Emunen etengabe ari gara euskara normalizatzeko metodologia berritzen. Horretarako berrikuntza proiektuak abiatzen ditugu; baina ez horiek bakarrik, ezagutza partekatzearekin batera metodologia berritzeko (eta hobetzeko) bestelako gune edo foro batzuk ere antolatzen baititugu. Jarraian azalduko ditugu bakoitzaren ezaugarriak eta xehetasunak.

2752099532_f037d28f8b_o

Argazkia: Flickr

Emunen, urtero, enpresa planetako metodologia hobetzeko dozena bat berrikuntza proiektu izaten ditugu, eta proiektu horietan Emuneko euskara teknikari guztiak aritzen gara.

Berritzeko premiak iturri askotatik jasotzen ditugu, baina iturri garrantzitsuena bezeroa da; izan ere, bere proiektuan dituen erronken berri emateaz gain, zerbitzua hobetzeko proposamenak ere helarazten dizkigu.

Horiei guztiei erantzuteko berrikuntza proiektuak jartzen ditugu martxan Emunen. Proiektuaren jabea bezeroarenean dabilen teknikaria izaten da, bezeroa bera ez denean. Bere ardura izaten da azkeneko produktua zein izango den bezeroarekin adostea; horretarako, oso garrantzitsua izaten da bezeroaren arazo edo erronka hori ondo ulertzea: zerk eragin duen bizi duen egoera, zein ondorio dituen…

Berrikuntza proiektua garatzeko teknikariak lantalde baten laguntza izaten du. Lantaldea beste erakunde batzuetan dabiltzan teknikariek eta proiektu arduradunek osatzen dute; normalizazio prozesuetan eskarmentua duen jendea da, eta gaian duten interesarengatik edota gaian arituak direlako parte hartzen dute. Era horretan landutako gaiak dira, adibidez: laneko mezu elektronikoen erabilera, erakunde bateko eragileen lidergoa…

Baina Emuneko berrikuntza proiektu guztiak ez dira bezero jakin bati lotutakoak, beste batzuek gure metodologiari ekarpen orokorragoa egiten baitiote. Proiektu horiek askotariko jatorriak dituzte: zaintza bidez identifikatutako nazio edo nazioarte mailako esperientziak, teknikarion iritziekin garatu beharreko metodologiak, eta abar. Era horretakoak dira, esate baterako: euskara planeko eragileen artean diren erdaldunekin nola lan egin, pertsonen motibazioan oinarritutako euskara planen diseinua…

Halaber, beste erakunde batzuekin batera ere garatzen ditugu berrikuntza proiektuak; adibidez, Soziolinguistika Klusterraren edo Kontseiluaren bidez, urtero, bi edo hiru berrikuntza proiektutan hartzen dugu parte.

Berrikuntza proiektuekin gure metodologia, gure lanerako tresnak, sortzen eta berritzen ditugu. Metodologia hori bezeroaren etxean aplikatzen dugun aldiro ikasi egiten dugu, eta esperientziatik ikasitakoa lankideen artean partekatzeko beste bitarteko batzuk ditugu: mintegiak eta praktika komunitateak.

Bien arteko alde nabarmenena iraupena da. Mintegiak gai oso zehatzen inguruko bi ordu inguruko saioak dira. Gaiak teknikariok geuk proposatzen ditugu, eta interesa dugunok elkartzen gara elkarrekin kezkak, esperientziak, jakin-minak, gomendioak… partekatzeko. Praktika komunitatean, berriz, urtean hiruzpalau saio izaten dira gai orokorrago baten inguruan; esate baterako, erakundeetan euskararen inguruko motibazioan eragiteari buruzkoa da praktika horietako bat.

Euskararen normalizazioak adar asko ditu eta kontzeptu ikaragarri konplexua da. Beraz, guretzat ezinbestekoa da gure jarduna hobetzeko eta berritzeko lan egitea; bai proiektuen bidez, eta baita bezeroari zerbitzua ematerakoan egiten den lanaren bidez ere.

Bidaltzailea:  Emuneko Berrikuntza Arloa

Irakurtzen jarraitu...

Azkue_bannerra

Maiatzaren 7an egingo da “Teknologia irakaslearen eskura” jardunaldia Euskararen Etxean, Bilbon.

Urtero bezala, Azkue Fundazioak  Jakintza Librearen Jardunaldiak egitasmoarekin lotutako topaketa antolatuko du; urtez urte askotariko gaiak landu izan ditu, eta 5. edizio honetan hezkuntza arloan jarriko du arreta.

Didaktika arloan eta dinamizazioan teknologiaren aplikazioa izango dugu hizpide, eta eskolak eskaintzerakoan hainbat esperientzia ezagutzeko aukera izango dugu. Guztira, bost ikastetxe, arlo eta etapa ezberdinei lotutako proiektuen arduradunek euren esperientzien oinarriak azalduko dizkigute; gure ingurukoak eta baita estatu mailakoak ere.

