Herri indigena desberdinak ezagutu eta elkarren esperientziak elkartrukatzeko aukera eskaini digu Fagor Taldearen aurtengo topaketak.

Eskoriatzako Apotzan elkartutako 30 lagunok gaur arte gehienontzat behintzat ezezagun ziren herri maia, nasa eta nahuatl-a ezagutzeko aukera izan dugu. Baita beraiekin gure herriaren esperientzia, labur bada ere, elkarbanatzekoa.

Alba Velasquez maia caqchikela, Rolando Ascue nasa eta Gabriel Vazquez Chavez nahuatl-a Oiher Arantzeta Fagorreko langile soraluzearraren alboan eseri eta entzun ditugu, banaka-banaka, bakoitzak kontatzeko zituenak. Denak ere Txema Abarrategi, Garabideko dinamizatzailearen gidaritzapean eta bere galderei tiraka.

Izan da berriketarako astia, baita kanturakoa ere. Gertuan beti baitugu bertsolari, abeslari eta gitarrajoleren bat edo beste gurean.

Maia Caqchikel herria, Albaren ahotik

Alba Velasquez eskola bateko zuzendaria da egun. Ez ditu ahazteko, baina, horra iristeko bidea erraztu dioten bi pertsonak. Amak hizkuntza eman ziola kontatu digu eta aitak, berriz, hezkuntza edo hezkuntzarako sarbidea eta grina.

Motzean bada ere, ahalegindu da azaltzen Guatemalan gerra zibilak utzitako miseriak. Gatazka armatuak edota Guatemalaren independentziak berak indigenengan eragindako gutxiespen eta mespretxuak izan ditu hizpide, nolabait azaldu nahian horrek guztiak eragin duen beldurra. Bizitakoak bizita, nork esan altuan “ni indigena naiz” edo hitz egin nork bere hizkuntzan.

Hori horrela, baina, badihardute. Garabide elkarteari esker, gainera, orain 5 urte elkar ezagutzen ez zuten lau eskola elkarlanean hasi ziren, kultura eta hizkuntzaren biziberritzea oinarri. Esker hitzak baino ez ditu, beraz, Albak,  Garabide elkarteko kideentzako.

Bukatzeko, baina, pareko Fagor Taldeko langileentzako hitzak ere izan ditu eta halaxe zuzendu zaie: “Barkatuko didazue baina zuek izugarrizko erantzukizuna daukazue. Zuek hemen egiten duzuen lanak balio izugarria dauka. Ez hemen bakarrik, baita guretzako ere. Zuek gure aurretik zoazte, eta segi mesedez, segi egiten duzuen horretan, kooperatiboki, segi lanean. Zuek egiten diharduzuen bidea egingo dugu guk gero”.

Irakurtzen jarraitu...

Urriaren 5ean, Otaloran, MONDRAGONen Euskararen Mahai Teknikoak antolatuta, kooperatibetako euskara koordinatzaileentzako beste topaketa bat egin zen. Izan ere, Mahai Teknikoaren helburuetako bat kooperatibetako euskara eragileak heztea da, eta testuinguru horretan antolatzen dira topaketa hauek.

Bi zati izan zituen topaketak: batetik, Amaia Anterok, Ikastolako Berrikuntza Pedagogikoaren zuzendariak, Arizmendi Ikastolan jarraitzen duten Konfiantzaren Pedagogia azaldu ez ezik, hausnartzen ere jarri gintuen; izan ere, pedagogia mota hori ikastetxeetako ikasleei begirakoa bada ere, ikasgai asko atera ditzakegu enpresetan euskara bultzatzen ari garen eragileok ere.

Beste saioa Oiher Arantzeta, Fagor Automationeko I+G teknikari eta euskara koordinatzailea denak egin zuen. Oiherrek azaldu zuenez, Fagor Automationen, 2024an bilerak euskaraz egiteko aukera izatea dute xede, eta helburu hori lortzeko abian jarri dituzten ekintzen berri eman zigun.

img_2112

Izan ere, 2012an, orduko plan estrategikoa zehaztu zenean, epe luzerako erronka hau onartu zen: hiru plan estrategikotan, alegia, 12 urteren buruan, 2024. urtean, barneko bilerak euskaraz egiteko aukera izatea.

Eta, lehen plan estrategikorako, 2013-2016rako, honako estrategiak zehaztu zituzten:

1) Lanpostu estrategikoetan euskararen ezagutza lortzeko eskaintza pertsonalizatuak eginda. Eta, estrategia horri erantzunez, honako bilakaera hau izan du ikasle kopuruak ikasturtez ikasturte: 2012-2013 ikasturtean 14  ikasle; 2013-2014an 28; 2014-2015ean 36; 2015-2016an 43.

2) Ulermena lantzeko aukerak eskainita.

3) Euskaldunen leialtasuna indartuta. TELP edo ETM tailerretan 100 pertsona inguruk hartu du parte plan estrategikoan zehar.

Lan horri esker, 2013-2016an euskararen presentziak gora egin du bileretan 3 lantokietan (Eskoriatza, Arrasate eta Usurbil).

Guztira, eragin diren bilera motak 44 izan dira, honela banatuta:

diapositiba1

Eta honako hau da, egun, euskararen erabileraren araberako bilera kopurua:

diapositiba2

2017-2020 Plan Estrategikoan landu beharrekoak

Lan bilerak euskaraz egiteko aukera izateko, langile-bazkideek gutxienez ulermen maila izatea da gakoa. Horregatik, ulermen maila ez duten 52 urtez azpiko langile-bazkide guztiei formazio plana eskainiko zaie.

Beste helburu batzuk:

  • Barnetegietako ikastaro trinkoak sustatuko dira ulermen maila lortzen ari diren arduradunentzat.
  • Euskaraz lan egiten duten guneak babestu eta indartuko dira, eta arnasgune berriak sortzeko baldintzak erraztuko dira.
  • 2017ko Gestio Planean sail guztiek euskararen sustapenarekin lotutako helburu bat izango dute gutxienez.
  • Euskararen ulermenean aurrera egiten den heinean, euskaraz gehiago sortzea bultzatuko da.

Irakurtzen jarraitu...