Fagor Industrialen, Oñatin, 2016tik talde batean baino gehiagotan jarri izan da martxan hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duen Eusle metodologia; baina 2017an lehen aldiz bi taldetan probatu genuen Soziolinguistika Klusterrak gidatutako ikerketaren baitan. Taldeetako bat bulegoko 11 langilekoa izan zen, eta bestea, tailerreko 22 lagunekoa. Taldeek, ezagutzari dagokionez, antzeko ezaugarriak dituzten arren, emaitzak ezberdinak izan dira.

Bulegoko taldeko langileek, esperientzia hasi aurretik, euren arteko elkarrizketen %59 euskaraz izaten zela adierazi zuten. Ezagutzari erreparatuta, %82 elebidun osoak dira, eta %18 elebidun hartzaileak. 3 lagunek aritu behar izan zuten une oro euskaraz 8 aste horietan zehar txandaka, eta bi hilabeteren ondoren, aitortutako erabilerak %14,5 egin zuen gora. Metodologiak zehaztutako eran, esperientzia amaitu eta 3 hilabetera berriro galdetu zitzaien taldekideei gainerakoekin, bikoteka, euskara zenbateraino erabiltzen zuten, eta, datuak bigarren neurketatik apur bat behera egin bazuen ere, %12ko igoerari eustea lortu zuten.

Tailerreko 22 pertsonako taldean ere, %86 elebidun osoak dira eta gainerakoak elebidun hartzaileak. Hasieran esan dugun moduan, nahiz eta ezagutza datuak antzekoak edo hobexeagoak izan, Eusle metodologia aplikatu aurretik aitortu zuten erabilera % 34koa zen. Guztira, 6 Eusle izan zituzten (une oro euskarari eusteko zeregina zuten langileak), txandaka, eta 8 asteak pasatutakoan, erabilerak %17 egin zuen gora. Hala ere, talde honen kasuan, lortutakoari eusteko zailtasun handiagoak izan zituzten, eta esperientzia amaitu eta 3 hilabetera, guztira, %4ko igoerari baino ezin izan zioten eutsi.

Zenbakiak ikusita eta langileekin izandako esperientziaz aurrez aurre hitz eginda, honako ondorio hauekin laburbil daitezke bi esperientziak:

– Talde handian lorpena txikiagoa izan da.

– Hasi aurretik erabilera baxuena zuen taldeak ezin izan dio esperientzian zehar erabileran egindako aurrerapenari eutsi.

– Euskarari eusteko zeregina izan duten langile ia guztientzat oso zaila izan da elkarrizketa elebidunetan amorerik ez ematea.

– Bi kasuetan, bikote batek baino gehiagok aldatu dute euren arteko hizkuntza ohitura; bai Eusle izan direnek, eta baita izan ez direnek ere.

Amaitzeko, kontuan izatekoa da metodologia honi esker langileak inplikatzea lortu dela: Pello Jauregik eta Pablo Suberbiolak gidatutako bileran parte hartu zuten guztiek, talde bakoitzak koordinatzaile bat izan du SLKrekin harremana izan duena, Eusleak euren artean izendatu dituzte, astero berrespen fitxa bete behar izan dute… Baina ez hori bakarrik; gainera, hizkuntza ohiturak aldatzeko pausoa emateko ez ezik, euren artean nortzuekin egiten duten euskaraz eta nortzuekin ez jabetzeko balio izan die. Orain, emaitzok aztertu eta aurrera begira erabileran eragiten jarraitzeko zer egin nahi duten eta zertarako prest dauden hausnartzeko garaia da.

Eresti Oiarbide (Emuneko kidea)

Irakurtzen jarraitu...

Fagor Arrasateko (Markina) eta JMAko (Arrasate) langileei esan zieten ea euskararen erabilera areagotzeko Eusle metodoa probatu nahi zuten. Eusleak, beti euskaraz egingo zuten langileak izango ziren, gainerakoentzat ez zen derrigorra izango euskaraz aritzea. Bi hilabeteko esku-hartzeek emaitza onak izan dituzte. Argia aldizkarian artikulu bat argitaratu dute esperientzia horren gainean.

2493_37_01

Argazkian Markinako Fagor Arrasaten Eusle ekimenean parte hartu duten langileak

Nicolas Unanue Bizkaiko Markinako Fagor Arrasate enpresan Automatismoen Saileko langilea da eta eusle lanetarako aukeratu zuten. Bi hilabetez Saileko gainerako langile guztiei euskaraz egitea zen bere lana. Pozik dago Eusle metodoan parte hartu izanagatik: “Sistema oso erraza da, ez dauka sofistikaziorik”.

