ULMA Handling Systems eta ULMA Architectural Solutions Oñatin kokatuta dauden ULMA Taldeko bi negozio dira. Urteak daramatzagu bi negozio horietan euskara plana inplementatzen.

2014an, lankideen leialtasunean eragin eta euren arteko euskararen ahozko erabilera indartzeko asmoz, GuNE (Gune Naturaletan Eragiten) proiektua jarri dugu abian, negozio bakoitzeko lan-gune jakin batean, hain zuzen ere.

2313092112_ca44cc7c42_o

Ekimenari ekiteko, lehendabizi, aukeratutako gune horretako lankide guztiak bildu eta taldean hitz egin genuen gaiaren inguruan: lankideek ahozko jardunean zituzten ohituren (arauen) inguruan hitz egin, eta euskararen erabilera indartzeko, hau da, arauak aldatzeko erabakia hartu zen taldean. Horretarako, eragileak izendatu genituen; eragileok euren lan-jarduna gune horretako gainerako kideekin euskara hutsean egiteko konpromisoa hartu zuten pertsonak dira. Hilabeteetan jarraipena egin dugu eragileokin euren konpromisoa betetzen ote duten ikusteko, eta bi hilean behin koloregrama bete dute guneko partaide guztiek, euren arteko euskararen ahozko erabilera hobetu ote den ikusteko.

Aipagarriak dira, bereziki, ULMA Architectural Solutions-en lortu ditugun emaitzak. Izan ere, ekimena abian jarri zenean, apirilean, %58koa zen interbentzio-guneko euskararen erabilera, eta, egun, %80ra igo da, eragileen konpromiso irmoari esker, batez ere.

Hortaz, Emunen garatutako metodologia erabiliz, ULMA Architectural Solutions-en euskararen erabilera %22 igotzea lortu dugu bost hilabetean; esperientzia arrakastatsua, zalantzarik gabe.

Orain ohitura hori mantentzen, iraunkortzen eta, ahal bada, hobetzen saiatuko gara.

Bidaltzailea: Aitzol Guridi, ULMA Architectural Solutions-eko Giza Baliabideetako teknikaria eta euskara koordinatzailea

Irakurtzen jarraitu...