Gasteizen 15 eta 30 urte bitarteko gazteen artean gehiago dira euskara dakitenak ez dakitenak baino. Aldaketa esanguratsua da. Adin horietako 10 gaztetatik 8k euskara ulertzen du. 15 urtetik beherakoen artean euskarak are leku nabarmenagoa du.

Egia da argazki honek ñabardura asko dituela: haur eta gazte horietako asko hobeto moldatzen dira gaztelaniaz euskaraz baino, inertziek eta ohiturek gaztelaniaren alde jokatzen dute…

Aisialdia baliabide ahaltsua da hizkuntza normalkuntzarako. Izan ere, haur eta gazteek aisialdian hizkuntzekin zer nolako harremana duten  eragingarria izango da beren motibazioetan, jarreretan, baita hizkuntza gaitasunean ere.

Horretarako, proiektu baten diseinua eskatu zion Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuak EMUNi, aisialdian aritzen diren entitateetan eragiteko asmoz.

Proiektuan zerbait nabarmentzekotan, bi puntu aipatuko nituzke:

  • Elkarteekin etorkizuna “aurreikusten” jardun dugu. Elkarte edo entitate bakoitzak etorkizunean hizkuntzarekin nola jokatu nahi lukeen definitu du.
  • Elkarteek prozesuaren kontrola bere gain hartzea izan dugu helburu. Prozesu osoan zehar kanpoko laguntza izango badute ere, hasiera-hasieratik argi utzi dugu beren erabakiak direla.

Horretarako irizpideak betetzeko gida sortu du EMUNek. Bertan xehe-xehe agertzen da zein diren erakundearen arlo bakoitzean lehenago edo beranduago mahai gainean jarri behar dituzten gaiak eta hartu behar dituzten erabakiak. Irizpideak finkatu ondoren, hara iritsi bitarteko prozesua nork bere nahien eta beharren arabera antolatzeko modua ematen du gidak. Hortik abiatu eta elkarte edo erakunde bakoitzak bere bide-orria erabaki ahal du.

Sei elkarte edo erakunde aritu dira orain arte: EGK, Ailaket, Gauekoak federazioa, Emaize, Prisma eta Ludoland.

Datorren urtean ere beste horrenbeste izatea aurreikusten dugu (orotara 12, beraz). Horrek hirugarren lan-ildo bat abian jartzeko aukera emango digu: praktika komunitatea, alegia.

Praktika komunitatea koordinazio hutsetik harago doan egitura da. Antzeko kezkak eta interesak dituzten kideak elkarrekin harremanetan jartzea da: elkarrekiko konfiantzatik abiatuta, ideiak eta esperientziak trukatzeko espazioak sortzea, elkarteen eta erakundeen mugetatik harago ere sinergiak sortzeko.

Uste dugu aisialdiak ekarpen handia egin ahal diola hizkuntzaren normalizazioari: inertziak astintzea da erronka.

Bidaltzailea: Alex Vadillo, Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzua
Irakurtzen jarraitu...