Azken asteetan, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideen dekretuaren betetze-maila aztertu du Eusko Jaurlaritzak, alde batetik, eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, bestetik.

Aurkezpena1

Kontseiluak egindako azterketan, besteak beste, Pesa eta Dbus garraio enpresak aipatzen dira, eta azterketa horren arabera, biek ere bete egiten dute txartel fisikoak eta elektronikoak euskaraz emateko eginbeharra.

Txartel fisikoei dagokionez, bi enpresa horien kasuan 2011. urtean egindako azterketak erakutsi zituen emaitza onak errepikatu dira oraingoan ere. Txartel fisikoak behar bezala daude, euskara gutxienez gaztelaniaren maila berean, eta dataren formatua bera ere euskaraz dago, hau da, uuuu/hh/ee hurrenkeran.

Txartel elektronikoei erreparatuz gero, bi enpresen kasuan txartelak erosteko prozesua euskaraz egiteko aukera eskaintzen da eta, gero, aukera hori, beste kasu batzuetan ez bezala, erreal bilakatzen da.

Laburbilduz, eta jasotako frogak aztertu ondoren, bi enpresa horiek txartel fisikoen zein elektronikoen kasuan 123/2008 Dekretuak gaiari buruz esaten duena betetzen dutela ondorioztatzen da. 2011. urtean egindako azterketaren emaitza errepikatu den heinean, argi dago bi enpresa horiek euren bezeroen eskubideak bermatzen jarraitzen dutela.

Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera, eta sektore pribatuari dagokionez, dekretuaren betetze-maila apala da, batez beste %22koa.

Halere, alde handiak daude sektore batzuetatik besteetara; batez besteko horretatik gora azaltzen dira finantza-erakundeak, %50eko betetze-mailarekin, merkataritza-kate handiak (%35,3) eta garraioak (%25,5). Batez bestekotik behera daude, aldiz, posta eta komunikazioa (%16,7), energia (%7,1), merkataritza oro har (%6,3; merkataritza-guneetan %3 eta hipermerkatu eta supermerkatuetan %1) eta etxebizitza (%2,4).

Eusko Jaurlaritzak egindako azterketa kualitatiboaren arabera, bezeroaren eskaera da sektore pribatuan eragin handiena duen faktorea.

Irakurtzen jarraitu...