Herri indigena desberdinak ezagutu eta elkarren esperientziak elkartrukatzeko aukera eskaini digu Fagor Taldearen aurtengo topaketak.

Eskoriatzako Apotzan elkartutako 30 lagunok gaur arte gehienontzat behintzat ezezagun ziren herri maia, nasa eta nahuatl-a ezagutzeko aukera izan dugu. Baita beraiekin gure herriaren esperientzia, labur bada ere, elkarbanatzekoa.

Alba Velasquez maia caqchikela, Rolando Ascue nasa eta Gabriel Vazquez Chavez nahuatl-a Oiher Arantzeta Fagorreko langile soraluzearraren alboan eseri eta entzun ditugu, banaka-banaka, bakoitzak kontatzeko zituenak. Denak ere Txema Abarrategi, Garabideko dinamizatzailearen gidaritzapean eta bere galderei tiraka.

Izan da berriketarako astia, baita kanturakoa ere. Gertuan beti baitugu bertsolari, abeslari eta gitarrajoleren bat edo beste gurean.

Maia Caqchikel herria, Albaren ahotik

Alba Velasquez eskola bateko zuzendaria da egun. Ez ditu ahazteko, baina, horra iristeko bidea erraztu dioten bi pertsonak. Amak hizkuntza eman ziola kontatu digu eta aitak, berriz, hezkuntza edo hezkuntzarako sarbidea eta grina.

Motzean bada ere, ahalegindu da azaltzen Guatemalan gerra zibilak utzitako miseriak. Gatazka armatuak edota Guatemalaren independentziak berak indigenengan eragindako gutxiespen eta mespretxuak izan ditu hizpide, nolabait azaldu nahian horrek guztiak eragin duen beldurra. Bizitakoak bizita, nork esan altuan “ni indigena naiz” edo hitz egin nork bere hizkuntzan.

Hori horrela, baina, badihardute. Garabide elkarteari esker, gainera, orain 5 urte elkar ezagutzen ez zuten lau eskola elkarlanean hasi ziren, kultura eta hizkuntzaren biziberritzea oinarri. Esker hitzak baino ez ditu, beraz, Albak,  Garabide elkarteko kideentzako.

Bukatzeko, baina, pareko Fagor Taldeko langileentzako hitzak ere izan ditu eta halaxe zuzendu zaie: “Barkatuko didazue baina zuek izugarrizko erantzukizuna daukazue. Zuek hemen egiten duzuen lanak balio izugarria dauka. Ez hemen bakarrik, baita guretzako ere. Zuek gure aurretik zoazte, eta segi mesedez, segi egiten duzuen horretan, kooperatiboki, segi lanean. Zuek egiten diharduzuen bidea egingo dugu guk gero”.

Irakurtzen jarraitu...