Salmenten %90 baino gehiago esportaziora bideratzen du DANOBATGROUPek; eta, bezeroak ez ezik, hornitzaileak, ordezkaritzak, banatzaileak, produkzio fabrikak… ditu atzerrian. Horiekin guztiekin izaten dituen komunikazioetan hainbat hizkuntza baliatzen ditu, baina ingelesa da nagusi. Halere, gertuago ere beste hainbatekin komunikatu behar izaten du; hala nola, hornitzaileak, ikastetxeak, administrazioa… eta, nola ez, kooperatibetako bazkideak. Beraz, euskarak ere izan dezake eta izaten du lekurik.

Horren harira, Mondragonen kooperatibetako euskara koordinatzaile eta batzordekideentzat antolatutako saioan Idoia Bustinduy komunikazio arduradunak azaldutakoak jaso ditugu hemen.

SONY DSC

Argazkia: AZK

Elementu batzuetarako hizkuntza irizpideak daude finkatuta; beste batzuetarako, berriz, ez dago irizpiderik, baina hizkuntza ohiturak euskararen presentzia finkatu du. Hona hemen, labur-labur, komunikazio elementu bakoitzean nola jokatzen den:

Kasu gehienetan, eduki bera egoten da euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan:

  • Bi hizkuntzatan –euskaraz eta gaztelaniaz, euskara lehenetsiz–: barne jakinarazpenak, bilera deialdiak, lan eskaintzak, seinaleak eta errotuluak, txosten eta aurkezpen ereduak, bisitarientzako DANOBATGROUPen aurkezpen bideoa, BIEMH erakustazoketako informazioa eta gonbidapenak
  • Hiru hizkuntzatan –euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez–: prentsa oharrak eta, ondorioz, ohar horien txioak.
  • Sei hizkuntzatan –euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, alemanez, txineraz eta errusieraz–: webgunea.

Beste kasuren batean euskarazko eta gaztelaniazko edukiak tartekatzen dira, baina informazio bera eman gabe:

  • Adibidez, Batzar Nagusian. Dena den, aipatu behar da, Danobat eta Soralucen aldi bereko itzulpena baliatzen dela; horri esker, azken urteetan euskararen presentzia gaztelaniarena baino handiagoa izan da.
  • Prentsaurrekoak ez dira egunero izaten, eta halakoetan ere euskara eta gaztelania tartekatzen dira, eta, ahal dela, informazioa errepikatu gabe.

Euskara hutsezko praktikak ez dira hain ohikoak:

  • Duen zabalkundearengatik edo irudian duen eraginarengatik bat nabarmentzekotan, hormako nahiz mahai gaineko egutegiak aipatuko genituzke, bazkide guztiei banatzeaz gain, bisitariei-eta banatzen baitzaizkie.
  • Barrura begirako hainbat errotulu ere euskara hutsez jartzen dira kooperatiba batzuetan: kafe-makinakoak, gaztelaniaz eta euskaraz antzeko grafia duten errotuluak…

Bukatzeko, badira praktika batzuk non euskaldunei euskaraz eta erdaldunei gaztelaniaz (edo bi hizkuntzatan) egiten zaien:

  • Horren adibide, hainbat kooperatibatan bazkideentzat hitzaldi informatiboak antolatzen direnean, taldekatzeak hizkuntzaren arabera egiten dira; horri esker, gero eta euskaldun gehiagok euskara hutsez jasotzen dituzte azalpenak.
  • Bazkide guztientzako prestakuntza saio orokorretan ere izan da hizkuntzaren araberako taldekatze esperientziaren bat; heziketa kooperatiboaren saioak, kasu.
  • Azkenik, Soralucek barne komunikazioetarako bi kanalen estrategia jarraitzen du; hau da, euskaldunekin euskara hutsez izaten da harremana, eta erdaldunekin bi hizkuntzatan.
Irakurtzen jarraitu...