Artikulu osoa irakur daiteke hemen

Irakurtzen jarraitu...

Erroakeko Martuteneko bulegoan 2014an egindako hausnarketaren emaitza izan zen ondorengo erronka: “Geure arteko harremanak euskaraz izatea nahi dugu“.

Horri erantzuteko Aldahitz metodologia egokitu genuen Martuteneko egoerara; 2014ko azken bi hilabeteetan aplikatu genuen, emaitza onarekin, eta egitasmoak jarraipena izan du 2015eko uztailera arte. Hilabete hauetan nabarmena izan da euskararen erabileraren gorakada.

diploma_ane_lantalan-page-001-page-001 (1)

2014ko azaroan Aldahitz metodologia aplikatzeko erabakia hartu genuen Martuteneko bulegoan. 8 langile daude bulegoan, eta denek dute euskararen ulermen maila, gutxienez.

Bulegoko kide guztiak bilera batera deitu eta egitasmoa aurkeztu genien: dinamikak urtea amaitu arte iraungo zuen eta 2 “gidari” aukeratu ziren euskarari eusteko barne harreman guztietan. Jarraipenerako 3 koloregrama egin ziren. Lehenengoa, abiapuntua izango zena, aurkezpenaren egunean bertan bete zuten; bigarrena, hilabetea pasata; eta, hirugarrena, interbentzioa amaitu eta 30 egunera. Era berean, astero, email bidez, interbentzioari buruzko iritzia, gidarien balorazioa eta aurrera jarraitzeko borondaterik ba ote zuten galdetzen zitzaien.

2015eko otsailean, dinamikaren balorazio bilera egin genuen. Langileak oso harro zeuden emaitzekin eta, euren iniziatibaz, egitasmoarekin jarraitzeko eskatu zuten. Kasu honetan, gidarien rola txandakatzeko eskatu zuten; ondorioz, bi gidarik bi astez bere gain hartuko zuten rola, txandaka, bulegoko langile guztiak gidari izan arte. Beraz, bigarren fase honek 8 asteko iraupena izan zuen. Jarraipenerako, kasu honetan ere, koloregrama bat egin zen amaieran, maiatzean, eta emaitzak esperotakoak baino hobeagoak izan ziren.

Emaitza onak eta taldekideen jarrera ezin hobea ikusita, euskara batzordeak proposatu zuen egitasmoa beste 8 astez luzatzea: kasu honetan gidari bakarra egongo zen, astebetez, txandaka zortzi langileek gidari rola izan arte. Gidari bakoitzaren balorazioa gometxa bidez egin dute gainontzeko lankideek, ostiralero, eta uztailean azken koloregrama bete dute.

Azken koloregramaren emaitzak espektatiba guztiak gainditu ditu:

Koloregrama

Eta langileen ahalegina aitortzeko, ekitaldi txiki bat antolatu genuen datuak aurkeztu eta langileak zoriontzeko. Bertan, langile bakoitzari diploma bat eta euskaraz soilik idazten duen boligrafo bat oparitu zitzaion. Erroakeko zuzendaria ere gonbidatu genuen ekitaldira, egitasmoaren berri jaso zezan eta ekitaldiari kutsu “ofiziala” eman ziezaion.

Eta, amaitzeko, uztaileko azken bi asteetan denek izan dute gidari izateko ardura.

Koordinatzaileak:  Ane Lopez eta Laida Bastida

Irakurtzen jarraitu...

Pello Jauregi EHUko irakaslea da Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailean; besteak beste, “Kuadrillategi” egitasmoa eta “Aldahitz: eusle metodologia eta hizkuntza ohituren aldaketa lan munduan” proiektua koordinatu ditu; Moti+Batu jardunaldietan eman zuen Portaeratik jarrerara: jokabide urratzaile, egokitzaile eta eragozleak hitzaldiak ere izan du han eta hemen oihartzuna. Oraingoan, berriz, EMUNeko lankideoi eman berri dugun “Nola txertatu eguneroko esku-hartzean ikerketa aplikatua?” hitzaldia izango dugu hizpide.

