Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan Egin salto! interbentzioa egin da. Interbentzio horren helburua da, bikoteak abiapuntu gisa hartuta, maila desberdinetako euskara ezagutza duten pertsonek dakiten euskara hori erabiltzeko saltoa ematea; eta Emunek salto hori emateko behar duten prestakuntza eskaintzen die.

Ana Altuna eta Edu Sanchez Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Informazio Sistemak Saileko langileak dira eta euskara ikasten ari dira. Euskara eskola amaitu dutenean tartetxo bat hartu dugu eurekin hitz egiteko.

Egin_salto_MGEP

Badira urte batzuk euskara ikasten hasi zinetela, orain ondo moldatzen zarete, erabilerara salto egin duzue?

Ana: urte asko dira, ia bizitza osoa daramat euskara ikasten, 18 urterekin hasi nintzen, institutuan, baina, urtero hasieratik hastea izan da. Ez genuen aurreratzen, saioak boluntarioak ziren, klasetik kanpo… Beste aldetik, beti lotsa handia izan dut euskara ez jakiteagatik eta horrek ez dit lagundu. Orain lotsa gutxiago sentitzen dut, adinak eragin handia dauka, eta noizean behin ausartzen naiz euskaraz hitz egitera.

Edu: aurretik zerbait egin dut, baina, aurten oso ondo nabil. Lehen ez nintzen ezer esateko gai eta orain ez naiz arraro sentitzen euskaraz egiten dudanean.

Ikasturte hasieran zuen departamentuko lankide bat zuekin euskaraz egiten hasi zen. Esan dezakegu bakoitzak laguntzaile-tutore bat duzuela, zuen ikasketa prozesuan zer eragin izan du honek?

Ana: nik pentsatzen dut laguntza garrantzitsua dela, eta bermatzen duela egunero zerbait euskaraz hitz egitea. Batzuetan presio bat gehiago dela ere sentitzen dut. Edozein modutan, eskertzekoa da nire tutorearen laguntza, nahiz eta batzuetan oso azkar egiten duen euskaraz.

Edu: nire tutorearen jarrera oso ona da, aspalditik ezagutzen dugu elkar, eta hizkuntza-ohitura aldatu behar izan dugu.

Horrelako interbentzio batek erabilerara salto egiten laguntzeko balio du zuen ustez?

Ana: oso baliagarria da, erabilerara salto egiten laguntzen du. Orain espazio bat daukat euskaraz eroso sentitzen naizena. Hala ere, batzuetan laneko gauzei buruz gaztelaniaz egiten dut.

Edu: interbentzio honi esker bermatuta daukat egunero zerbait euskaraz egingo dudala. Motibatuago nago pauso bat aurrera egin dudalako eta esparru bat gehiago dudalako euskara praktikatzeko. Euskaraz egiteko mugak ditudala sentitzen dut eta oso baliagarria izan da lehenengo pertsona batekin egiten hastea, espazio bat ireki dugu. Gainerako lankideekin bi edo hiru hitz egiten ditut euskaraz.

Gomendioren bat emango diezue euskara ikasten ari direnei?

Ana: niretzat garrantzitsuena da lotsa galtzea, baina ez dakit hori nola lortzen den. Nire kasuan urteek eragin handia izan dutela uste dut. Lasaitasunak ere bere garrantzia dauka, onartu beharra daukazu euskaraz ezin dugula hitz egin gaztelaniaz bezain azkar, euskaraz zerbait esateko denbora pixka bat gehiago behar duzula. Eta euskara ikasi nahi baduzu, euskaraz hitz egin behar duzu, ez dago beste modurik.

Edu: euskaraz hitz egitea. Euskara praktikatzeko espazioak sortzea. Pauso hori ematea beharrezkoa da. Euskara Euskaltegian bakarrik ezin da ikasi, helburua ulertzea bada bai, baina, bestela ez.

Larraitz Madinabeitia Emuneko Euskara Formazioko lankidea da bikote honen euskara irakaslea da. Berak ere azpimarratu du euskara maila batetik aurrera eskolaz kanpoko orduek duten garrantzia. Helduen Euskalduntzearen mailari dagokionez, ikasle hauek “erabiltzaile independenteak” dira. Euskara-eskoletan ikasten eta simulatzen ari direnaz gain, ikas prozesua behar bezala joan dadin, ezinbestekoa da eguneroko komunikazio-egoera errealetan euskara erabiltzea. Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculum berrian ere  oso argi irakur dezakegu maila hauetan euskaltegiko irakastorduak adina ordu erabili behar dituela ikasleak bakarlanean eta erabilera askean.

Irakurtzen jarraitu...

Joan zen urriaren 7an, IMHk antolatzen duen 30+10 mintegian, Edurne Gonzalezek Emunek diseinatutako Egin salto! hizkuntza portaeretan eragiteko metodologia aurkeztu zuen lehendabizikoz.

Egin salto! hiru hilabeteko iraupena duen interbentzioa da, eta enpresako/udaleko/lagun-taldeko/bikoteko euskararen erabileran aurrerapauso nabarmena lortzeko diseinatu da.

Interbentzioaren helburua da, bikoteak abiapuntu gisa hartuta, maila desberdinekotako euskara ezagutza duten pertsonek dakiten euskara hori erabiltzeko saltoa ematea; eta Emunek salto hori emateko behar duten prestakuntza eskaintzen die. Abiapuntua bikotea izan arren, interbentzioaren eragina bikoteetatik haratago zabaltzen da, eta erakunde osoan eragiten du.

Orain arte, euskaraz ondo moldatzen ez zirenei hizkuntza trebakuntza eman izan zaie. Interbentzio honek, kontrara, hizkuntza trebakuntza baino, hizkuntza ohiturak aldatzeko trebakuntza psikolinguistikoa hobetsi du, eta euskaldunek lehen mailako eginkizunak eta lanak hartzen dituzte. Euskaldunak dira akuilu, eredu eta motor.

Interbentzio hori hainbat erakundetan egin da, hala nola, Hazi, IK4-TEKNIKER edo Tolosako Udaltzainetan; eta, beste erakunde hauetan ere abian jartzekoak dira: Sopelako Udalean, Clece-Zaintzen-en eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan.

Interbentzio martxan jartzen lehenengok Hazikoak izan ziren; bideo honetan Haziko Publizitate eta Diseinuko arduraduna den Amaia Asuak bere esperientzia kontatzen du:

Irakurtzen jarraitu...