Euskararen erabilera indartzeko asmoz, eta herriko taldeekin, eragileekin eta herritarrekin elkarlanean, gaur egungo egoera aztertu eta euskara plan berria osatzeari ekin dio Ordiziako Udalak. Guk Ordiziako Udaleko Imanol Iturriotz euskara zinegotzia eta Izaskun Zubitur euskara teknikaria elkarrizketatu ditugu xehetasun gehiago jakin nahian.

P1010255

1) Zein da euskararen egoera Ordizian?

Azken hogeita bost urteetako bilakaera aztertzen badugu, euskararen ezagutzak eta erabilerak gora egin dute; horrela, 2011n euskaraz dakitenak %57,2 dira eta euskararen kaleko erabilera %39 da. Belaunaldi gazteenetan du presentzia handiena euskarak, eta hori datu positiboa da. Hala ere, euskararen hazkunde horrek geldialdi bat izan du azken urteetan, batez ere ezagutzan eta etxeko erabileran. Beste alde batetik, euskara eta gaztelania ez diren beste hizkuntza batzuek ere bere txokoa egin dute Ordiziako egoera soziolinguistikoan. Ordiziarrek euskararen aldeko jarrera badute, baina, aldi berean, askori zail egiten zaio gaztelaniaz hitz egiteko duen ohitura aldatzea.

2) Zein dira herriak dituen indargune eta ahulezia nagusiak?

Esan dezakegu zaila dela inertzia apurtzea; asko aurreratu den arren, oraindik zerbitzuen sektorean gaztelaniari lehentasuna ematen zaio, eta sektore horretan eragitea nahiko zaila da. Beste alde batetik, umeen eta gazteen aisialdi eskaintza gehiena euskaraz bada ere, gaztelerazko eskaintzak ere nahiko zabala izaten jarraitzen du. Euskararen kalitateari dagokionez, gure partaidetza prozesuan jaso ditugun ekarpenen arabera, gazteek, euren arteko elkarrizketetan askotan nahasten dituzte bi hizkuntzak, euskara soilik era freskoan erabili beharrean.

Hala ere, Ordiziak euskararen erabilera indartzeko azpiegitura sendoa du: elkarte, talde eta eragile ugari ditu herriak eta, oro har, euskararen aldeko jarrera dute guztiek, eta batzuen inplikazioa eta ahalegina handia da. Horrekin batera, euskara modu naturalean erabiltzen duten talde eta norbanako ugari dago herrian, eta erreferente dira; bukatzeko, azpimarratu nahi genuke euskara ikasteko eta erabiltzeko baliabide ugari eskaintzen dituela Ordiziak.

Irakurtzen jarraitu...

“Otxandioko Euskaldunon Amaraune” Otxandioko Udal Euskara Batzordearen ekimenez sortutako ekimena da. Euskaltzale diren herritarrez osatutako sarea. Euskaltzalea izatea da Amaraunean parte hartzeko dagoen baldintza bakarra eta dagoeneko ehunetik gora otxandioar batzen ditu. Etorkizunean izan lezakeen arren, sareak ez dauka oraingoz egitura propiorik. Instituzio baten ekimenez eta beronen baitan gorpuzten ari den herritarren sarea da, udalaren euskalgintzako jardunaren oinarri bihurtu dena.

Irakurtzen jarraitu...