Pello Jauregiren iritziz, beharrezkoa da esku-hartzea ikerketaren eskutik joatea; esku-hartzeak noiznahi egiten ditugu, baina, gero, esku-hartze horien berri ematerakoan, zelofanez bildu ez ezik, ikerketarekin janztea komeni zaigu. Ikerketarekin sinesgarritasuna irabaziko du gure esku-hartzeak. Ikerketa diogunean, ez gara ari –nahitaez- prozesu konplexu bati buruz; neurketa sinple batetik datu, taula eta grafiko pila bat atera ditzakegu, eta baita ondorio interesgarriak ere.

Beraz, esku-hartzearekin batera ikerketa egitea komeni zaigu…

  1. Ikerketak zehaztasuna –irizpideak, adierazleak, aldagaiak eta abar zehaztea– eskatuko digulako.
  2. Ikerketak gero zein datu beharko ditugun aurrez pentsatzea eskatuko digulako, eta horrek proiektua osoaren ikuspegi orokorra geureganatzen laguntzen du.
  3. Esku-hartzearen komunikazioa egiterakoan, ikerketak sendotasuna eta argitasuna emango dizkiolako.

Edonola ere, ikerketak ere baditu bere muga edo ahultasunak:

  1. Oso dinamikoa dena estatiko bihurtzen dute datuek.
  2. Artifizialtasun kutsua ematen dio errealitateari. Esaterako, 4 maila duena “oso ona” multzoan sartzen badugu, eta “3,9” maila duenari, berriz, “ona” etiketa jartzen badiogu, errealitatea pixka bat desitxuratzen ari gara.
  3. Ikerketak serioegi edo matematikoegi hartzeko arriskua ere badago; adibidez, erabileran %12tik %14 igotzea positiboa izan daiteke… edo ez. Batzuetan, aldaketa txiki batetik erabateko ondorioak ateratzen ditugu eta, agian, ez da adierazgarria; errore-tarteak ere kontuan hartu behar dira.

Irakurtzen jarraitu...

Soziolinguistika Klusterrak, EHUrekin eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin lankidetzan egin duen esperientzia pilotua da ALDAHITZ. 2014an EAEko hiru lantegitan jarri zen martxan, horietako bat Fagor Arrasate Markinan; EHUko irakasle den Pello Jauregi doktoreak zuzendu zuen, Soziolinguistika Klusterreko Pablo Suberbiolaren laguntzaz.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Argazkia: https://www.flickr.com/photos/samsteele/2840859065

Interbentzioa aplikatzen zen lantegian dinamika berri bat sortzea zen helburua, lankideen arteko eguneroko harremanetan euskaraz gehiago egiteko aukera emango zuena. Hain zuzen ere, Automatismoetako Departamentuan horrelako dinamika baten bila genbiltzan aspalditik, ezagutza oso altua izan arren, erabilerarekiko kezka baitzegoen. Gainera, interbentzioko baldintzak betetzen zituen departamentu horrek, euskarazko ezagutza edo ulermen maila langile guztiek zutelako eta esperientzia hori garatzeko erabakia aho batez hartu zutelako.

Lehenengo, denen oniritziz, EUSLEAK aukeratu ziren, hau da, esperientziak irauten zuen bitartean barruko harremanetan euskarazko jardunari eutsiko ziotenak. Hori da, hain zuzen ere, egitasmo honen metodologia edo ardatza: EUSLEEK eguneroko jardunean euskarari eustea. Lehen hilabeterako, 15 langileren artean 2 eusle aukeratu ziren eta beste 2 bigarren hilabeterako. Horrekin batera, beraien artean koordinatzaile bat hautatu zen datuak bidaltzeko. Jarraian, langileen arteko hizkuntza-ohiturak modu aitortuan jasotzeko lehen mintzagrama egin zen. Bi hilabeteko interbentzioa bukatu zenean 2. mintzagrama osatu zuten. Hiru hilabetetako etena egin, eta 3. mintzagrama egin zen. Emaitza:

Grafikoa

Balorazioa oso positiboa izan zen hasierako erronka bete zelako eta interbentzioak emaitza onak eman zituelako: 8 puntuko igoera. Bestalde, dinamika sinplea izateak ere asko lagundu zuela aipatu ziguten langileek. 2015ean ere ALDAHITZeko dinamikak jarraipena izango du eta bertan parte hartuko dugu.

Bidaltzailea: Jose Mari Legarra (Fagor Arrasateko Muntaketa Elektrikoetako talde burua)

Irakurtzen jarraitu...