Azken garaian “arnasgune” hitza asko entzuteaz gain, euskarari eusteko ezinbesteko guneak direla ere aipatu izan da. Arnasguneak herriak edota eskualdeak izan daitezke, baina baita bestelako gune batzuk ere; adibidez, lantegi bat edota lantegi bateko gune txikiago bat. Eta zalantzarik gabe, nire ustez euskararen normalizazioan aurrera egiteko ezinbestekoak dira. Horren harira, Fagor Elektronikako esperientzia konpartitu nahi dut zuekin.

Fagor Elektronikak, Emunen eskutik,urteak daramatza euskara normalizatzeko ahaleginetan. Aurrerapenak egin ditugula ezin da ukatu, nabarmenak direlako, baina, hala eta guztiz ere, sakon-sakonean galdera bat datorkigu behin eta berriz: zer egin dezakegu atzerapausorik ez egiteko? Erantzuna ez da erraza, baina bide onetik goazela uste dut. Fagor Taldeko lan ildoetariko batek arnasguneak bultzatu behar direla esaten du eta horretan ari gara.

Iaz lantegiko 5 gune izendatu genituen arnasgune. Euskara hutsean funtzionatzen dute. Gune horietako kideen arteko hartu-emana euskaraz da ahoz zein idatziz eta harreman informaletan zein bileretan. Eta printzipioz gune edo sail horietara ezingo da sartu lanera euskara normaltasunez erabiltzeko prest ez dagoen inor.

Jakina, horrek ez du esan nahi beste gune batzuetan euskara ez dela erabiltzen. Baina, gune bat arnasgune izendatzeak gune hori ahaldundu egiten du eta aurrera begira babestu. Era berean, erabaki horrekin norabide bat eta mezu garbi bat ari gara bidaltzen: borondate irmoa dugu euskarak bere lekua har dezan.

Iaz, Elektronikako sailkako edota gunekako analisia egin ostean, langileen %10 arnasguneetan aritzeko moduan zeudela ikusi genuen. Abiapuntua hori izanda, plan estrategikoan urtero gune horietan % 4 gehiagok lan egitea aurreikusi genuen. Urtebeteko ibilbidea egin ondoren, uste dugu langa hori gainditu eta aurten arnasguneetan lan egingo duten langileak %19 izatera ere heldu gaitezkeela. Arnasgune bilakatzeko prozesua lasai egin behar dugu, baina ditugun aukera guztiak aprobetxatuta.

Bestalde, arnasguneak sortu eta hedatzeko prozesu honi jarraipena egiteko modua ere finkatu dugu: urtean hiru bilera labur egingo ditugu arnasguneetako kideekin ondo egindakoak, arazoak, zailtasunak eta abar detektatzeko, eta, behar izanez gero, aholkua eta laguntza eskaintzeko.

Horretan gabiltza, ondo ari garelakoan gaude eta ez dugu amorerik emango.

Enrike Letona (Emuneko kidea)

Irakurtzen jarraitu...

UEMAk eta Soziolinguistika klusterrak antolatutako Arnasguneak eta udalerri euskaldunak: gaurko eta biharko erronkak  jardunaldian izan ginen asteazkenean Donostiako Carlos Santamaria zentroan.

Argazkia: www.uema.eus

Laburpen ederra egin dute antolatzaileek beraiek eta geuk ideia nagusi bat bakarrik azpimarratuko dugu sarrera honetan:

Arnasguneak euskaraz bizi diren udalerriak dira, euren egunerokoa euskaraz egiten dutenak. Ezagutza da erabileraren oinarria, baina faktore asko eta askotarikoek eragiten dute arnasgunea indartu nahiz ahultzeko. Denak hartu beharko ditugu aintzat udalerri euskaldun horiek indartu eta haien eredua Euskal Herrian zehar zabaltzeko: demografia, lantokia, hirigintza, euskal hiztunen aktibazioa eta ahalduntzea, prestigioa, aisialdi ohiturak, mugikortasuna…

Hiriak salbatzen baditugu bakarrik salbatuko omen dugu euskara, baina aitzindari izan  daitezke arnasgune txiki eta handiagoak euskararen erabilera handitzen, aitzindari eta eredu.

