KORRIKAren aitzakian, aurten ere, enpresa eta erakundeetan hainbat egitasmo eta ospakizun egin ditugu (kilometroak erosi, erakusketak…), eta jaso ditugun argazkien eta bideoen lagin txiki bat ekarri nahi izan dugu hona:

LKSkoei Korrika osoaren ekuatoreko kilometroa egokitu zitzaien, eta antolatzaileek txanpaina eman zieten eta konfetiak bota zituzten. Beheko argazkian ikusten da momentua:

Jarraian, IK4-Ikerlaneko, EIKA kooperatibak Wroclaw-n duen lantegiko eta Danobat Taldeko langileen bideoak:


Goian, IRIZAReko langileek erositako kilometroaren argazkia. Horrez gain 1000 boleto salduta ateratako diruarekin Ingudeako kilometroa erosi zuten beste enpresekin batera, eta Valtierrako kilometroa ere bai. Boletoak erosi zituztenen artean materiala zozkatu zuten.

CARREFOUR OIARTZUNgo langileak ere bizi-bizi euskararen alde!

Irakurtzen jarraitu...

Aurretik ere egin izan ditugu e-mailen neurketak Emunen, baina metodologia komun eta jakin bati jarraitu gabe, ERREKA kooperatibako Euskara Batzordeak behar hori antzeman, eta lehen proposamena egin zuen arte. ERREKAn garatutako metodologiari esker, ahozko neurketetan erabiltzen ditugun aldagai asko kalkulatu ahal izan zituzten, baita hainbat ondorio interesgarritara iritsi ere.

Metodologia hori garatzen jarraitu eta beste urrats bat egin nahian, Emunen Berrikuntza Proiektu bat jarri zen martxan, 2015an, urte horren hondarrean aurkeztu zena. 2016. urtea, berriz, proba pilotuak egiteko aprobetxatu genuen, eta SoraluceIK4-IdekoFagor Arrasate eta Fagor Automationen egin zituzten neurketak. Jasotako hainbat hobetzeko eta ekarpen metodologian integratu ostean, produktu gisa estandarizatu dugu orain.

Jarraian, adibide gisa, Fagor Automation Usurbilgo Plantako eta Berriolako neurketaren nondik norakoak jaso ditugu. 2016ko uda partean egin ziren neurketak bertan, eta balorazio positiboa egin zuten bertako Euskara Batzordean; bai metodologia beraren baliagarritasunaren inguruan, baita emaitza positiboak lortu zirelako ere.

Bertan, neurketak egiteko, enpresako 6 gune aukeratu zituzten lehenik: Berriola, I+G CNC Softwarea, Motorren ekoizpena bulegoak, Motorlan bulegoak, Harrera eta Motorlan planifikazioa. Gero, gune bakoitzean, neurketak egiteko neurtzaile bana izendatu zuten; aipatu lehen 5 guneetan euskaldunak jarri zituzten, eta 6.ean, berriz, erdalduna.

E-mailen neurketa egiterakoan, hainbat aldagai jaso behar izan zituzten neurtzaileek: zein gunetatik bidalitakoa zen, bidaltzailearen eta hartzaileen euskara gaitasuna, eta, azkenik, e-mailean euskarak zuen presentzia. Datu horiek guztiak tresna batean sartu, eta hauek izan ziren emaitzak:

Erabilera orokorra (%): e-mailetan zein izan zen euskararen erabilera orokorra; euskara hutsean bidalitako e-mailak + bi hizkuntzatan bidalitakoak (erabilera kalkulatzerakoan azken horiei balio erdia ematen zaie, hau da, zati 2 egiten dira).

Leialtasuna (%): euskaldunek talde euskaldunei bidalitako e-mailetatik zenbat izan ziren euskara hutsean.

Erabilera topea (%): leialtasuna %100 izan balitz, hau da, euskaldunek talde euskaldunei beti euskara hutsez bidali izan baliete, aterako zatekeen erabilera.

Hiperleialtasuna (%): euskaldunek talde erdaldunei edo mistoei bidalitako e-mailetatik zenbat izan ziren euskara hutsean.

Alfabetatze-tasa (%): e-mailak euskaraz bidaltzeko gaitasuna zuen langileen ehunekoa.

Erabilera datuak xeheagoa ikus daitezke goiko grafikoan; guztira, zenbat izan ziren euskara hutsean bidalitakoak, zenbat bi hizkuntzatan, zenbatean izan ziren bakarrik agurrak euskaraz eta, azkenik, erdara hutsez bidalitakoak.

 

Irakurtzen jarraitu...

