Berariazko trebakuntzaren arrakastarako gakoak identifikatzeko Ander Zuloaga, Donostia Unibertsitate Ospitaleko euskara teknikariak, bertako trebakuntza arrakastatsua izan dadin proposatutako egitasmoa aztertzetik abiatu ginen. Bertan, edukiak lantzeaz gain, prestaketa eta jarraipen faseak behar bezala planifikatu eta lantzea gakoa dela adierazten zuen Anderrek, emaitzak erabileran isla izatea nahi badugu behintzat. Planteamendu horretatik abiatuta, berariazko trebakuntza saioak arrakastatsuak izan daitezen, hizkuntzaren, hiztunaren eta inguruaren (hiztun komunitatea) aldetik kontuan hartu beharrekoak zeintzuk diren lantzen aritu ginen.

Hizkuntzari dagokionez, metodologian eta materialetan hutsune handia daukagula ondorioztatu genuen. Ona litzateke arlo honetan dabiltzan erakundeak (HABE, unibertsitateak, euskaltegiak…) elkarlanean aritzea material gehiago eta egokiagoa sortu eta metodologia hobetzeko, gaur egun bakoitza bere aldetik dabil eta. Kontuan hartzekoa da, halaber, berariazko trebakuntzaz ari garenean, hizkera ulergarri eta erraza erabili eta irakasteak pisu handiagoa izatea faktore garrantzitsua litzatekeela jabekuntza prozesua arrakastatsu izate aldera eta, era berean, zuzentasunari garrantzia kentzea (jariotasunaren mesedetan).

Hiztunari dagokionean, eta aurreko puntuan aipatu zuzentasunari erreferentzia eginez, akatsak egiteko eskubidea aldarrikatzea gakoa dela aipatu genuen ikasleei erabileran pausoak ematen laguntzeko eta, horrekin batera, jarrerak aldatzeko laguntza eta gertutasuna ematea, motibazioan eragitea, alegia. Ikasitakoa praktikan jartzeko guneak eskura jartzea ere garrantzitsua da norabide honetan.

Trebakuntza saioak garatzen diren inguruari dagokionez, bukatzeko, mintzagai ditugun trebakuntza saio horiek testuinguru planifikatua izatea ezinbestekoa da. Trebakuntza saioak arrakastatsuak izatea nahi badugu, ezinbestekoa da plangintza baten barruan kokatzea (honek berekin dituen helburu, epe eta arduradunak zehaztuta, besteak beste). Zentzu honetan, berebiziko garrantzia du plangintzaren jabe den erakundeak konpromisoa hartu eta eredugarri izatea.

Irakurtzen jarraitu...