Karmele Etxabe (Emuneko kidea)

Irakurtzen jarraitu...

Lantalan-en arnasguneen gaia jorratu berri dugu bi albisteetan:

Euskararen arnasguneak hedatzen

Arnasguneen tailerrak

Gaiari jarraipena eman nahi diogu datorren astean, 2014ko urtarrilaren 16an eta 17an, Donostian  egingo den ‘Lurraldea eta Hizkuntza’ jardunaldiaren berri emanez.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak ELE/Arnasguneak hedatuz izeneko proiektuari ekin diote elkarrekin. Proiektua lantzeko eta gizarteratzeko jardunaldi hau antolatu dute UEUrekin lankidetzan.

 

‘Lurraldea eta Hizkuntza’ jardunaldiaren asmoa da herri euskaldunen garapenaren ikuspegi integral bat eskaintzea (etxebizitza beharrak, garapen ekonomikoa, azpiegitura handiak, kultur egoera…) eta garapen horrek euskaraz bizi diren herrietan izan ditzakeen eraginez gogoeta egitea.

Lehen aldiz aztertuko da euskararen normalizazioa hain ikuspegi integral eta zabalez. Aipatuko diren gaien artean dira lurralde antolaketa, hirigintza, lurraldearen garapena, legeen ikuspegia… Kanpoko esperientziak (Gales, Flandria, Aland) eta herri euskaldunen (Busturia, Zubieta, Zerain eta Zuberoa) beharrak eta bizipenak ezagutu eta aztertuko dira.

Jardunaldia arkitektu, idazkari, ekonomilari, legegile eta euskara normalizazioan dabiltzanei zuzenduta dago.

Matrikula doan da baina jardunaldian parte hartzeko ezinbestekoa da aurretik izena ematea. Jardunaldia Carlos Santamaria zentroan izango da, Donostiako Ibaeta Campusean. Animatu eta parte hartu!

Unibertsitatea.net webgunean eskura dezakezue jardunaldien egitaraua eta informazio guztia.


Irakurtzen jarraitu...

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak arnasguneak indartzeko martxan jarria duen prozesuaren baitan, udalerri eta eskualde euskaldunetako hiztunen kontzientzia pizteko tailerrak antolatu dira. Emunek ere hartzen du parte lantalde horretan. Baina zer dira arnasguneak? Bideo honetan duzu erantzuna:

Tailerren inguruko informazioa dakar gaurkoan ere Berria egunkariak. Orain dela gutxi lantalan blogean bertan eman genituen honen gaineko argibideak.

Irakurtzen jarraitu...

Euskararen normalizazio prozesuaren gakoetako bat euskararentzat eta hiztunentzat espazioak eskuratzea da. Hizkuntza batek bizirauteko ezinbesteko ditu nagusi izango den espazioak: arnasguneak. Espazio berean bi hizkuntzatan ezin da jardun modu iraunkorrean, beti, bat nagusitzen baita. Ez da nahikoa gainera, euskararen lekua sinbolikoa edo bigarren mailakoa izatea espazio horietan. Nagusi izatera heldu behar du, eremu horretan iraungo badu eta normalizatuko bada.

Euskaldun kopuru handia duten herrietako hizkuntza egoera indartzen laguntzeko ekimena abiatu zen 2012ko maiatzean. Kontseiluak dihardu, Uema eta beste hainbat erakunderekin elkarlanean egitasmo hau bideratzen, eta Gipuzkoako Foru Aldundia dute bidelagun.

Emun aholkularitza ere ekimen honetan parte hartzen ari da. Emuneko teknikaria, Ruben Beitia dabil zeregin honetan eta berak kontatu dizkigu bideo bidez ekimen honen helburuak, antolaketa, tailerrak eta ondorioak.

Irakurtzen jarraitu...