14 erakunde horietatik 4k urrezko Bikain lortu dute (Elgoibarko Udala, Fagor Elektronika, Fagor Automation Usurbil eta Kide), 8k zilarrezkoa eta 2k oinarrizkoa.

image

Argazkia: Tu Lankide

Iñigo Urkullu lehendakariak Donostiako Kursaal Jauregian banatu zituen atzo, abenduak 19, Hizkuntza Kudeaketako Bikain Ziurtagiriak.

Ziurtagiri horiek banatzeko ekitaldira joan ziren, baita ere, Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiria, Enplegu eta Gizarte Politika sailburu Beatriz Artolazabal, Osasun sailburu Jon Darpon eta Hizkuntza Politika sailburuorde Patxi Baztarrika eta Confebaskeko lehendakari Roberto Larrañaga.

Aurten, guztira, 21.500 langile barnean hartzen dituzten 52 enpresek jaso dute aitorpen hori, aurreko edizioetan baino bost aldiz gehiago, jauzi garrantzitsua “bide onetik” aurreratzen ari dela ondorioztatzeko, lehendakariak ziurtatu zuenez. Hala ere, Urkulluk, autoatseginean erortzetik urrun, uste du Eusko Jaurlaritzak arrakasta-dinamikak analizatzen jarraitu behar duela -hori da, hain zuzen ere, Euslan programaren helburua- eta Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa adierazi zuen aurrerapen positibo horri eusteko aukera emango duten neurriak planteatzen jarraitzeko.

Emunek zerbitzua ematen dien erakundeei dagokionez, 14 erakunde aurkeztu dira eta lortu dute ziurtagiria; hauxe da zerrenda:

Elgoibarko Udala (urrezkoa)

Fagor Elektronika (urrezkoa)

Fagor Automation – Usurbil  (urrezkoa)

Kide (urrezkoa)

Guggenheim (zilarrezkoa)

Carrefour Olaberria (zilarrezkoa)

Fagor Ederlan (Burdina) (zilarrezkoa)

Hazi (zilarrezkoa)

Askora (zilarrezkoa)

Zarauzko Hiribusa (zilarrezkoa)

LKS Koop. E. (zilarrezkoa)

IK4-Ideko (zilarrezkoa)

Autocares Unitravel (oinarrizkoa)

Abere (oinarrizkoa)

Irakurtzen jarraitu...

Urriaren 5ean, Otaloran, MONDRAGONen Euskararen Mahai Teknikoak antolatuta, kooperatibetako euskara koordinatzaileentzako beste topaketa bat egin zen. Izan ere, Mahai Teknikoaren helburuetako bat kooperatibetako euskara eragileak heztea da, eta testuinguru horretan antolatzen dira topaketa hauek.

Bi zati izan zituen topaketak: batetik, Amaia Anterok, Ikastolako Berrikuntza Pedagogikoaren zuzendariak, Arizmendi Ikastolan jarraitzen duten Konfiantzaren Pedagogia azaldu ez ezik, hausnartzen ere jarri gintuen; izan ere, pedagogia mota hori ikastetxeetako ikasleei begirakoa bada ere, ikasgai asko atera ditzakegu enpresetan euskara bultzatzen ari garen eragileok ere.

Beste saioa Oiher Arantzeta, Fagor Automationeko I+G teknikari eta euskara koordinatzailea denak egin zuen. Oiherrek azaldu zuenez, Fagor Automationen, 2024an bilerak euskaraz egiteko aukera izatea dute xede, eta helburu hori lortzeko abian jarri dituzten ekintzen berri eman zigun.

img_2112

Izan ere, 2012an, orduko plan estrategikoa zehaztu zenean, epe luzerako erronka hau onartu zen: hiru plan estrategikotan, alegia, 12 urteren buruan, 2024. urtean, barneko bilerak euskaraz egiteko aukera izatea.

Eta, lehen plan estrategikorako, 2013-2016rako, honako estrategiak zehaztu zituzten:

1) Lanpostu estrategikoetan euskararen ezagutza lortzeko eskaintza pertsonalizatuak eginda. Eta, estrategia horri erantzunez, honako bilakaera hau izan du ikasle kopuruak ikasturtez ikasturte: 2012-2013 ikasturtean 14  ikasle; 2013-2014an 28; 2014-2015ean 36; 2015-2016an 43.

2) Ulermena lantzeko aukerak eskainita.

3) Euskaldunen leialtasuna indartuta. TELP edo ETM tailerretan 100 pertsona inguruk hartu du parte plan estrategikoan zehar.

Lan horri esker, 2013-2016an euskararen presentziak gora egin du bileretan 3 lantokietan (Eskoriatza, Arrasate eta Usurbil).

