2017ko Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekimen ugari antolatu dituzte enpresa eta erakundeek. Horietako hainbat iruditan jasota hemen:

Aita Menniko euskara batzordeak bideoa prestatu du euskararen egunerako. Aita Menniko egoitzetan euskararen erabilera indartzeko egiten ari diren lanketa ikustarazi nahi izan dute. Durangoko egoitzan “euskaraz bizi gura dot” lemapean murala osatu dute.

 

 IRSE- EBIko euskara batzordeak euskara erabiltzeko 11 aukera aurkeztu ditu bideo baten bidez: ulersaioak, ulerrizketak, eusle, bazkaltegiak, euskararen eguneko ekimenak, euskararen txokoa…

 

Bizkaiko abokatu euskaldunen eguna ospatu du abenduaren 1ean. Helburu nagusienetako bat etorkizuneko abokatu euskaldunekin elkarlanean aritzea da, eta, horretarako, momentu honetan abokatutzako masterra egiten dabiltzan hainbat gazte hurbildu dira ekitaldira.

 

Euskararen egunari buruzko mezu orokorra zabaldu diete EAEko epaitegietako langile guztiei eta kanpo eragileei  (abokatu eta prokuradoreei). Amurrio, Bergara, Gernika eta Tolosako epaitegietan lehen hitza euskaraz bultzatzeko kanpaina egin dute abenduaren 3ko astean eta pilulen bilduma banatu dute.

 

Auzo Lagunen hamaiketakoa, argazki lehiaketako sarien banaketa, astebete lehenago eginiko neurketa abisatuaren emaitzen zabalkundea eta lehen lauhilekoan abiatuko den Prest egitasmoaren aurkezpena egin dute. Sorpresa ere jaso dute bisitari bereziarekin.

DANOBATGROUPen “euskara aldean, erabili lanean” lemarekin jarraitu dute. Taldeak kooperatibak dituen herrietako euskara aldizkarietan euskara planaren berri eman dute eta lehiaketa bat jarri dute abian. Taldeko kooperatibetan ere lehiaketa egin dute langileen artean. Goizean goiz “euskarak 365 egun” pegatinak banatu dituzte langileen artean eta jangelako mahai guztietan euskarari buruzko esaldiekin osatutako txartelak jarri dituzte hizketagai izan daitezen.

DANOBAT kooperatiban kafe-makinetan kafea doan egon da egun osoan. Euskaraz idatzitako emailak bildu eta neurtu ditzute, euskal produktuen truke. Langileen taldeko argazkia atera dute eta ondoren Jakoba Errekondoren hitzaldia izan dute.

IK4 Teknikerren goizeko 7etan eta 8etan spining saioak euskaraz egin dituzte. Eguerdian Kike Amonarrizekin solasaldia izan dute. Aldez aurretik euskara batzordetik hainbat galdera prestatu dituzte eta saiora sartzean langile bakoitzak kutxan galderak sartzeko aukera izan du. Ondoren, 2018 urteko egutegia aurkeztu dute, Teknikerrek egindako 12 proiektu esanguratsuren irudiekin.

 

IK4 Ikerlanen euskararen egunerako ipuin baten hasiera zabaldu zuten egun batzuk lehenago eta euskararen egunerako amaiera proposatu dute ekimenean parte hartu langileek. Amaiera ederrena aukeratu dute ekitaldian. Egunean zehar kafe-makinek kafea debalde eman dute euskararen alde.

 

Fagor Industrialen euskararen astean bertso lehiaketa egin dute. Fagor Industrialen euskararen etorkizuna zein izango den hausnartu dute “ Non egongo gara 2030ean?” saioan eta hurrengo urteetako helburu eta ekintzak proposatzeko aukera izan dute langileek. Azkenik, Markel Irizarrekin ordubeteko hitz-aspertua izan dute euskararen erabilerari buruz, besteak beste.

 

LKS Taldeko (Ingeniaritza eta Aholkulariak) langileak bulego bakoitzean mokadua egiteko elkartu dira eta ezetz asmakizuna asmatu?” lehiaketako sari banaketa egin dute.

 

Sareteknikan hamarretakoa egiteko elkartu dira eta bertan jarri duten otarreko barazkien izen guztiak euskaraz eman eta preziora gehien hurbildu denak barazki ekologikoen saskia eraman du etxera.