Santiago Moll (@smoll73) eta Iñaki Telleria (@itelleria) dira jardunaldiaren hizlari nagusiak; bakoitza bere alorrean eredu eta erreferente da. Santiago Mollek hasiera emango dio jardunaldiari. Bigarren hezkuntzako irakaslea da Ciutadellan, Menorcan, eta bere esperientzia eta saiakerak dokumentatu, informazioa eta ezagutza partekatu, eta arlo digitalean lanari etekin handiagoa ateratzeko, 2013an Justificaturespuesta bloga sortu zuen. Arrakasta handia izan du hezkuntza arloan, eta errekonozimendua emateaz gain, 2014an bloga Bitácora sarietan finalista izan zen, eta aurten Educa.net lehiaketan irabazle izan da.

Iñaki Telleria ikastetxeetako kudeaketa aplikazioen dinamizatzailea da Tknikan, Lanbide Heziketarako Berrikuntza Zentroan, eta IKT koordinatzailea ere bai. Tknikan irakaskuntzako gaitasun digitalen inguruko lan handia egiten dute, eta euren ekarpenak kontatuko dizkigu.

Jardunaldiaren formatua praktikoa izango da: hitzaldi nagusiez gain, ikasketa mailaren araberako hiru lan-talde osatuko dira eta, horrela, gai zehatzen inguruan sakonago lantzeko aukera izango dugu. Jardunaldia partekatze, elkartruke eta hausnarketarako gunea bilakatzea da helburua: askotariko esperientzien bidez zalantzak argitzea, eztabaidatzea, ideiak hartzea, lankidetzarako bideak elkarrekin topatzea, profesionalek elkar ezagutzea, eta abar. Emuneko hainbat aholkularik ere lan-taldeetan parte hartuko du, dinamizazio lanetan lagunduz.

Teknologia, edukien barneratze eta ulertze prozesuan beste osagai bat da eta dinamika, metodoan erabiltzeak onurak eskaintzen ditu. Gainera, baliabideak, tresnak, erremintak… euskaraz ere erabil ditzakegu, eta horixe bera indartu nahi dugu egun horretan. Beraz, irakaskuntza arloan gaitasun digitalen eskuratzeaz, lanketaz, aplikazioaz eta zabalkundeaz jarduteko aukera paregabea izango dugu maiatzaren 7an.

Egitarau osoa hemen ikus dezakezu. Oraindik izena emateko garaiz zabiltza.

Irakurtzen jarraitu...

Euskal Herriko Unibertsitateak Gizarte berrikuntzaren II. europar eskola antolatu zuen uztailean Donostiako Udako Ikastaroen barruan.

Europar eskolak hiru xede izan ditu:

1. Gizarte Berrikuntza nola ulertu daitekeen aztertzea.

2. Gizarte Berrikuntza neurtzeko eredu desberdinen arteko eztabaida.

3. Gizarte Berrikuntzak praktikan nola funtzionatzen duen eta beste gizarte inguru batzuetan nola aplikatu daitekeen hausnartzea.

Emunetik hiru hizkuntza teknikarik hartu zuten parte ikastaroan: Olatz Olaso, Gurutze Mendizabal eta Eider Alustizak.

Bideo honetan ikastaroan jasotako ideia nagusien bilduma laburra eskainiko digu Olatz Olasok.

 

Berrikuntza Soziala EHU from Emun_hizkuntzak on Vimeo.

Irakurtzen jarraitu...

Soziolinguistikaren inguruko ezagutza lantzeko egin genuen mintegian landutako laugarren eta azken hitzaldia Pako Aristirena izan zen. Lehena Jon Sarasuarena izan zen, bigarrena Lorea Agirrerenaeta hirugarrena Kike Amonarrizena.

Pako Aristi hitzaldia from Goiena Komunikazio Taldea on Vimeo.

Irakurtzen jarraitu...

Berrikuntza da Emunen balioetariko bat, eta hori kontuan hartuta antolatzen ditugu gure proiektuak. Langileon %90ek hartzen dugu parte proiektu horietan, eta era horretan lortzen dugu gure produktu eta zerbitzuak hobetzea edota produktu berriak sortzea

Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza prozesua zehaztuta daukagu Emunen eta garatzen ari gara. UNE 166002 arauan eta prozesukako kudeaketan oinarrituta antolatzen dugu prozesu hau, eta honen helburu nagusia ditugun produktuak eta zerbitzuak hobetzea eta berriak sortzea da.

Pertsonak dira prozesu honen protagonista, eta pertsonen sortzeko, berritzeko eta finkatzeko gaitasunean oinarrituta dago prozesua. Horrela bakarrik lortu daiteke erakunde edo talde mailako berrikuntza.

Irakurtzen jarraitu...