteko.

Norabidea egokia izan da? Garraioa garestiegia? Jarraibideak kontraesankorrak? Baina iritsi gara. Nora? Egun bizi dugun errealitatera. Gaixorik gaudela esatera. Gaixorik gaude. Bai. Kontziente gara horretaz. Eta sendatu nahi dugu. Euskalgintzak sendatzeko desioa dauka. Baina zein da terapia? Hori da zehaztea falta zaiguna. Eta ezin dute medikuek erabaki. Euskalgintzak, berak, erabaki behar du zein den terapia. Eta protagonista izan behar da. Erabakiak eta sendatzeko egin beharreko urrats bakoitza erabakitzeko momentuan protagonista; igurtzi beharreko ukendua aukeratzean, hartu beharreko salda prestatzean eta, beharrezkoa izanez gero, egin beharreko ebakuntza zein izan behar den erabakitzeko momentuan”.

Miren Lazkanok dio, bestetik, euskalgintzak aurrera begira bere ahots propioa izan behar duela eta lotura ideologiko-politikoetatik aske. Zentzu berean, Abel Irizarrek antzeko zerbait esaten du:  “Azken 20-30 urteetan leku eta une gutxitan lortu da kolore eta ideologia anitzeko euskaltzaleak euskararen inguruan elkarrekin biltzea, kohesionatzea eta elkarrekin lan egitea. Baina, hori lortu den kasuetan, lortu da mugimendu horrek sinesgarritasuna izatea gizartearen aurrean, eta bertatik bultzatu diren proiektuek arrakastaz jardun dute”.

Juan Luis Arexolaleibak, ordea, ohartarazten gaitu: “Jonen ekarpena ezin da literarioa izan. Herrigintzan, oro har, eta euskalgintzan ari garenok liburuari xukua atera behar diogu, gure jardunean txertatzeko ideia eta proposamen ugari egiten baititu”. Zentzu berean, Abel Irizarrek dio “ametsa birpentsatzeko garai ona izan daitekeela. Orain dela 40 bat urte euskalgintzak kolektiboki amestu zuen hura egokitzeko eta amets berria adosteko garai ona izan daiteke, garai soziopolitiko berriari erreparatuta. Eta, ondoren, estrategiak ondo zehaztekoa”.

Irakurtzen jarraitu...