 

SD Eibar. Ereserkia euskaraz sortu izanari balioa emateko ekimena jarri dute abian.  Zaleei eskatu diete ereserkia taldean, familian, lanean… grabatuta bidaltzeko. Mendilibar entrenatzaileak aurkeztu du ekimena.

 

Irizarren euskararen eguneko ospakizunen ondoren, talde argazkia atera dute. Autobusean idatzi dute: Mendeetan zehar, inork ez daki noiztik, jendeak euskaraz egin du lan eskualde honetan. Irizarren ere euskaraz lan egiten dugu, gurea zaindu eta mundu zabalera begira.

 

Mondragon Zentro Korporatiboan euskaraz hitz gustukoenekin murala osatu dute. Ondoren, zozketa, saria eta zizka-mizka tartea izan dute.

 

Ondorengo erakundeetan ere antolatu dituzte ekintzak: Dbusen euskarazko atsotitzen lehiaketa egin dute; Electra Vitorian argazki lehiaketako sari banaketa egin dute haimaiketakoarekin lagunduta; Altsasukon “belarriprest eta ahobizi” ekimenaren aurkezpena egin dute hamaiketakoarekin batera; Hazin ardo eta gazta dastaketa egin dute Mikel Garaizabalekin; Fagor Ederlanen kafe makinen ondoan jarritako kutxetan euskararekin lotutako mezuak sartu dituzte langileek eta ondoren ikusgari jarri dituzte guztiak ohar taulan; Lanbiden euskarazko liburuen trukea egin dute; EJIEn lehiaketa egin dute langile guztien artean eta eusle ekimenean parte hartu dutenei eskertza egin diete; AFA kirola eta Gasteizko Udaleko Kirol arloan kartelak eta mezuak zabaldu dituzte; Ulma Taldeko kooperatiba guztietan kafea doan egon da, lehiaketa egin dute eta bertso txapelketa antolatu dute: Fagor Electronican kafea debalde egon da eta “euskarak 365 egun” mezudun katiluak jarri dituzte eskuragarri; Idekon Aitzol Galletebeitiaren hitzaldia izan dute; Soralucen barne bisita egin dute euskaraz, fabrikazioan dauden makinak ikustera; Otxandioko gaztetxean mikroipuin lehiaketa eta Handia filmaren emanaldia egin dute. Osartenen tupper osasungarrien inguruko lehiaketa antolatu dute; Fagor Automationen 2018ko egutegirako euskararen aldeko esaldien lehiaketa egin dute; Mapsan zifra euskutua lehiaketa egin dute.

Irakurtzen jarraitu...

Duela bi urte jarri genuen martxan Tolosako euskara emaileen egitasmoa, eta, ordutik, urtean hainbat aldiz biltzen gara eskualdeko eragile juridiko euskaldunekin: epaileak, abokatuak, prokuradoreak, epaitegietako langileak eta Justizia Administrazioaren letraduak.

Helburua hasiera batetik izan da eragile guztien artean neurri zehatzak adostea, euskararen normalizazioan aurrera egiteko; batik bat, euskaraz aurkezten diren demanden kopurua handitzeko, epaiketa zein deklarazioetan euskararen erabilera areagotzeko, eta dokumentazioan euskararen presentzia nahiz kalitatea bermatzeko.

Eusko Jaurlaritzak sustatutako egitasmoa da euskara emaileena, eta Auzia Euskaraz proiektu zabalagoaren barruan kokatzen da. Tolosan ez ezik, Gernikan eta Bergaran ere abiarazi dira antzeko proiektuak.

Elena Egiguren abokatuak hasieratik hartu du parte Tolosako bileretan, eta, bideo honetan, bere bizipen eta iritzien berri ematen digu:

 

Auzia Euskaraz lan-taldea

 

Irakurtzen jarraitu...

Auzia Euskaraz proiektua jorratzen hasi ginenetik ia 4 urte bete direnean, epaitegietan euskaraz egiteko baldintzak sortzen jarraitzen dugu. Poliki-poliki ari dira ereindakoaren fruituak bistaratzen.

Nagusiki, 3 arlotako lorpenak nabarmendu nahi ditugu:

Justizia Administrazioan diharduten eragileek eremu juridikoko edukiak euskaraz jasotzeko kanalak sortu ditugu; arlo horretan zegoen hutsunea bete ahal izan dugu proiektuaren hasiera-hasieratik. Eduki juridikoak sortu eta horien berri ematen dugu gure kanaletan (bloga, Facebook eta Twitter). Gainera, astean behin, pilula juridikoa zabaltzen dugu, eta, hilean behin, Auzia Euskaraz buletina.