Guztira, eragin diren bilera motak 44 izan dira, honela banatuta:

diapositiba1

Eta honako hau da, egun, euskararen erabileraren araberako bilera kopurua:

diapositiba2

2017-2020 Plan Estrategikoan landu beharrekoak

Lan bilerak euskaraz egiteko aukera izateko, langile-bazkideek gutxienez ulermen maila izatea da gakoa. Horregatik, ulermen maila ez duten 52 urtez azpiko langile-bazkide guztiei formazio plana eskainiko zaie.

Beste helburu batzuk:

  • Barnetegietako ikastaro trinkoak sustatuko dira ulermen maila lortzen ari diren arduradunentzat.
  • Euskaraz lan egiten duten guneak babestu eta indartuko dira, eta arnasgune berriak sortzeko baldintzak erraztuko dira.
  • 2017ko Gestio Planean sail guztiek euskararen sustapenarekin lotutako helburu bat izango dute gutxienez.
  • Euskararen ulermenean aurrera egiten den heinean, euskaraz gehiago sortzea bultzatuko da.

Irakurtzen jarraitu...

Abenduan, Bilboko Bizkaia Jauregian, 180 lagun inguru batu ziren Eusko Jaurlaritzak euskarazko IKTen –Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak– inguruan antolatutako lehen mintegian, eta bertan aurkeztu zituen Joxe Mari Larrañagak, Fagor Automationeko barne merkatuko eta Portugaleko salmenta buruak, euskarazko CNCak –zenbakizko kontrolak–.

15430130223_c4084cd738_o

Argazkia: codesyntax

–  Noiztik erabil daitezke FAGOR CNCak euskaraz?

Orain dela 12 urtetik; lehendik genituen Europako beste 5 hizkuntz nagusien ondoan euskara gehitu genuen. Euskal Herriko ikastetxeetan eta unibertsitateetan zenbakizko kontrola zuten makina erremintak nola erabili ikasten ari ziren eta ari dira ikasleak; ikasle horiek aurreko ikasketak euskaraz eginda zituzten eta, pentsatu genuen, zenbakizko kontrolak euskaraz egonda, errazago ikasiko zutela funtzionamendua.

Ikuspegi komertzialetik, garbi daukagu gaurko ikasleak biharko bezero potentzialak direla; eta ikasleak Fagor CNCa erabiltzen ohitzen badira, gero, lantokian, makinak erosterakoan, Fagor CNCa nahiagoko dute.

–  Zer garrantzi dauka CNCa euskaraz egoteak?

Gure garaian, ikasketak erdaraz egiten genituen eta, lanean hasten ginenean, erdaraz jarraitzen genuen eta kosta egiten zaigu euskara erabiltzea. Gaur egungo gazteek, berriz, hasieratik euskaraz ikasi dute, eta lanean ere euskaraz pentsatuko dute eta, ondorioz, baita erabili ere. Eta hori da gakoa: erabiltzea.

– Euskarazko CNCak nolako harrera izan du, baduzue daturik?

Langile batzuk bai ikusi izan ditugu zenbakizko kontrolaren menuak euskaraz jarrita, baina enpresa gutxitan, eta ikastetxeetan beste horrenbeste, euskarazkoa gutxi erabiltzen dute.

Makinaren ekoizleak CNCa erosten du bere makinan jartzeko eta, CNCaren hizkuntza konfiguratzerakoan, erdara aukeratzen du normalean, hala ailegatzen da enpresara edo ikastetxera, eta horrela jarraitzen du. Ikastetxeen kasuan, irakasleak euskaraz ez badaki edo erabiltzeko ohiturarik ez badu, ez du kontrolean hizkuntza aldatuko eta erdaraz irakatsiko du.

Euskaraz jartzeko nahikoa da parametro bat aldatzea, eta doan da. Aukera hori hedatu beharra dago. Euskararen erabileraren beharra gizartean geroz eta gehiago zabalduz, eta gero eta jende gehiago kontzientziatuz, euskararen erabilera handituko da.

– Aurrera begira zer erronka duzue, bertsio gehiagotan euskara sartzea?

Bai, duela 12 urtetik hona garatutako modelo guztiek euskara dute barne: CNC 8055, CNC 8037, CNC 8070, CNC 8065 eta CNC 8060k.

– Zer moduz joan zen Bilboko mintegia?

Jende asko joan zen, eta hizlari gehienok “erabilera” hitza behin eta berriro aipatu genuen. Helduenok borondatea eta gogoa jarri behar dugu ohiturak aldatzeko, eta gazteei euskara erabiltzeko aukera erraztu, gero gazte horiek “automatikoan” joango dira-eta.

Irakurtzen jarraitu...