LATZ DanobatGroup taldeko kooperatiba da eta Andoainen kokatuta dago. Gaur egun, 33 langile ari gara bertan lanean eta barautsak egiten ditugu nagusiki. LATZen beti izan dugu euskararekiko konpromiso sendoa; kooperatiba sortu zenean estatutuetan jaso genuen euskara gaztelaniarekin batera kooperatibako hizkuntza ofiziala izango zela eta euskara finkatzeko beharrezko neurriak hartuko zirela. Norabide horretan lan ugari egin dugu, eta 2005ean Euskara Plana martxan jartzea erabaki genuen, euskara enpresako esparru guztietara zabaltzeko eta lan hizkuntza bihurtzeko helburuarekin. Plana martxan jarri genuenetik asko izan dira emandako urratsak, eta urrats horien artean aipagarria iruditzen zaigu planoak euskara hutsez egiten hasteko eman dugun pausoa.

Aurkezpena1

Argazkian LATZeko langile bat euskara hutsez sortutako plano bat eskuetan duela

2013. urte inguruan erabaki genuen planoak euskara hutsez egiten hastea eta, gaur egun, enpresan erabiltzen ditugun planoen %90 inguru euskara hutsez daude. Hasieran, planoetan gaztelaniarekin antzekotasuna zuten hitzak euskara hutsez idazten hasi ginen, eta ulertzeko zailagoak izan zitezkeela uste genuen hitzak, berriz, euskaraz eta gaztelaniaz. Poliki-poliki, langileak ohituz joan dira planoetan euskarazko terminologia ikusten eta, hori aprobetxatuz, planoak euskara hutsez egiteari ekin diogu.

Langileen artean harrera ona izan du ekimenak, ez dugu kexarik jaso eta eguneroko lanean ez digu inolako eragozpenik sortu. Naturaltasunez erabiltzen dira euskara hutsezko planoak tailerrean eta euskara LATZeko lan hizkuntza izateko bidean mugarri garrantzitsua izan dela uste dugu.

Gure helburua da tailerreko langileek jasotzen dituzten lan dokumentu nagusiak euskaraz egotea; horretarako, 2015ean, langileek planoekin batera jasotzen dituzten ibilbide orria, lan operazioen orria eta lan bonoen orria ere euskara hutsez sortzen hasiko gara. Horrekin guztiarekin tailerreko langileek erabiltzen duten lan dokumentazio nagusia euskara hutsez egotea lortuko dugu.

Aurrerapauso garrantzitsua delakoan gaude eta, bitartekoak jarriz gero, uste dugu posible dela hainbat lan dokumentu euskara hutsez sortzea eta erabiltzea, baita langile guztiak euskaldunak ez diren enpresetan ere. Horretarako, guk beldurrak alde batera utzi ditugu eta euskara hutsez sortutako lan agiriak ulertzeko bitartekoak jarri dizkiegu erdaldunei.

Bidaltzailea:  Mikel Lazkano (LATZeko euskara koordinatzailea)

Irakurtzen jarraitu...

Badira urte batzuk DANOBATGROUP kooperatiba taldeko enpresek euskara planak dituztela martxan, eta plan horietatik sortutako lanak argitaratu eta jende guztiaren eskura jartzen dituzte. Lan horien artean, aurten, berrituta eta osatuta aurkezten du makina erreminta arloko irudiak zein hitzak euskaraz kontsultatzeko aukera ematen duen hiztegia.

L1210168 (2)

Hiztegi honek, batetik, gaztelaniatik euskarara eta euskaratik gaztelaniara kontsulta teknikoak egiteko aukera eskaintzen du. Bestetik, DANOBATGROUPen diseinatzen eta ekoizten diren hainbat makinaren irudiak ere agertzen dira, eta irudi horietan hiztegiko hitzak ikus daitezke. Horrez gain, nahi duen guztiak proposamenak egiteko aukera izango du; adibidez, hitzen bat ez badu aurkitu.

Ondorengo URLan dago denentzat eskuragarri http://hiztegia.danobatgroup.com/ eta, bertan sartutakoan, paperean argitaratzeko aukera izango du.

Artezteko makina, tornu, ebaketa eta zulaketako makina, xafla transformaziorako teknologia, eta fresatzeko makinetako terminoekin osatu da batez ere. Baina, termino horiez gain, beste hainbat ere jaso dira: artezketa prozesua definitzeko erabiltzen diren hainbat hitz, Danobat kooperatibak argitaratutako Tailerreko Eskuliburu Teknikokoak, Ideko kooperatibak lantzen diharduen osasungintza, aeronautika eta trenen sektoreko hitzak…

Etengabe lantzen ari den hiztegia da eta, noizean behin, eguneratu egingo da taldeko beste kooperatiba batzuetako terminoekin eta eguneroko lanean erabiltzen diren bestelako hitzekin.

Irakurtzen jarraitu...