Eragile juridiko euskaldunen lehenengo sareak sortu ditugu. Proiektuan parte hartzen ari diren eragileekin lanean jarraitzen dugu (abokatuak, prokuradoreak, epaitegietako langileak, epaileak, Justizia Administrazioaren letraduak…), eta, besteak beste, haien lana euskaraz egiteko baliabideak eskura jartzen dizkiegu: gidak, eToolbarra, APPa…

Euskara Emaileen Komunitateari dagokionez, tokian tokiko emaileekin martxan jarritako proiektuetan aurrerapausoak ematen jarraitzen dugu; hain zuzen ere, Bergara, Gernika, Tolosa eta Amurrioko epaitegietan. Horiez gain, aurreikusten dugu EAEko beste bi justizia jauregitan proiektu bana martxan jartzea, eragile guztien artean neurri zehatzak adostuta, urratsak egiteko prozedura judizialetan euskara normalizatzeko.

Fruituak jasotzen ari gara, eta horren lekuko dira azken urteotan erregistratutako euskarazko demanden kopuruaren eta euskaraz emandako epaien hazkundeak. Kontuan hartu eta segi aurrera!

Auzia Euskaraz lan-taldea

Irakurtzen jarraitu...

Garazi Arraibi Bizkaiko Abokatu Euskaldunen Batzordeko kideak Auzia Euskaraz blogerako idatzi duen artikulua.

abokatuak

Argazkian Endika Garai, Izarra Begoña eta Agurtzane Jimenez de Bikuña abokatuak

Abenduaren 2an euskararen eguna ospatu zen Bazkunean lehenengo aldiz. Abokatu Euskaldunen Batzordeak antolatuta, ekitaldia eta bazkaria egin ziren. Bazkuneko areto nagusian egin zen ekitaldian Abokatu Euskaldunen Batzordearen aurkezpena egitearekin batera, horrek izan duen bilakaera eta batzordekideen esperientziak ezagutzeko aukera polita izan zen. Ekimenaren helburuetako  bat Batzordea jendearengana hurbiltzea izan da.

Lehenengo mahai inguruan, Esteban Umerez aurkezle, Jaime Eliasek eta Elixabete Piñolek Batzordearen ibilbidea azaldu zuten. Jaime Eliasek Batzordearen lehenengo urteetako historia ekarri zuen gogora. 1982an sortu zenetik izan diren lorpenen artean aipatu zituen 90eko hamarkadatik komunikazio gehienak euskaraz eta gaztelaniaz egiten direla, 1994tik aurrera Praktika Juridikorako Eskola (gaur egungo masterra) euskaraz egiteko aukera dagoela eta ofiziozko txanda ere hizkuntza bietan egin daitekeela. Bestetik, Bazkunak 2000. urtean “Bai Euskarari”  ziurtagiria lortu zuela gogora ekarri zuen, baita hainbat afari-tertulia antolatu direla ere euskaraz; besteak beste,  Xabier Arzallus, Iñigo Iruin eta Juan Mari Atutxa gonbidatuta.

Batzordeak bizi izan dituen une latzak ez zituzten alde batera utzi nahi izan: intsumisoen garaian epaiketak euskara hutsean egiteko eskubidea aldarrikatzen zenekoa, adibidez.

Ondoren, Elixabete Piñolek 2008tik gaur egun arteko fasean egin diren ekintzak azaldu zituen: epaitegi elebidunen aldeko kanpaina; 2013an Batzordeak izena aldatu zuenekoa (Euskara Batzordea Abokatu Euskaldunen Batzordea izatera pasa zen) eta urte berean epaiBi-k Auzia Euskaraz proiektua abian jartzea; Abokatu Euskaldunak Bizkaiko epaitegi desberdinetara joan zirela beste abokatu euskaldunen konpromisoa lortzeko; 2014ko “Justizian euskaraz, zergatik ez?” jardunaldia; e-Toolbarra, epaiBi-k garatutako abokatuentzat euskaraz lan egiten laguntzeko tresna, bulegoz bulego instalatu izana; Abokatu Euskaldunek 111 abokaturen atxikimendua lortzea; Eskualdetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna dela eta, bi urtetik behin Europako ordezkariak euskararen egoera zein den ikustera etortzen direneko bilera eta txostenak…

Aurtengo ekimenak ere aipatu ziren, estreinakoz egin den Bizkaiko Legelarien I. Kongresuan euskara hutsean egin ziren 4 hitzaldi teknikoak eta, 2016an, lehenengoz, Bazkunean euskararen erabilera bultzatzeko trebatzaile-dinamizatzailea kontratatu izana (Txerra Rodriguez, EMUN). Hori tarteko, buletin berria argitaratuko dutela ere aurreratu zuten (“Zuzenbidea eta euskara”) eta euskara teknikoko ikastaro bat ere martxan jarri dutela abokatu zein Bazkuneko langileentzako.

Goizeko bigarren saioa, berriz, Agurtzane Jimenez de Bikuñak aurkeztu eta bertan Endika Garaik eta Izarra Begoñak euren abokatutza lanean euskararekin izan duten harremana kontatu zuten. Endika Garairen mezua argia izan zen: epaitegietan euskara erabil dezakegu. Endikak Estrasburgoko Auzitegian defendatu zuen Auzitegi Gorenean eta Konstituzionalean euskaraz egin ahal izateko eskubidea. Gero, Izarra Begoña abokatuak azaldu zuen ikasketa guztiak euskaraz egin ondoren, lan mundura sartu zenean, euskararen egoera eskasa ikusteak asko harritu zuela. Horrez gain, hainba datu ere eman ziren: 2015ean  Euskadin 29 demanda sartu ziren euskaraz, 2011n baino 25 gehiago. Bestalde, hiru epai euskara hutsean eman dira, bat 2014an Bizkaiko Probintzi Auzitegian eta beste biak Tolosako epaitegian, bata 2015ean eta bestea 2016an.

Goizeko bigarren zatian, bi lantalde egin ziren, Abokatu Euskaldunak Batzordeari eta Bazkunari zer eskatzen dioten lantzeko; eta, azkenik, Abokatu Euskaldunen Eguneko ekitaldi nagusia amaitzeko Bazkuneko abesbatzak saioa eskaini zuen. Eguna borobiltzeko, eguerdian, Abando hotelean bazkaria eta bertso saioa izan zen Sustrai Colina (Zuzenbidean lizentziaduna), Galder Bilbao (Bizkaiko abokatua) eta Andere Arriolabengoa (Arabako abokatua) bertsolariekin.

Irakurtzen jarraitu...

bilera

Tolosako barrutiko eragile juridikoekin bilera batzuk egin dituzte epaiBi-ko kideek Auzia Euskaraz proiektu barruan, euskararen erabilera handitzea helburu, neurri zehatzak adosteko.

Justizia Administrazioko hainbat eragilek osatzen dute Auzia Euskaraz egitasmoa, besteak beste, abokatu eta prokuradoreek, epaitegietako langileek, epaile eta magistratuek, Justizia Administrazioaren letradunek, fiskalek eta auzitegi medikuek. Talde horien guztien lana koordinatzeko lanetan EpaiBi ari da, Justizia Administrazioko Hizkuntza Normalizazio lantaldea.

Tolosako barrutia aukeratu dute, batetik, eskualdearen ezaugarri soziolinguistikoengatik, eta, bestetik, bertan dauden lau epaitegietatik bitan, epaile euskalduna dutelako orain.

Guztira, 26 pertsonak hartu dute parte bileretan. Horietatik 10 epaitegietako langileak dira, 5 Justizia Administrazioaren letraduak, 2 epaileak, 7 abokatuak eta 2 prokuradoreak. Esan dezakegu taldea askotarikoa izan dela, eragile juridiko guztiak izan baitira ordezkaturik.

Bilerotan hartutako erabakiei dagokienez, honako hauek zehaztu dituzte, besteak beste: zer prozedura diren errazenak osorik euskaraz ere izapidetzeko; nola jokatuko duten epaile euskaldunek deklarazio zein epaiketetan alderdiak euskaldunak direnean; eta interpretearen rola kontsulta figurarena izatea euskarazko parte-hartzeak izango diren epaiketetan, betiere partaide guztien ulermena bermatuta baldin badago.

Informazio osoa hemen

Irakurtzen jarraitu...